«Bagenuen entzuleekin konpartitzeko gogoa»

Iñigo Terradillos 2018ko api. 14a, 10:54

2016. urtean erabaki zuen Bide Ertzean taldeak atseden mugagabea hartzea eta orduan ekin zion Imanol Ubedak proiektu berriari. Bi urtez aritu da Karlos Aranzadi bateria jotzailearekin abestiak sortzen. Don Inorrez izena jarri diote proiektuari eta lehen diskoa aurkeztu berri dute: Mugiro bila. 

Talde berria, disko berria eta baita zigilu berria ere: Lizarbakar.

Autoedizioaren hautu horretan pausu bat eman dugu eta gure argitaletxe propioa sortu dugu. Mugiro bila izango da gure lehen erreferentzia.

Zer aipatu daiteke sarrera moduan, diskoaz eta proiektuaz?

Nahiz eta argia orain ikusi, azken bi urte hauetan itzalean landutako egitasmoa da; Karlos Aranzadirekin batera ondutako abestiak dira. Orain arte isilean gorde dugu eta behingoz kalera atera da. Bilatutako etenaldiaren ondotik datorren egitasmoa da.

Isilpean, sekretupean aritu zarete. Gogorra izan da?

Sekretuan ez, baina abiatu ginenean ez genuen argi noraino iritsiko zen egitasmo hau, baina kantuak egin eta kantuak grabatu ahala, gero eta argiago genuen merezi zuela. Horregatik, lanak bukatu arte ez dugu ezer iragarri nahi izaten. Oso gustura landu dugu proiektua, baina jada bagenuen behingoz kaleratu eta entzuleekin konpartitzeko gogoa. Azkenik iritsi da momentua.

Zenbat aldiz galdetu dizuete, 'eta nolatan, zergatik etenaldia'?

Etenaldia eman zenean, jende askok galdetzen zigun ea zergatik momentu horretan etenaldia. Azkenean, bizitzaren legea da; lan egiteaz aparte, familia, konpromisoak eta bestelakoak tarteko ezin genuen taldekide guztiek Bide Ertzeanen martxa mantendu eta duela bi urte luze erabaki hori hartu genuenean, Karlos eta biok hasi ginen hau guztia makinatzen. Baina azken detailea itxi arte, isilean aritu gara lanean.

Bide Ertzeanetik aldendu nahi zenuten. Estilistikoki, estetikoki beste zerbait sortzeko gogoa zenuten?

Neurri batean normala da. Joera hori ohikoa izan daiteke gure moduko pertsonengan. Azkenean, kontuan izan behar da 18 urte egin ditugula Bide Ertzeanen bueltan eta behin etenaldia eta gero, beste proiektu berri bat martxan jartzerakoan, logikoa ere bazen, zerbait bilatu nahi izatea, aurrekoarekin pixka bat aldentzeko. Ez bakarrik entzuleei begira, baita zure burua beste soinukera batzuetan estutu eta ia horretan ere moldatzen zaren ikusteko.

Kantatzeko modua antzekoa da, hori zaila da aldatzen. Oso musikari mugatua naiz, kantua egiteko modu oso jakina daukat, urte luzez landu dudana baina soinukera aldetik iruditzen zitzaigun, akaso Paco Loco ekoizlearen papera oso garrantzitsua izan zitekeela.

Kantuen letretan bestalde, beste bide bat egon zitekeela ikusi genuen. Askotan kritikotasunetik begiratzen diogu munduari eta letrak horren isla dira baina idazteko eta idazteko modu asko daude. Saiatu gara beste zerbait erakusten.

Izena ordea, 2010. urtean Bide Ertzeanek disko baterako erabili zuen: Don Inorrez.

Don Inorrez Bide Ertzeanen disko baten izenburua da, 2010ean plazaratutakoarena. Egia esan, bakarkako ibilbideari ekin nionean, Karlos Aranzadirekin batera abiatu nuenean, izena berehala etorri zen. 2010ean oso izen ona iruditzen zitzaidan. Guk diskoari izenburua eman genion eta diskoaren barruan bazen kanta bat baina bakarlari batentzat oso izen indartsua dela iruditzen zitzaidan. Jarri niezaiokeen Imanol Ubeda baina iruditzen zait oso izen arrunta dela, ez duela gauza handirik esaten, gainera bizitza pertsonala ere badaukat, kazetaria ere banaiz. Berezitu nahi izaten dut nire ogibidea, nire bizitza pertsonala eta musikarako nire joaera hau. Ezizenarena egokiena zela iruditzen zitzaidan.

