Herritarren erabakitzeko arrazoiak bildu nahi ditu, Gure Esku Dagok, larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2018ko apirilaren 19a

'Zergatik erabaki?' saioa antolatu dute Tolosan, datorren ekainaren 10eko Herritarren Ituna osatzeko; giza katerako izen-ematea lehenbailehen egitera deitu dituzte herritarrak.

Donostia, Bilbo eta Gasteiz elkartuko digu, giza kate batek, datorren ekainaren 10ean. Gure Esku Dago ekimenak deituriko mobilizazio nazionala izango da, Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua indartu, eta erakundeen agenda politikoetan gaia txertatzeko. Horretarako, Herritarron Ituna aurkeztuko dute ekaineko giza katean, eta Tolosaldeko herritarren ekarpenak ere bildu nahi dituzte, edukiz betetzeko. 

Bide horretan, Zertarako erabaki hitzordua prestatu du Tolosaldeko Gure Esku Dagok, "etorkizuneko gizarte ereduaren inguruko eztabaida sortu", eta ahalik eta jende gehienaren erabakitzeko arrazoiak biltzeko. Larunbatean, apirilaren 21ean, 10:00etatik 13:00era izango da saioa, eta aurrez izena eman beharko dute eztabaidan parte hartu nahi dutenek, honako formularioa betez:

https://docs.google.com/forms/d/e/1FAIpQLSdwCUx7CHTOFRT_Qx2sraWmABhg2x3f6UuCv46Xz_LRrOHxHA/viewform

Giza katean izena ematea

Iritzia eman eta eztabaidatzearekin batera, ekainaren 10eko Eman eskua etorkizunari giza katean parte hartzeko izen-ematea ere zabalik da jada. Areago, Gure Esku Dagok eskaera zuzena egin die, parte hartu nahiko luketen herritarrei: lehenbailehen izena emateko, antolakuntza lanak azkartu eta parte hartzaileen lekua ziurtatzeko. Herritarrek bi bide izango dituzte horretarako: batetik, herrietako taldeen bitartez egin lezakete izen-ematea eta, bestetik, internet bidez ere bai, https://gizakatea.gureeskudago.eus atarian. Bost euro ordaindu beharko da, eta zapia jasoko du parte-hartzaile bakoitzak.

Aurreikuspenen arabera, hiru hiriburuak elkartzeko, gutxienez, 100.000 pertsona beharko dira, eta zapien bitartez elkartuko dira. Horrela, Tolosaldetik 4.500 herritarren parte hartzea beharko du hitzorduak, eskualdeari dagozkion 9 kilometroak betetzeko.

 

 

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!