Lara Arruabarrena, txapeldunorde Bogotan

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 16a, 12:22
Argazkia: WTA

Tolosarrak Anna Schmiedlova eslovakiarraren aurka galdu du finala, 6-2 eta 6-4. Bigarren urtez jarraian bigarren izan da Kolonbiako txapelketa honetan.

Lara Arruabarrenak Bogotan irabazi zuen WTAko bakarkako bere lehen txapelketa, 2012. urtean. Geroztik, bere txapelketa kuttunenetako bat bihurtu zen, Kolonbiakoa. Joan den urtean finalera iristea lortu zuen berriro ere, baina Francesca Schiavone italiarraren aurka galdu zuen, 6-4 eta 7-5.

Aurten ere txapeldunorde izatearekin konformatu behar izan du tolosarrak. Set bakarra galduta iritsi zen finalera, eta txapelketa irabazteko faborito nagusia zen arren, ezin izan du Anna Schmiedlova eslovakiarraren aurka. Arruabarrenak ez du bere jokoa aurkitu, eta egindako akatsak garesti ordaindu ditu.

Lehen seta orekatua izan da; batak zein besteak bigarren sakea lapurtu dio aurkariari. Baina setaren erditik aurrera azken egunotako nekea nabaritu du Arruabarrenak. Ostiralean, esaterako, hiru neurketa jokatu zituen, eta larunbatean, bi. Hori aprobetxatuz, eslovakiarrak berriro ere sakea lapurtu dio 3-2koarekin, eta hori baliatuz, 6-2ra joan da zuzenean.

Bigarren seta ere indartsu hasi du aurkariak: 5-1. Schmiedlovaren errebes indartsuak min asko egin dio tolosarrari, eta ezin izan dio eutsi. Amaieran, emaitza txukuntzea lortu badu ere, 6-4 galdu du.

Bideoan, finaleko azken jokoa.

Nahiko lukeen garaikurra lortu ez duen arren, pozik dagoela aitortu du Arruabarrenak sare sozialetan. "Ez da nahiko nukeena, baina aste positiboa izan dut Bogotan. Mila esker guztioi laguntzagatik. Aurrera" esan du:

Kolonbian bigarren amaituta, Arruabarrenak WTAko sailkapen nagusiko 80. postuan jarraituko du Arruabarrenak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!