Don Inorrezek badu indar bat, badu glamour bat, eta sugestio edo iradokizun ukitu bat; rock&rollean hori inportantea da. Gainera, gerora konturatu naiz honetaz, baina iruditzen zait ezizenak hobeto islatzen duela proiektuaren nondik norakoa. Proiektu berriari nire izena ipiniko banio, fidela ere izango zen baina are fidelagoa da ezizenaren funtzioaz. Musika lan kolektiboa da, disko bat grabatzea lan kolektibo bat da eta zu beste musikari batzuekin ari zaren momentuan, eszenaratzea ere lan kolektiboa da eta Don Inorrez izenarekin jaso daitezke diskoan parte hartu duten musikari guztiak edo gero zuzenean parte hartuko duten musikari guztiak. Funtzio hori bete dezakeela iruditzen zait eta horregatik gustatzen zait Don Inorrezen hautua.

Izenak badu 'don' eta 'inor ez'. Kontraste horrek zer adierazi nahi du?

Don Inorrezen berri izan nuen Jose Mari Otamendi idazlearen bitartez. Berak esaten zuen, Urola aldean, Azpeitia inguruan, etxe batzuetan el hombre del saco-ren pareko zela. Umeak beldurtzeko erabiltzen zen: «Ez baduzu afaltzen edo ez bazara ohera joaten, Don Inorrez etorriko da eta berarekin eramango zaitu». Funtzio hori zuen.

Guk zentzua bihurritu dugu, hustu egin dugu. Ez dugu hori islatu nahi izan. Baina kontrastea badu bere baitan, etimologikoki don horrek ematen diolako glamour bat, eta ondoren inorrez horrek ezer ez izatea, anonimotasunarekin ere lotu daiteke. Momentu batean kontraste ederra sortzen du. Kontrastearengatik bakarrik deigarria izateaz aparte oso ederra da. Agian horregatik dauka duen indarra. Gustatzen zaizkit horrelako hitz jokoak. Oso artistikoa da, proiektu bat izendatzeko egokia.

Hitz jokoak gustatuta, literaturara ere jo duzu. 'Mugiro bila' izena du diskoak. Nondik dator?

Patxi Larrion idazle eta lagunak, Feriatzaileak liburuan erabiltzen du eta berak eguneroko elkarrizketetan maiz erabiltzen ditu horrelakoak. Mugiro bila izango litzateke saltsa bila, akzio bila... Erdaraz baliokidea izan daiteke movida kontzeptua.

Mugiro berez ez dator hiztegian. Badago Lekunberri aldean herri baten izena. Hori ere bada bihurrikeri txiki handi bat. Kantuetako letra batzuk badira nahiko bihurri samarrak, zirikatzaileak. Diskoaren izenburua ildo horretatik dator. Badu bihurrikeri puntu bat. Eta bihurrikeria horretaz aparte esanahiari erreparatuko bagenio, saltsa bila, giro bila ateratzea litzateke. Mugimendua islatzen du eta baita bilaketa ere. Bada batetik, musika munduan jarraitzeko desio hori eta bilaketa horrek oso ondo islatzen du ere zer izan den disko hau: bilaketa bat.

Bide Ertzeanekin etenaldia egin eta gero, Cadizera joan ginen Karlos eta ni, beste zerbaiten bila eta bilaketa horren emaitza izan da Mugiro bila. Izenburuak ere islatzen du musikalki egin dugun bilaketa edo ahalegin hori.

Hitzei erreparatuta, Bide Ertzeanen baino zainduagoak dira? Nor zirikatzeko, zer sortu nahi duzue?

Gure diskora hurbiltzen den orori, kantuak zuzenean edo plataforma digitaletan edo cd-etan entzutera hurbiltzen den orori zuzenduta dago. Ione Gorostarzuren Bere txisteak horretan badago tonu ironiko bat, Angel Gonzalezen Kristoren gonbidapena horretan badago horrelako umore ukitu bat eta azken afariaren irakurketa bihurri bat.

Guk idatzitako abestietan ere. Esaterako, Segika kantuan badago horrelako autoparodia moduko bat, gure buruaz pixka bat trufa egiten. Eta badira ere, egunerokoari begira kezkatzen gaituzten gauzak eta horiek ere tonu kritiko-ironiko batez landuak. Garai postmodernoan bezalako abestian, esaterako. Azkenean, oro har esango nuke izenburutik hasita, baduela tonu arin bat. Ez dakit lortu dugun, baina hori zen intentzioa.

