Donostia Saria jaso du Xake Produkzioak konpainiak

Ataria 2018ko martxoaren 28a

Argazkia: Juan Carlos Ruiz / FOKU

Xake Produkzioak konpainia sortu berriaren Mami Lebrun antzezlanak irabazi du aurten Donostiako Udalak antolaturiko XVIII. Donostia antzerki saria. Atzo jaso zuten saria, Viktoria Eugenian.

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak euskarazko antzezlan bati egiten dioten aitortza da Donostia Saria. Aurten, Mami Lebrun antzezlanak jaso du errekonozimendua, epaimahaiaren iritziz, "ikuslea hunkitzea" lortu duelako antzezlanak, eta "diziplina asko uztartzen asmatu" egin dutelako.

Xake produkzioak konpainiaren antzezlana da Mami Lebrun. Topic zentroan estreinatu zen, 2016ko maiatzean; Xabi Ormazabal tolosarrak eta Tolosan bertan bizi den Kepa Errasti aretxabaletarrak sortu zuten konpainia, 2015ean.

Atzo jaso zuten Chari Goienetxeak egindako artelana eta 10.000 euroko saria, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako ekitaldian. Ondoren, antzezlana eman zuten. Sariaren gainerako 2.000 euroak jasotzeko, 2020. urtea bukatu aurretik euskarazko antzerki lan bat eskaini beharko du konpainiak Donostian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!