Emakumeen futbol festa, apirilaren 7an

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mar. 27a, 17:32

Tolosa CF-k Nescup txapelketa antolatu du hirugarrengoz eta egun guztiko festa izango dela esan dute aurkezpenean. Infantilen partidak goizez eta arratsaldez izango dira, eta txapelketaz kanpo, eguerdian, alebinen partidak egongo dira. 

Tolosa CF-k Nescup infantil mailako nesken torneoa antolatu du hirugarrenez. Apirilaren 7an izango da eta Tolosa CF-z gain beste bederatzi taldek hartuko dute parte: Real Sociedad, Atlhetic Club Bilbaoren Teknifikazio Unitatea, Osasuna CA, Gasteizko CD Aurrera, Intxaurdi KE, Mulier FC, Lagun Onak eta Pauldarrak FKT.

Txapelketaren helburua Tolosaldeko nesken futbola bultzatzea da eta azken urteetan gora egin duela nabarmendu dute. «Duela gutxi arte talde bakarra zegoen Tolosan, eta gaur egun, 8 talde daude, seniorrena, jubenilena, kadeteena, infantilen bi talde eta alebinen hiru talde. Aurten 140 neska ari gara Tolosako klubean eta kopurua handitzen ari da urtero, horregatik antolatzen dugu txapelketa hau; nesken futbola bultzatzeko eta garrantzia emateko. Nescup txapelketa ez da infantil nesken txapelketa soil bat, nesken futbolaren festa handia da», esan du Naroa Jauregi infantilen entrenatzaileak.

Imanol Moyano infantilen entrenatzaileak gehitu du Tolosa CF-n oso pozik daudela taldeek emandako erantzunarekin, «pasa den urteko partaideek errepikatzea lortu dugu. Zorte dugu taldeak Euskal Herriko jokalari indartsuenak ikusteko aukera emango digulako eta futbolaren festa handia izango dugulako Berazubin».

Txapelketa
Alaia Goñi infantilen entrenatzaileak eman du txapelketaren berri: «Goizean talde bakoitzak lau partida jokatuko ditu eta eguerdian elkarrekin bazkaldu eta gero, arratsaldean izango dira partidak, sailkapenaren arabera». Finala 18:15ean izan da. Partidak 25 minutukoak izango direla ere azaldu du Goñik, finala izan ezik, hori 15 minutuko bi lehiatan erabakiko baita eta berdinketa egonez gero, 3 penalti botako dituzte.

Infantil neskek goiz eta arratsaldez jokatuko dute, eta eguerdian alebinek lagun arteko partidak jokatuko dituzte. Naroa Jauregik azaldu duenez, eguerdiko lagunarteko partidetan sei taldek hartuko dute parte; Intxaurdi, Aizkorri, Goierrigorri eta Tolosako A, B eta C taldeek. Talde bakoitzak 20 minutuko hiru partida jokatuko dituzte. Izan ere, txapelketaren helburua denen parte hartzea sustatzea dela esan du Goñik: «Ondo pasatzea eta parte hartzea dira helburuak, baina hala ere, sariak eta zozketak egongo dira alebinentzat ere, eta partiden amaieran infantil nesken bukaerako fasea ikusteko aukera izango dute».

Apirilaren 7an, beraz, nesken futbolarekin gozatzeko aukera egongo da Berazubin eta hori dela eta, herritarrak gerturatzea animatu nahi izan ditu Iñaki Martixa Tolosa CF-ko lehendakariak. «Jendea txapelketa ikustera animatu nahiko nuke, aurreko bi urteetan festa bat izan da hau, sekulako kirol festa, disfrutatzeko modukoa. Kirol maila oso ona egongo da eta egun osoko festa egongo da, beraz, jendea etorri dadila, eta noski, Tolosako neskak animatu ditzatela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!