Tolosa&Co-k atari digital berria sortu du, sarean ere erreferentzia izateko

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko api. 11a, 16:46
Larunbatetan erabiltzeko 10 euroko kupoiak oparituko dituzte, Facebooken, sorpresaz.

Komertzioen informazio praktikoa bilduko dute bertan; besteak beste, VISA txartelaren promozio berriarekin Erromara bidaia zozkatuko dutela iragarri dute

Tolosan 21 denda daude 1.000 biztanleko. Dentsitate komertzial izugarria izatearekin batera, hiria erreferentzia da, besteak beste, merkataritza biziagatik. Horrela, Tolosa&Co merkatari eta ostalari elkarteak leiho digital berritua aurkeztu du: «Interneten genuen irudia ez zetorren bat elkartearen benetako izaerarekin, zaharkitua baitzegoen», azaldu dute. Joan den irailaz geroztik aritu dira www.tolosandco.org ataria berritzen, eta «orrialde praktiko, dinamiko eta erabilerraza» plazaratu dute: «Euskal Herrian erreferentzia izan nahi dugu, kalean bezala, sarean ere bai».
Bi zati nagusitan banatu dute webgune berriko edukia, eta bisitariek Tolosa&Co elkarteari buruzko informazioa nahiz Tolosari buruzkoa irakurri ahal izango dute bertan. Azaldu dutenez, «lan handiena» elkarteko kideen informazioa biltzeak eta antolatzeak eman die, baina, aldi berean, zati hori izango da webgune berrituko zutabe nagusi.
Batetik, Tolosa&Co elkarteko kideen zerrenda osatu dute. Guztira, 229 komertzioko zerrenda osatu dute, dendaren izen, datu, argazki eta xehetasunekin: «Orain arte inon bildu gabeko informazioa zen, eta bezero askok eskatzen zuten», azaldu dute. Modu horretan, datu base horretan nabigatzeko bilatzailea izango du webguneak: maparen bitartez, dendaren izenaren bitartez eta komertzio moten bitartez bilatu ahal izango dira, Tolosako denda eta tabernak: «Komertzio guztien informazioa bateratuz, ataria aberastu dugu, eta sektorea bera ere talde bat dela irudikatu, lehiakide izateaz harago».
Komertzioen informazioarekin batera, gainera, elkarteari lotutako bestelako informazioa ere txertatu dute: elkarteko kideen abantailak eta kide egiteko aukera; Tolosa&Co VISA txartelaren abantailak eta txartela egiteko aukera; eta, azkenik, curriculumak igotzeko gune bat, elkarteko lan poltsa osatzeko.
Merkataritza Tolosako motorretako bat dela ikusirik, eta, udalak turismo webgune berria sortu duen arren, Tolosa&Co-k hiriari buruzko xehetasun zenbait ere eskaini nahi izan dizkie erabiltzaileei. Horrela, erosketa, gastronomia, kultura nahiz historiari buruzko informazio erabilgarria jaso dute beren leiho berrian.

Erromara joateko aukera

Tolosako merkatari eta ostalarien elkarteak, azkenik, beren jardunari buruzko albisteak zabaltzeko baliatuko du www.tolosandco.org, bloga. Besteak beste, martxan jartzear diren bi promozio berrien xehetasunak bildu dituzte bertan.
Iaz New Yorkeko bidaiaren kanpainak izandako arrakasta ikusita, «eta VISA txartelaren erabilera igo egin dela jakinik», ideia berari eustea erabaki du elkarteak. Horrela, bihar hasi eta maiatzaren 20ra bitarte, elkarteko saltokietan VISA txartela erabiltzen duten bezeroen artean, Erromara bidaia zozkatuko dute; datorren urrian egin beharreko bidaia izango da.
Azkenik, larunbat arratsaldeetako erosketa giroa sustatzeko, Tolosan: ezer ez eta festa! kanpaina abiarazi dute. Hilean behin, elkartearen Facebookeko orrialdean, 10 euroko kupoiak oparituko dituzte, «edozein momentutan». 25 kupoi izango dira aldiro, eta larunbatetan baino ezin izango dira erabili; norbere euskarrira deskargatu beharko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!