Berazubi pintxoa, Tolosako babarrunarekin egindako capuccinoa

Mikel Iraola 2018ko api. 13a, 13:03

Abian da Berazubi auzoko I. Gastronomika astea. Auzoaren izena daraman pintxoa aurkeztu dute Jokel tabernako Jose Ferreras eta Mikel Moreno sukaldariek.

Capuccino bat islatu nahi izan dute Jose Ferreras eta Mikel Moreno sukaldariek Berazubi pintxoarekin. Osagai nagusia, ordea, ez da kafea, Tolosako Babarruna baizik.

"Babarruna eta txuleta dira Tolosari lotuta dauden bi produktu nagusiak, eta azkenean, babarrunaren aldeko hautua egin genuen", azaldu zuen atzoko aurkezpen ekitaldian Ferrerasek. Bada, babarruna ere bere osotasunean ez dute hartu. Pintxoaren oinarria Tolosako Babarrunak egostean sortutako salda da.

Salda horren koloreak inspiratuta, capuccino bat egitea erabaki zuten. "Buelta asko eman dizkiogu, proba ugari ere egin ditugu, konplikatzeraino ere bai, baina gustura gaude emaitzarekin".

Babarrunak modu tradizionalean egosi dituzte, porru eta tipulekin. Babarrunak alde batera utzi eta salda bera aprobetxatu dute oinarria egiteko. Ondoren, azaren eta hirugiharrarekin egindako aparra bota diote. Gainetik, labean sikatu eta ondoren xehatutako odolkia bota diote, kafeari botatzen zaion kakao hautsa bailitzan. Eta amaitzeko, Ibarrako Piparrarekin egindako saltsaren tanto batzuekin busti dute.

"Garrantzitsuena da, babarrunarekin lotutako pintxoa izateko, oso pintxo arina dela. Ez da babarrunek sortzen duten pisutasuna mantentzen", nabarmendu dute bi sukaldariek.

Gogo handiz dastatu zuten pintxo berria Berazubin bildu ziren auzotarrek. "Oso goxoa" zegoela nabarmendu zuten askok.

Arratsaldetik aurrera, lehiaketa gehiago

Asteburuan Gastronomika jardunaldien ekitaldi gehiago izango dira auzoan. Gaur, menu eta elikadura osasuntsuari buruzko hitzaldia eskainiko du, auzo elkartearen lokalean, 19:30etik aurrera, Ketxus Martinezek. Ordu berean, gainera, Tolosako I. Patata Tortila lehiaketa izango da.

Hilaren 14an gozoa epaitu beharko dute adituek, postre lehiaketa izango baita. Parte hartzaileek etxean egindako postrea eraman beharko dute Berazubira, 18:30ean, errezeta eta guzti.

Igandean, berriz, Tolosako elkarteen arteko bakailao lehiaketak hartuko du eguerdia. Gastronomiari eskainitako egunak bazkari batekin amaituko dituzte Berazubin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!