36ko gerran eraildako tolosar baten gorpuzkiak hilobiratu dituzte

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 18a, 17:47
Argazkiak: Barren.eus

Tolosako herritarra zen Miguel Vargas Arnaizen gorpuzkiak hobiratu dituzte Elgoibarren. Rabanera del Pinar (Burgos) udalerrian erail zuten, 1936an. Besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak hartu zuten parte ekitaldian.

Aranzadik 2009. urtean atera zituen hobitik Vargasen gorpuzkiak, Burgoseko Memoria Historikoarekin elkartearen eskariz. Hipotesi bat zuten orduan: Rabanera del Pinar herriko bizilagunek gogoan zuten non egon zitezkeen lurperatuta 36ko Gerran eraildako zenbait pertsonen gorpuzkiak. Bost laguneko talde baten bila aritu ziren, baina topatu zituzten gorpuzkiak ez ziren bila ari zirenenak. Bilaketa eten egin zen orduan. 

Paco Etxeberriak TOLOSALDEKO ATARIAri jakinarazi dionez, beste hipotesi bati heldu zioten orduan: "Gerran desagertutakoen senideen lagin gehiago bildu ahala, konturatu ginen lagin horietako bat, Tolosa inguruko familia batena, bat zetorrela Rabanera del Pinarren topatutako gorpuzkietako baten DNArekin, Miguel Vargasenarekin, hain zuzen. Familiak, gainera, beren aitona Burgos aldean desagertu zela zehaztu zuen. Hipotesi horri heldu genion, eta baieztatzea lortu ere bai", dio Aranzadiko auzi-medikuak.

Gerran hildakoak identifikatzeko DNA programa abian jarri denetik identifikatu den lehen pertsona izan da Vargas. Familiak urteak zeramatzan bere bila.

Urte luzez Tolosan bizitakoa

Miguel Vargas Burgosekoa zen jaiotzaz, baina Tolosa izan zuen bizileku urte luzez. Irakasle izan zen, eta Sorian Guardia Zibila ere bai. Erretiroa hartu ostean, Tolosako enpresa batean zaintza lanak egiten aritu zen. Gerra hasi aurretik, bere sorterrira itzuli zen, San Millan de Larara (Burgos, Espainia), han bertan zituen lursailak galduko ote zituen beldurrez. Han zela, 1936ko irailaren 23an atxilotu zuten eta, egun gutxira, irailaren 27an, fusilatu zuten. Errepublikanoa zen.

Gorpuzkiak, Elgoibarren

Atzo Elgoibarren egin zuten ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jonan Fernández Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak Miguel Vargasen gorpuzkiak eman zizkieten bi senideri, eta ondoren, bertako Duintasunaren Kolunbarioan hilobiratu zituzten. Aintzane Ezenarro, Gogora Institutuko zuzendaria ere bertan izan izen.

Gerra Zibilean desagertu ziren eta identifikatzerik izan ez diren pertsonen gorpuzkiak, edo identifikatuta dauden arren, senitartekoek bertan hilobiratzea erabaki duten pertsonak daude Elgoibarko hilerrian dagoen Duintasunaren Kolunbarioan lurperatuta.

2017ko urtarrilaren 30ean inauguratu zuten, eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako lehena izan zen. Uneotan 52 lagunen gorpuzkiak daude bertan hobiratuta.

[Atzoko ekitaldiko argazki gehiago eta kronika, Barren.eus-en]

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!