Hamar kantu ditu diskoak, sei zuk idatziak dira. Beste laurak?

Bere txisteak Ione Gorostarzu idazle berastegiarrak idatzi du. Gaur euripean kanta Xabi Bordaren poema batekin egin nuen, Birika zatiak izeneko liburua plazaratu zuen Susarekin eta hortik hartu nuen letra. Eta Angel Gonzalezen poesia Kaiera plazaratu zuen Susak duela bi urte.

Angel Gonzalez idazle madrildarra zen, jada zendu zen baina bere bilduma bat euskaratu zuen Gerardo Markuletak eta Susak plazaratu zuen eta bertan dago Kristoren gonbidapena izeneko poema. Eta laugarrena, Peio Lizarralderen testu batekin egindako E. Jauna. Peio Lizarraldek Iruñean eman ditu urte asko, bertan jarraitzen du, berak behin letra bat igorri zidan, ea gustuko nuen eta kantu baterako proposamena bidaltzen zuen. Letra horrekin egin nuen disko honetako E. Jauna abestia.

Iban Zalduaren hitzak ere badaude, ez musikatuak baina diskoarekin irakur daitezkeenak.

Oso bitxia izan da. Peio Lizarralderena opari bat izan zen, nik ez nuen berarengana jo, ez nion letrarik eskatu. Baina aspaldian, beste lagun batzuen bitartez, ezagutu nuen, e-mailez harremana nuen eta horrelako batean jaso nuen bere e-mail batean horrelako letra bat. Opari bat iruditu zitzaidan; Peio Lizarralderen literatura asko maite dut, iruditzen zait Euskal Herriko nobelagile onenetariko bat dela. Niri musikan ibiltzeak ekarri didan gauzarik handiena hori da, ezagutu dudan jendea eta Peio da horietako bat.

Berarekin batera Iban Zaldua dago. Don Inorrezen diskoa grabatu genuenean, kazetariek beti diskoarekin batera promozio orri bat bidali izaten dute eta Iban Zalduari eskatu genion ea promozio orri hori idatziko zukeen. Astebetera bueltan, promozio orri bat igorri beharrean, ipuin bat igorri zigun, 16 orriko ipuin labur bat. Diskoko kantu guztiak harilkatuz horrelako narrazio bat egin du. Abestietako gai guztiak ukitzen ditu eta ipuinean bertan txertatu du horrelako iruzkin bat, disko-kritika bat. Dena dauka.

Hori jasotzerakoan, beste opari bat izan zen. Pentsatu genuen ezin genuela kazetarien artean bakarrik banatu. Horrela, liburuxka formatuan inprimatu dugu eta orain posta bidez diskoa erosten duenak edo gure zuzenekoetan gure diskoa eskuratzen duenak, oparitan eramango du Iban Zalduaren ipuina.

'Looking To Mess About'.

Hitz joko bat egiten du. Brunch in the Lodge izenburua jarri nion kantu bati, izenburua da ingelesez dagoena, ondoren kantua euskaraz dago. Erreferentzia egiten dio New York-eko Brooklyn auzoko jatetxe bati. Berak hari horri tiraka, buelta ematen dio, ingelesa bihurtzen du eta Brunch in the Lodge izenburua euskarara ekartzen du. Ispilu-joko polit bat egiten du. Hobeto ulertuko da ipuina irakurrita.

Cadizen grabatu duzue diskoa. Zer arrazoirekin?

Egitasmoa martxan jarri eta berehala, hainbat gauza modu oso kategorikoan etorri zitzaizkigun. Gu ez gara oso kategorikoak, kontrara, beti gaude zalantzez beteta. Adibidez, izenburuarena oso argi izan genuen eta ez genuen dudarik egin. Oso argi etorri zitzaigun baita Paco Locoren hautua, horretan Karlosen lana aipatu nahi dut. Pako disko honen ekoizlea izan da, asturiarra da baina Cadizen du estudioa. Kantu berriekin hasi ginean, Karlos Aranzadik berehala esan zidan, kantu hauetarako akaso pertsona egokiena bera zela. Musikari trebea da, instrumentu asko jotzen ditu eta gainera soinu ekoizle ezaguna da, Espainian oso errekonozitua da indie musikan. Karlos bestelako musika proiektuekin han eta hemen aritu da eta aurretik grabatu du Pakorekin, ezagutzen zuen bere lan egiteko modua, maila pertsonalean ere ezagutzen zuen eta iruditzen zitzaion Don Inorrezen kantak grabatzeko pertsona egokia zela.

