Tolosako babarrunaren zaporea ezagutu dute Italiako 30 ikaslek

Ataria 2018ko apirilaren 12a

Pollenzo (Italia) hiriko Università degli Studi di Scienze Gastronomich unibertsitateko 30 ikasleren bisita jaso du Tolosako Babarrun Kofradiak.

Gastronomia Zientzien Masterreko ikasleak Euskal Herriko gastronomia ezagutzeko asmoarekin, Tolosa hautatu dute haien gastronomia-birako geraleku. Apirilaren 7an ekin zioten bidaiari, eta gaur itzuli dira, astebete ondoan, italiar lurraldera.

Kasino elkarteko mahaien bueltan bildu ziren herenegun, jatorri ezberdinetako ikasleak: AEB, Israel, Herbehereak, Errusia, Alemania, Brasil... Lehenbizikoz izan zuten babarrun zaporearen berri, baita Idiazabalgo gaztaren, Beasaingo odolkiaren, eta Tolosako teilak eta zigarrilloenaren berri, besteak beste.
Halaber, mahaikide izan zen Fecoga Kofradia Gastronomikoen Federazioko ordezkari den Juan Manuel Garmendia.

Kofradiaren esanetan, halako bisitek "ikaragarri aberasten dute bai Tolosa, eta bai euskal gastronomia ere. Sinergiak eta harremanak zabaltzeko irrikan da Tolosako Babarrunaren Kofradia. Gure Estatutuetan ederki asko jasotzen da Tolosako kofradiaren funtsa; alegia, Tolosako babarruna ezagun egitea ez soilik Euskal Herrian, baita mundu osoan ere. Eta horretan gabiltza".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!