Hiri erlauntzadun bat amets

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko api. 6a, 08:34

Abaraska kolektiboa sortu dute Donostian, etxebizitza kooperatiboa sustatu eta hirian "modu duin batean" bizitzeko; tartean da Manex Izagirre tolosarra.

Abaraska da hexagono formako argizarizko gelaxka multzoa, eta, hain justu, erleen talde lanerako senari heldu nahi izan dio herritar talde batek, etxebizitza kooperatiboa sortzeko. Donostiako hirigunean modu duinean bizitzeko ezintasunak elkartu ditu hainbat kide, eta tartean da Manex Izagirre (Tolosa, 1986).

“Bizitza osorako hipotekatu nahi ez dutenentzat”, gaur egun etxebizitza bat erostea “pentsaezina” dela dio Izagirrek. Alokairua litzateke beste aukera, baina Gipuzkoako hiriburuan, gaur egun, oztopoz betetako bidea da hori ere: turismoaren indarra dela eta, alokairuan zeuden askok etxea utzi behar izaten dute udan, eta, bestela, hiru urterako kontratuak bakarrik egiten dituzte etxejabeek.

Kontuak horrela, duela zenbait hilabete, arazoari alternatiba bat bilatzeko gogoa zuen talde bat sortu zuten hainbat kidek: “Batetik, euren etxebizitzekin arazoak zituzten herritarrak elkartzen hasi ziren”, hasi du azalpena Izagirrek. “Bestetik, badugu M-etxea izeneko arkitektura kolektibo bat ere, eta, gai sozialak lantzen ditugunez, interes horri tiraka lanean hasi ginen”. Joan den martxoaren 17an aurkeztu zuten proiektua, Donostiako Guardetxean, eta sustatzaileak “oso gustura” daude egitasmoak sortu duen interesarekin.

Etxebizitza eredua eraldatzen saiatzeko bi ardatz nagusi ditu Abaraska proiektuak: etxebizitza eskuratzeko gaur egungo mekanismoak aldatu nahi dituzte batetik, eta etxebizitzetan bestelako elkarbizitza sortu nahi dute bestetik. Lehen jomugari begira, Izagirreren ustez, etxebizitzen prezioa da oztopo nagusia: “Horixe da arazorik handienetakoa, lurzoruaren prezioagatik; espekulatu egiten dute gehienetan”.

Hala, “lurzoru hori merkatutik ateratzea” da Abaraska kolektiboaren proposamena. Azaldu dutenez, hainbat metodo daude horretarako, legeak aurreikusten baititu horrelako aukerak: “Badira lurzoru legeak, etxebizitza legeak nahiz kooperatiba legeak, eta lurzoru bat edo eraikitako eraikin bat uztea da lege horien funtsa”.

Terminologia teknikoaren arabera, erabilera lagapena litzateke Izagirrek azaldutakoa: irabazi asmorik gabeko erakunde bati uzten zaio lurzorua edo eraikina, bertan etxebizitzak egiteko edo eraikin hori erabiltzeko. Horrenbestez, merkatutik kanpo geratzen da ondasun hori, eta “bizitzeko etxebizitza” bihurtzen da, “eta ez espekulatzeko etxebizitza”. Legeak Babes Ofizialeko Etxebizitzen erregimenean txertatzen ditu halakoak, eta 75 urtekoa izan ohi da erabilera epea.

Bigarren helburua lortzeko, berriz, kolektibitatea ezarri dute oinarrian: “Gaur egungo bizimodua nahiko hotza da askorentzat: ez ditugu ezagutzen bizilagunak, eta, askotan, familia izaten da gure hurbileko inguru bakarra”. Horrela, beraz, kolektibitatea izango da etxebizitza kudeatzeko tresna: “Guztien espazioetatik hasita, taldean egin nahiko genituzke haurren nahiz helduen zaintza edo otorduen prestaketak. Egun, ez gara autonomoak; ez ekonomikoki, ez sozialki”.

Gaur-gaurkoz, kontzeptu eta proiektu abstraktuen multzoa da Abaraska, baina kolektiboko kideek erreferentzia sendoak izan dituzte hasieratik lortzeko moduko ametsa eraikitzen ari direla sinesteko: “Bartzelonan, La Borda kooperatiba etxea eraikitzen ari dira jada, eta, horrez gain, Bartzelonako Udalak beste zazpi orube ere atera ditu lehiaketara, horrelako proiektuak martxan jarri ahal izateko”.

Bartzelonakoaz gain, kolektiboko kideek beste zenbait eredu ere nabarmendu dituzte abaraska.eus atarian, eta, besteak beste, bide horietatik eskuratzeko asmoa dute Donostiako proiektua garatzeko finantzabidea. Alde horretatik, Izagirrek aitortu du etxebizitza kooperatiboen aukerak ere baduela hutsunerik: “Badakigu proiektu honek ez diola konponbiderik ematen behar gehien duen jendeari”. Izan ere, halako proiektu bateko kide izateko, beharrezkoa da 15.000-20.000 euro inguruko sarrera-kuota bat ordaintzea; inork etxebizitza hori utziko balu, bueltan jasoko luke kuota hori.

Horrez gain, erabilera kuota bat ere ezarri ohi dute, eta, etxebizitza hutsetik eraikitzen hasten diren kasuetan, garestitu egiten dira kuotak. Horregatik, ohiko banketxeetatik kanpoko finantzabideak bilatu izan dituzte beste zenbait hiritan: Coop57 delakoa, finantzabide etikoak edo finantzaketa kolektiboaren pareko finantzabide pertsonalak.

Eta orain, zer?

Egitasmoa jendaurrean aurkeztuta, aurrerapausoak ematen jarraitzeko unea dute, orain, Abaraskako kideek. Berriki hasi dira erakunde, alderdi politiko, gizarte eragile nahiz auzo elkarteetako ordezkariekin elkartzen, Donostian halako proiektu bat mamitzeko zein aukera leudekeen ikusteko: “Administrazio publikoan aldaketa sortzea da gure asmoa, eta bestelako etxebizitza politikak sustatzea. Nahiko genuke Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak edo Donostiako Udalak gure eredua bultzatzea eta horretarako aukerak eskaintzea”. Oraingoz, lurzoru publikoak begiratu dituzte. “Baina udalaren asmo eta aukeren araberakoa izango da hori”.

Orain arte talde irekia izan da Abaraska, baina, funtzionamendu egokiaren mesedetan, kide kopurua mugatzeko garaia heldu zaie jada: “Dena den, antzeko egitasmoak sor litezke, hau ez baita gure proiektua bakarrik: eredu aldaketa bat da hau”. Ereduak iraultze horretan, 40 kideren eta Abaraskatik kanpoko hainbat herritarren indarra dute: “Azalpenak eman eta bestelako aukerak egingarriak direla ikusitakoan, jendeak berresten du beharrezkoa dela aldaketa”.

Horren harira, Izagirreri “beste nonbait ere lantzeko moduko eredua” iruditzen zaio Abaraskarena, baita Tolosa bezalako herri batean ere: “Finean, etxebizitza sozial bat egitea lortu nahi dugu guk. Erakunde publikoek lurzorua utzi beharko lukete, eta lur horri ezingo liokete etekin ekonomikorik atera. Herri askotan bultzatzeko moduko aukera izan daitekeela uste dut”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!