Intuizio horri jarraika hara abiatu ginen. Lehenengo egunean jada konturatu ginen intuizio hori egokia zela. Gure soinukera berri honen meritua Pacorena da. Pacok eman digu guk faltan genuen nortasun berri hori. Berari aitortu behar zaio. Kantuak oinarrian eraman genituen eta hazi eta handitu eta kantu bihurtu ziren estudioan, bere eskuetatik pasa eta gero.

Zer ukitu eman dizue?

90eko hamarkadan mugimendu bat egon zen non abesti melodikoak, gitarra distortsionatuekin nahasten ziren. Hor sortu zen horrelako musika estilo jakin bat. Guk beti edan izan dugu hortik. Deabruak Teilatuetan ere bazegoen horrelako kontraste bat, horrelako abesti melodikoak, nahiz eta energiaz egindako abestiak izan, eta gitarra distortsionatuak, zaratatsuak. Paco Locok badu joera hori.

Badaude bestelako abestiak Bide Ertzeanen kutsu handiagoa dutenak, akustikoagoak, baina oro har nagusi dira power pop estilo horretan edo pop indartsu horretan energiaz betetakoak, gitarra sendoarekin uztartuak. Musikalki ezaugarri hori du lan honek.

Anaiari erakutsi al zenion lana kalera atera aurretik? Zer iritzi du?

Bai. Anaiak oso gertutik jarraitu du prozesu guztia, hasieratik bukaera arte. Orain, bestelako arrazoiengatik ezin du musika munduan jarraitu, modu aktiboan. Itzaleko lanean jarraitzen du, laguntzen digu, adibidez promozio lanetan, edo zuzenekoak lotzen. Ahal duen neurrian Don Inorrez bultzatzen ari da. Bera da lekuko aparta. Egia esan, bera izan da, Joserrarekin batera, sustatzailea. Izan ere, Bide Ertzeanekin etenaldia egitea erabaki genuenean, berehala esan ziguten «egin ezazue zerbait bakarka». Neurri batean animo horien emaitza ere bada lan hau.

Zuek taula gainean ikustean gogoa pizten zaio berriro bueltatzeko.

Bai. Kontua da, gogoa bakarrik balitz, nik uste jarraituko genukeela Bide Ertzeanekin eta nork daki agian beste disko bat ere kalean legoke baina anaiari orain zaila egiten zaio, familia, lana... Gu kontziente gara Bide Ertzeanen etenaldia denbora luze baterako izango dela. Horregatik oso serio hasi dugu ibilbide berri hau, azken bururaino eramango dugu. Gero ikusiko dugu jendeak nola hartzen duen eta nola funtzionatzen duen.

Jabetzen naiz, ni zerotik ez naizela hasten, badakit ibilbide bat dudala atzetik baina hasiberrien umiltasunarekin hasi gara. Eta oso kontziente gara akaso guk kristoren apustua egin dugula baina agian jendeari ez zaiola gustatzen. Eta jendeak agian ez duela ondo interpretatzen eta orduan kiroltasun handiarekin eramango genuke. Orain istorio honi entzuleengana iristea falta zaio. Entzuleen feedbackarekin osatzen da. Atera berri den disko honetan hori falta da, ea jendeak nola hartzen duen, ea jendeak zer nolako iritzia duen, ea jendeak erantzuten duen zuzenekoetan. Hor ikusiko da zer nolako bidea egiten duen.

Feedback hori nolakoa izan da?

Oso ona. Pixka bat harrituta nago jende baten iritziarekin, pozten naiz guk genuen ideia horrekin bat etorri direlako, ulertzeaz aparte konpartitu dutelako. Guretzat hori inportantea da, horretarako ere egiten dugu, plazaratu eta konpartitzeko. Gero eta gehiago partekatzen bada, bide luzeagoa izango du diskoak. Hori da kantari batek edo talde batek izan dezakeen gauzarik handiena.

Jendearengana iristeko moduetako bat zuzenekoak dira. Laster hasiko zarete horretan.

Lehenengo kontzertua ostegunean Bilbon eskaini berri dugu, Kafe Antzokian, eta larunbatarekin, Donostiako Dabadaba aretoan izango gara, apirilaren 14an. Buru belarri gabiltza prestatzen, oso gustura. Ruben Caballero gitarra jotzailearekin eta Fernando Era baxu jotzailearekin ari gara Karlos eta ni.

Tolosan ere izango zarete, noski.

Guk ere horrela espero dugu. Ez daukagu datarik jarrita, baina hau hasi besterik ez da egin. Aukerak egon daitezke eta gu pozarren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!