Hau oraindik ez da amaitu

Ataria 2018ko api. 16a, 11:30

1-1 berdindu dute sailkapen nagusiko lehen bi sailkatuek, Ordiziak eta Tolosak. Ordiziarren lau puntuko errentarekin jarraitzen dute lidertzan.

Garrantzia handiko norgehiagoka zen atzo Berazubin jokatutakoa, eta horretaz jakitun, etxeko nahiz kanpoko taldeko zaleek harmailak bete zituzten.

Atzera ez egitea zen garrantzitsuena, ez galtzea, alegia. Irabaziz gero aurrerapauso handia egiteko aukera zuten urdinek. Bada, erdibideko emaitza suertatu zen: berdinketarena. Eta neurketa ikusita, balio handia izan lezakeen puntua da, galtzen hasi baitziren tolosarrak.

Bi taldeek errespetu handiz jokatu zuten; galtzeko beldurra ere nabari zen zenbait jokalditan. Ordiziarrak azken bi neurketak berdintzetik zetozen, baina atzo sendotasun handia erakutsi zuten. Lehen zatian eurak izan ziren baloiaren jabe, 38. minutuan gola egin zuten arte. Aratz Garmendiak oinaren kanpoaldearekin jaurti eta Eizagirreren atea zulatu zuen. Tolosa, bien bitartean, nahi eta ezin ari zen.

Atsedenaldiaren ondoren, ordea, Avellanedaren taldea beste erritmo batekin zelairatu zen. Zabaleta eta Unai Etxeberria sartu ziren zelaian, eta bizitasun gehiagorekin jokatu zuten. Zabaletak berak lortu zuen berdinketaren gola, bigarren zatiko 11. minutuan. Ezker hegaleko erdiraketa bat errematatu zuen tolosarrak, bakar-bakarrik.

Bazirudien neurketak norabidez aldatuko zuela, baina ez zen horrela izan. Trabatua izan zen hortik aurrerakoa. Bi taldeek ez zuten asmatzen aukerak sortzeko ahaleginean. Ordizia izan zen arrisku gehien sortu zuena, batik bat, geldikako jokaldietan –zutoinera ere jo zuten korner bateko erremate bat–. Markagailua, ordea, ez zen mugitu.

Sei jardunaldiren faltan, lau puntuko aldea du Ordiziak. Baina hau ez da amaitu. Emozioa, behintzat ez da faltako azken txanpa honetan. Izan ere, duela aste batzuk ia ezinezkoa zirudien horrelako egoera izatera iritsiko ginenik. Baina ordiziarrek hiru neurketa jarraian berdindu eta gero, hortxe dira. Ezin ahaztu atzetik datozen Hernani eta Pasaia. Lehen sailkatuen arteko neurketak ere izango dira azken jardunaldi hauetan. Beraz, adi. Lehen aukerari ez dio nahi bezain besteko zukua atera Tolosak, baina beste sei aukera ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!