Malabaretan, lilura eta izerdiarekin

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko api. 5a, 10:50

Gaur amaituko da Gure Zirkuak antolatutako zirku diziplinen tailerra, Tolosako zezen plazan; hogeitabost haur eta gaztetxok ametsen mundua eskuekin ukitzeko aukera izan dute egunotan.

Oporraldi berezia izaten ari da, aurtengoa, haur eta gaztetxo askorentzat. Jai egunak zirku egunez margotu, eta etxean amestutakoak ukitzeko aukera eskaini die, egunotan, Gure Zirkuak antolaturiko lehen tailerrak.

Ikasturte hasieran zabaldu zuten zezen plazako ametsen karpa eta, zenbait emanaldi eskaini eta gero, gordeta izan dituzte oihal koloredunak. Beren helburuak pixkana betetzen ari dira, ordea, eta Aste Santuko zirku diziplinen tailerra da horren erakusle. Arrakastatsua izan zen izen-ematea, eta gaur amaituko dute tailerra, 25 haur inguruk.

Akrobazia eta itzulipurdiekin ekiten diete saioei, berotzeko, eta tranpolinean aritzen dira gero. Aireko tresnetan ere saiatu dira batzuk, trapezioan eta oihalekin. Eta, noski, malabareen mundua eta oreka ere landu dituzte.

Izan ere, hainbat diziplinatako irakasleek osatu dute Gure Zirkuko lan taldea; Ekain Ibargurenekin eta Irati Gonzalezekin batera, Asvinenea arte eszenikoen laborategiko beste hiru aditu ere aritu dira. «Tailerra oso ondo joan da. Egia da, nabaritzen dela nork hartu duen zirkua denborapasa moduan, eta nork duen, benetan, ikasteko gogoa», diote Ibargurenek eta Gonzalezek. Dena den, estreinako tailerra oso baliagarria iruditu zaie, oraindik ere ezezagun dena plazaratzeko.

Lau urtetik hamabi urtera bitarteko haur eta gaztetxoak elkartu dira lehen zirku tailerrean, eta horren hezkuntza pertsonalizatuan aritzera behartu ditu irakasleak. Hori da, hain justu, gustuko dutena: «25 haur inguru izan dira eta, egia esan, kopurua oso egokia da, espazio honetan, eta bi irakasle elkarrekin aritzeko. Aukera eskaintzen du adin bakoitzari behar duen arreta eskaintzeko, eta azalpenak behar bezala emateko», dio Gonzalezek.

Txikienentzat zirkua jolasa dela diote, eta ideia zehatzagoekin bertaratzen direla helduagoak. Dena den, Irati Gonzalezen ustez, zirkuaren oinarrian gazteenen berezko senak egon beharko luke: «Txikitan errazagoa da probatzea, eta norbere sormenari irteten uztea, senezko mugimenduak egitea. Aldiz, helguagoak direnean, baldintzatuago egoten dira, eta nabaritu egiten da hezkuntzak sormena mugatu diela. Irakasleak egiten edo proposatzen duena egiten dute, ez dira harago joaten, oro har. Orduan, gure lana oso desberdina da adinaren arabera ere».

Haurren ametsa edo helduen ilusioa izan liteke zirkua, eta zezen plazako ikastaroan biek egin dute bat: «Guraso askok jakinmin handia erakusten dute, eta zalantzak argitzera gerturatzen dira; beste batzuek distantzia mantentzen dute. Baina, tira, hori izaeraren parte da. Nire ustez, ez da kasualitatea haur hauek guztiak zirku diziplinen tailer batera iritsi izana; normalean, gurasoek mundu hau gustuko dutenaren seinale da», dio Gonzalezek.

Horixe da, hain justu, Antzuloako bi ahizparen kasua. 7 eta 9 urte dituzte, eta amak jasotzen ditu, ikastaroa amaitutakoan: «Oso gustura daude, eta egunetik egunera konfiantza handiagoarekin ari direla nabaritzen dut. Hasiera-hasieratik zirkua oso aukera ona iruditu zitzaidan alabentzat, eta zalantzarik gabe izena ematea erabaki genuen», dio amak.

Irati, berriz, tolosarra da eta lau urte ditu. Diaboloarekin jolasean zebilen saioa amaitzear zela, eta zirkura «poz-pozik» joaten dela dio: «Diaboloa dut gustukoen, nahiz eta gora botatzen oraindik ez dudan ikasi. Hala ere, oso erraza da».

Eta zirkua pasio izan du, txikitatik, Aiur hondarribiarrak. 6 urte ditu, eta baloi erraldoiaren gainean zutik jartzea lortu du saioa amaieran, «bakarrik». Txiki-txikitatik zirkuarekiko lilura azaldu izan du eta, antza, gurasoek antzeko jardueretan eman izan diote izena; ez da, ordea, nahikoa izan. Tolosako ikastaroa, beraz, aukera paregabea izan da Aiurrentzat: «Lehenengo egunean, karpara sartu eta isil-isilik egon zen, 10 bat minutuz, ingurura begira», dio Ekain Ibarguren irakasleak.

BIZITZARAKO ESKOLA

Zintzilik jartzeak sortzen die zirrara gehien, gaztetxoei, irakasleek diotenez: «Etxean egin ezin duten zerbait da, eta hori nahi izaten dute gehienek».

Ordea, frustrazioetarako bide ere eman ohi dute akrobazia saiakerek, Irati Gonzalezek azaldu duenez: «Zirku diziplinak gogorrak dira, eta hor ikusten da norbere izaera. Batzuek aurrera jarraitzen dute, eta beste batzuek segituen etsitzen dute, beste zerbaitetan hasteko. Zirkuko diziplina guztietan eragiten du nortasunak, aurrera egiteko eta uzteko».

Eta, aurrera egite horretan saiatuko dira Gure Zirkuko kideak, lehenengo tailerra amaitutakoan. Heldu zein haurrentzat ikastaroak antolatzen jarraitzeko asmoa dute, oraindik ezer zehaztu ez duten arren, eta zezen plazako karparen eta Adunako Asvinenearen artean eraikiko dute, zirkugintzaren zubia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!