«Ez dut nire feminitatea erantziko, gizartean mailaz igotzeko»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko api. 11a, 08:00

Sistemak zapaldu egiten duela dio La Furiak, eta ahobizarrik gabe rapeatzen dio sistema horri berari; Tolosako jabetze eskolan rap feminista tailerra eskainiko du, ostiraletik aurrera.

Nerea Loron La Furiak (Cascante, Nafarroa, 1983) eskutik daramatza izena eta izana, eta baita rapa ere. Ezinbesteko tresna izan du bizitzan, eta tresna hori baliatzen irakatsiko du, jabetze eskolan.

Nolatan hasi zinen rapeatzen?

Betidanik entzun izan dut musika asko, eta jakin-min handia izan dut beti. Horrela, behin rapera eta raparen atzeko kulturara iritsi nintzen: hip hop kulturara. Oso identifikatuta sentitu nintzen, eta harrapatu egin ninduen. Dena den, rap asko entzun eta gero hasi nintzen rapeatzen. Izan ere, idazteko ohitura ere beti izan dut, baina ez nuen sekula pentsatuko, kantuak idazten amaituko nuenik.

Eta, nola elkartu zenituen bi afizioak?

Tuteran anaiarekin eta lagun batzuekin ibiltzen nintzen, eta haiek rapeatzen aritzen ziren kalezulo batean, parrandan atera beharrean. Rapeatzen zuten guztiak gizonak ziren eta, nik aspaldidanik idazten nuen arren, ez nintzen sekula kantatzera ausartzen. Gogoan dut anaiak esan zidala, nire hitzak kantatzeko. Nik, ordea, emakume guztiek bezala, eta kulturaren eta hezkuntzaren ondorioz, lotsa barruraino sartua nuen: plazara ateratzeak erreparoa ematen digu, eta joera dugu, pentsatzeko, gurea gizonek egiten dutena baino okerragoa izango dela.

Emakume eta gizonen arteko arrakala handiagoa da rapean beste esparru batzuetan baino, edo ez?

Ez nuke esango desberdintasuna handiagoa denik. Sistema patriarkal eta matxista batean bizi gara, eta hori esparru guztietara zabalduta dago. Uste dut rapak irudi hori ematen duela, mezu oso gordinak erabiltzen dituelako; rapean mezu matxistak ez daude, adibidez, indie musikan bezain zainduta. Bestalde, rapak estetika edo egiteko modu oso zuzena du, erasokorragoa, nolabait, eta jarrera horiek ez zaizkigu emakumeoi esleitzen. Errazagoa da pop musika egiten duen emakume bat, rap musika egiten duen emakume bat baino, txikitatik horra bideratu gaituztelako; emakumeoi, historikoki, ez zaigu ahaldundutako posizio batean egotea egokitu.

Bide horretan, inoiz sentitu izan duzu estetika maskulinoago baten beharra?

Ez. Ez dakit bestelako estetika bat hartu izanak uneren batean lagunduko ote zidan edo ez, baina ez dut pentsatu ere egiten; nire buruari izaten uzten diot. Ingurura begiratuta, ikusten ditut gizonezkoen estetikara hurbiltzen diren rap abeslariak, eta zenbait emakumerekin hitz egin izan dut gaiaz. Batzuen ustez, estetika maskulinoa hartzeak gizonezkoen parean jartzen zaitu, nolabait. Hori egia da, baina nire feminitatea subertsiboa da: araututako feminitateak zapaldu egiten nau eta, horregatik, zentzu berri bat ematen diot nire feminitateari. Ez dut nire feminitatea erantziko, gizartean mailaz igotzeko.

Zein dituzu erreferentziatzat?

