Sukaldaritza onenaren lapiko bilakatuko da Berazubi, I. Gastronomikan

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko api. 6a, 13:46

Hilaren 12tik 15era hitzordu zerrenda antolatu dute eta, besteak beste, Berazubi pintxoa aurkeztuko dute; Juan Mari Arzak epaimahaikide lanetan ariko da.

Aspaldidanik buruan zerabilten ideia martxan jarriko dute, aurten, Tolosako Berazubi Auzo Elkarteko kideek. I. Gastronomika astea antolatu dute eta, hilaren 12tik 15era bitarte, sukaldaritza onenaren lapiko bilakatuko dute auzoa. Urtebeteko lana izan da Gastronomika gorpuztearena, eta "esfortzu handia" eskatu dio auzo elkarteari, aurkezpen agerraldian azaldu dutenez. Pozik daude, hala ere, eta hitzorduak izen ona hartzea nahiko lukete, datozen urteetan ere jarraipena eman diezaioten.

Ostegunean ekingo diete jarduerei, apirilaren 12an, 19:30ean. Jokel tabernako Mikel Moreno eta Jose Ferreras sukaldariek Berazubi pintxoa aurkeztuko dute jendaurrean, eta berau dastatzeko aukera izango da, Errioxako ardoaz. Jokeleko kartan pintxo berria sartuko dute, baina Mikel Moreno sukaldariak ez du osagaien inguruko ezer aurreratu nahi izan, oraindik ere probak egiten ari baitira: "Sorpresa kutsua ere eman nahi diogu, eta egunera bitarte itxaron beharko da horretarako".

Hurrengo egunean, hilaren 13an, hitzaldi batek zabalduko du egitaraua, Ketxus Martinezen eskutik. Menu eta elikadura osasuntsuari buruzko hitzaldia eskainiko du, auzo elkartearen lokalean, 19:30etik aurrera. Ordu berean, gainera, Tolosako I. Patata Tortila lehiaketari ekingo diote. Antolakuntzak patatak, arrautzak, olioa, tipua eta sua jarriko ditu, eta gainerako osagaiak parte hartzaileek eman beharko dituzte. Horrela, tortilak dastatu eta epaitzen ariko dira Jokel tabernako Mikel Moreno, Botarri jatetxeko Txemari Esteban eta Route 33ko Felix Garrido; 21:00etan izango da sari banaketa.

Gastronomiak eta festak bat egingo dute larunbatean, eta eskualde-etxeen topaketak hartuko du goiza. Tolosako La Jarak extremadurako kantuak eskainiko ditu; Andoaingo Trianak dantza andaluziarrak eta, azkenik, Naiarako taldeak Errioxako jotak eskainiko ditu Berazubin. 10:30ean hasiko dira guztiak ere.

Arratsaldean, berriz, 16:30etik aurrera, bertsolariak eta herri kirolak izango dira. Angel Mari Peñagarikano, Amaia Agirre eta Beñat Iguaran ariko dira bat-batean, eta Jose Martin Bustintza eta Fausto Mugertza herri kiroletan ariko dira: lasto fardo altxatzea, ingude altxatzea nahiz zutikako 5 metroko egur moztea izango dira, besteak beste, ikusgai.

Bezperan gazia dastatu bezala, hilaren 14an gozoa epaitu beharko dute adituek, postre lehiaketan. Parte hartzaileek etxean egindako postrea eraman beharko dute Berazubira, 18:30ean, errezeta eta guzti, eta Rafa Gorrotxategi, Gozonako Rakel Ibañez, Saizarreko Nieves Soroa eta Eceizako Javier Eceiza izango dira epaimahaikideak.

Apirilaren 15arekin biribilduko dute I. Gastronomika. Tolosako elkarteen arteko bakailao lehiaketak hartuko du eguerdia, eta punta-puntako sukaldari adituak bertaratuko dira Tolosara, epaimahaikide lanak egitera: Arzak jatetxeko Juan Mari Arzak, Jokel tabernako Jose Ferreras, Iriarte jatetxeko Felix Belaunzaran, Nicolas erretegiko Pedro Ruiz eta Route 33ko Felix Garrido. Antolatzaileek bakailao kilo bat eta olioa emango dizkiete parte hartzaileei, eta pil-pil eran prestatu beharko dute jakia; 13:30ean izango da sari banaketa.

Azkenik, gastronomiari eskainitako egunak bazkari batekin amaituko dituzte Berazubin. Joxemari Barriola, Felix Garrido, Mikel Moreno, Jose Ferreras, Ruben Trincado eta Edurne Trancho ariko dira sukaldari lanetan, eta txartelak eskuragarri daude, Jokelen eta auzo elkartean, 35 euroan. Antolatzaileek azaldu dute "bazkari ederra" izango dela: "Norbere mahaian eseriko da, amantala eta mahai tresneria onak jarriko ditugu, eta menua bikaina izango da".

Almirante Rekalde kalea jantoki

I. Gastronomikak Almirante Rekalde kalea hartuko du, eta sei karpa muntatuko dituzte horretarako. Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete babesle guztiei, eta baita Berazubi elkarteari ere, igandean, egun osoz, elkartea erabiltzen uzteagatik.

Lehiaketetako izen emateak oso erritmo onean doazela azaldu dute, baina oraindik ere bada horretarako aukera, berazubiauzoelkartea@gmail.com-en edo 688 740 133n.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!