Txapela kentzekoak

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko api. 18a, 08:00

160 urte bete ditu Boinas Eloseguik, eta lantegiaren eta sortzailearen historia liburu batean bildu dute, Paco Lizarralde eta Joseba Urretabizkaia tolosarrek

Ohi baino txapel eta txapeldun gehiago ikus zitezkeen, joan den ostiralean, Tolosako udaletxeko pleno aretoan. Hitzorduak merezi zuen hainbeste, eta hala berretsi zuen aretoan elkartutako eta kanpoan geratutako jendetzak. Tolosako Boinas Elosegui enpresak 160 urte bete ditu, eta Paco Lizarralde eta Joseba Urretabizkaia tolosarrek liburu bat argitaratu dute, efemeride dirdiratsuaren harira.

Udaletxera sartzerako, ahoz gora irakurritako historia zatiek harrera egin zieten herritarrei, eskaileretan gora, eta ordezkari politikoek, egileek, langile eta langile ohien nahiz senideek bat egin zuten, liburu berriaren aurkezpenean.

Olatz Peon alkateak hartu zuen hitza, Boinas Eloseguiren «tradizioa, baina mundura begiratzeko gaitasuna» azpimarratuz: «Boinas Elosegui gure sinbologiari oso lotuta egon izan da beti, txapelaren bitartez, eta hala egoten jarraitzen du».

Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatuak, berriz, Boinas Eloseguiren industria izaera azpimarratu nahi izan zuen, eta baita txapelaren garrantzia berretsi ere: «Gauza gutxi egongo dira, txapela baino euskaldunagoak».

ARRASTOA UTZI ZUEN ENPRESARIA

«Ez da erraza lantegi batek hainbeste urteri, garairi eta aldaketari bizirautea eta, hori, lanaren erakusle da», azpimarratu zuen Paco Lizarralde liburuaren idazleak. Boinas Elosegui enbaxadore izan dela ere gehitu zuen, eta ez soilik Tolosakoa: «Baita Gipuzkoako eta Euskal Herriko enbaxadore ere».

Dena den, liburua nahiz eta lantegiaren urteurrenaren aitzakian sortu, Lizarralderen lana enpresaren sortzaileari omenaldi bat da: «Euskal Herria ezin da ulertu txapelik gabe, eta Europako herrialde askok txapelarekin lotzen dute Euskal Herria. Hori, hein handi batean, Antonio Elosegiri esker gertatu da».

Enpresari nabarmena izan zen, Lizarralderen ustez; «Euskal Herriko onenetarikoa». Besteak beste, gau eskola bat sortu zuen langileentzat; irabazi ekonomikoen %25 langileentzako gordetzen zuen; langile bakoitzari 25 zentimo bideratzen zizkion, gizarte segurantza propio batera; eta berak ordaintzen zituen langileen sendagile eta antzeko zerbitzuak.

Gizon katoliko eta fededuna izanagatik, Antonio Elosegi aurrerakoia izan zen bere garairako, eta hainbat titulu eta kargu eskaini zizkioten; Leon XIII.a aita santuak, esaterako, enpresari eredugarritzat aurkeztu zuen. Elosegik, ordea, uko egin zien eskainitako ia titulu guztiei, biri izan ezik: Tolosako alkate karguari (1867-1968) eta foru diputatu karguari.

Horrela, «bere heriotza oso albiste garrantzitsua» izan zela azpimarratu zuen Lizarraldek eta, horren erakusgarri, bere izena jarri ziotela herriko kale bati; gaur egungo Korreo kaleari.

Urterik loriatsuenetan, Boinas Elosegui lantegia egunean 3.000 txapel ekoiztera iritsi zen, 280 langilerekin, eta, gaur egun ekoizpena asko murriztu duten arren, aspaldiko teknika berbera baliatzen dute, egunero, pieza bakarreko txapela tolosarrak ekoizteko.

BIOGRAFIA ASKOREN ATERPE

Boinas Elosegui enpresa bat baino askoz ere gehiago izan da, tolosar askorentzat. Hala azaldu zuten, behinik behin, Pili Larrauri eta Kote Prados langileek.

Boinas Eloseguik «historia egin» duela azaldu zuen Pili Larraurik, eta historia hori ezin dela ulertu, emakumerik gabe: «Historia egingo zutela pentsatu ez zuten emakumeak hasi ziren lanean, emakume indartsuak. Gero, emakume lehiakor eta alaien belaunaldia iritsi zen, eta ulertu zuten, bateragarria zela lan egitea eta ondo pasatzea. Belaunaldi truke haietatik sortutako sareak bizirik daude oraindik, eta emakume horien guztien lana errealitate bat da. Boinas Eloseguik urrezko letraz josia darama emakume hitza».

Kote Pradosek, berriz, bere bizitzaren historiaren bidetik bizi izan du, lantegiarena: «Aita 14 urterekin hasi zen Boinas Eloseguin, eta han hartu zuen erretiroa. Arrebak 42 daramatza, eta nik 36. Gogoan dut, aitari bazkaria eramatera nola joaten nintzen, Santa Maria kaleko lantegira (...). Elosegi familiari eskerrak eman nahi dizkiogu, langileen alde egin dutenagatik. Enpresa guztietan bezala, gurean ere izan dira ika-mika txikiak, baina aurrera jarraitzeko ahal duten guztia egin izan dute beti».

Paco Lizarralderen eta Joseba Urretabizkaiaren liburuaren bide beretik, Nik ere txapela maite dut erakusketa zabaldu dute Aranburu jauregian, eta datorren ekainaren 2ra bitarte izango da zabalik. Liburua, berriz, Aranburu eta Babel liburu dendetan izango da eskuragarri, 30 euroan; 500 ale inprimatu dituzte.

 

XIX. MENDEAZ GEROZTIKO SINBOLOA

Euskal herritarrak txapelarik gabe bizi izan izan ziren, XIX. mendera bitarte, Mikel Alberdi Zumalakarregi museoko arduradunak azaldu zuenez: «Jatorria ez dago argi, askok Alemania izan litekeela dioten arren. Dena den, gure ingurura Pirinioetatik iritsi zen». Zumalakarregik praktikotzat jo zuela-eta, I. Gerra Karlistak zabaldu zuen txapela eta, haien bidetik, liberalek nahiz mikeleteek ere baliatu zuten. II. Gerra Karlistako ia txapel guztiak Tolosako Boinas Eloseguin egin zituzten. Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan ikusgai dira, txapel horietako hainbat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!