Egia esan, asko rapetik kanpokoak dira. Sortzera bultzatu izan nautenak, txiki-txikitatik entzun izan ditudan musikariak dira, eta gaur egun ere entzuten ditut; adibidez, Cristina Rosenvinge aipatuko nuke. Beharbada, haurra nintzenean ez nuen bere hitzen erabateko zentzua ulertzen; baina uste dut letra horiek nolabait ahalduntzeko baliagarri izan zaizkidala. Raparen barruan, berriz, Queen Latifa eta Keny Arkana ere aipatuko nituzke.

Trapean edo reggaetoian presentzia handiagoa dute emakumeek, baina, antza, rap abeslari emakumeen artean iritzi talka sortzen dute genero horiek.

Ni reggaetoiaren, traparen eta musika genero guztien aldekoa naiz. Iruditzen zait gizarteak beti matxistatzat jotzen dituela zenbait genero, eta iritzi horien atzean klasismo eta arrazakeria handia dagoela. Rapa, trapa eta reggaetoia nondik datozen ikusi besterik ez da egin behar; denek dute jatorri apala eta umila. Zergatik diot hori? Bada, inor ez delako Guns N´Rosesen aurka aritzen, emakume bat erail eta lorategian lurperatuta dutela kantatzen duten arren. Emakume gazte batzuk oso ahaldunduta daude, eta emakume entzule asko jartzen dira beren kontzertuetako lehen lerroan; hori aurrerapauso handia da. Niretzat zoragarria da, ikustea, trapean zenbat emakume ari diren, eta hori da interesgarriena: emakumeok musikara salto egiteko guneetan egotea. Mezu batzuk gustuko ditut, politikoagoak, eta beste batzuk ez hainbeste, diruaz-eta aritzen direnak. Baina hori ere berrikusi beharko litzateke.

Zein zentzutan?

Langile auzo bateko emakume bat billeteak kontatu nahi dituela kantatzen ari denean, argi izan behar dugu nondik datorren; alegia, ez dela Madrilgo auzo aberats bateko gazte bat. Hori oso interesgarria da,musikaren bitartez artistaren jatorria ezagutu baitezakegu.

Rap feminista tailerra ostiralean hasiko da, Tolosan. Zer lantzen duzue ikastaro horietan?

Nire ongizatearentzat ezinbestekoa izan den tresna aurkezten diet ikasleei, nondik datorren azalduz. Rapeko emakumeak bilatu eta aurkitzeari ekiten diogu gero, eta oso gauza politak gertatzen dira, parte hartzaile guztiek beren burua islatuta ikusten baitute emakume horietakoren batengan.

Zein da lanerako metodologia?

Zati teorikoarekin hasten gara, eta zati praktikoari ekiten diogu gero. Baina, argi utzi nahi dut inor ez dugula behartuko rapeatzera edo idaztera. Oso tailer librea da, bestela ez bailuke zentzurik, eta norbere prozesu eta erritmoak errespetatzea gustatzen zait. Gainera, rapa egiten ikasteko aritu egin beharra dago, eta tailerrean abiapuntua eskaintzen dugu.

Nola ahalduntzen du rapak?

Rapa ahotsik gabekoen ahotsa dela esan ohi da, eta horrek lotura zuzena du bere jatorriarekin. 1970eko hamarkadan, New Yorkeko Bronx auzoko komunitate afrokaribearra hasi zen rapa sortzen. Belaunaldi haren patua muturreko indarkeria bizitzea zen, eta rapa ihesbide artistiko eta politiko bat izan zen. Feminismoan ere, rapa hitzen bitartez ahalduntzeko eta esan nahi duguna ahots gora jartzeko modu bat da. Gainera, oso interesgarria da ikastaroan sortzen den giroa. Gizarteak emakumeok atomizatzeko joera du, eta elkarren etsai garela sinestarazten digute. Horrela, tailerretan saiatzen naiz talde giroa sustatzen, hip hop kulturako elementuak baliatuz. Adibidez, crew-ak sortzen ditugu edo norbere AKA edo izengoitia sortzen saiatzen gara. Finean, rapeko kontzeptu eta hiztegia baliatzen ditugu, ahalduntze feministarantz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!