Autoestimua eta rap feminista, Tolosako jabetze eskolan

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 6a, 09:42

Astelehenetik aurrera zenbait ikastaro berriri ekingo diete, eta izen-emateak kultur etxean bertan egin daitezke

Martxoan ekin zieten udaberriko jabetze eskolako ikastaro, hitzaldi eta hitzorduei eta, Aste Santuko oporraldiaren ondoren indarrez dator, berriz, egitaraua.

Astelehenean bertan, 15:00etatik 17:00etara, Pepa Bojoren Autoestimua eta jabetzea ikastaroa hasiko da, eta maiatzera bitarte ariko dira, astelehenero. Harrera bikaina izan ohi du saioak, eta badaramatzate jada, hainbat ikasturte, Bojoren ikastaroa eskainiz.

Asteartean, berriz, apirilaren 10ean, Nerea Redondoren tailerra hasiko da, 18:00etatik 20:00etara, kultur etxean: Gure sentimenduak landuz, gu geu onartuz. Bost saio osatuko dituzte, guztira, coach-arekin.

Azkenik, rap feminista eta raparen bidezko jabetzea protagonista izango dira, datorren astetik aurrera, Tolosan. Nerea Loron La Furiak bost saioko ikastaroa eskainiko du, hilaren 13tik aurrera, Tolosan, 17:30etik 19:30era bitarte.

Jabetze eskolako ikastaro guztien izen-ematea kultur etxeko harreran egin beharko da, bost euro ordainduta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!