Abenduaren 13an hasi zen Asuncion klinikako langileen borroka publikoa eta, hiru hilabeteren buruan, protestak areagotu baino ez dituzte egin: "Enpresaren jarrerak lotsagarria izaten jarraitzen du". Greba eguna baliatu dute agerraldia egiteko eta, Invizako –Asuncion klinika kudeatzen duen enpresa– buruen "zaku berean" sartu dituzte, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Tolosako Udala: "Ez dute honi aurre egiteko borondaterik, beraientzat negozioa eta dirua lehentasuna direlako. Bitartean, noski, kalitatezko zerbitzu publikoa, biztanleak eta langileok hirugarren mailan uzten gaituzte", salatu dute.
Enpresako zuzendaritzari egotzi diote gerora gauzatuko ez dituzten asmoak mahai gainean jartzen aritzea, azalduz, negoziazio mahaian esertzen direla, baina ez dutela negoziatu nahi: "Gezurrezko pausoak ematen dituzte". Bide horretan, langileek gogora ekarri nahi izan dute, osasun sailarekin izandako bilkurak ez duela inolako fruiturik eman, eta EAJri jarri diote fokua: "Sail horretako arduradunei auzi honetan esku hartzeko eskatu genien. Ordea, klinikan ez dugu inolako aldaketarik sumatu, ez arretari dagokionez, ez langileon egoerari dagokionez; argi dago Jon Darponen sailari bost axola zaizkiola, Tolosaldeko osasun eskualdeko 65.000 herritarrak".
Azken agerraldietan egin bezala, Asuncioneko langileek kontuak eskatu dizkiote Tolosako EAJren udal taldeari ere, gaitzetsiz, "egoera aldatzeko pausurik ez dutela ematen". Aipatzekoa da, horren harira, gaur bertan, Tolosako osoko bilkuran, Asuncioneko afera hizpide izango dela, besteak beste, EH Bilduk aurkeztutako mozio baten bitartez.
Eta, eztabaidak jarraitzen duen bitartean, langileek irmoki azaldu dute "Tolosaldeko osasun zerbitzuaren aldeko borrokan" jarraituko dutela, "akordio bat lortu bitarte". Azkenik, eskerrak eman nahi izan dizkiete, azken hiru hilabeteotan bidelagun izan dituzten herritar, eragile eta komunikabideei ere.
Datozen mobilizazioak:
Egun osoko grebak martxoaren 27an eta apirilaren 25ean.
Lanuzteak:
- Apirilaren 4a (16:00-17:30)
- Apirilaren 6a (11:00-12:30)
- Apirilaren 9a (16:00-17:30)
- Apirilaren 11 (11:00-12:30)
- Apirilaren 13a (11:00-12:30)
- Apirilaren 16a (11:00-12:30)
- Apirilaren 18a (16:00-17:30)
- Apirilaren 20a (11:00-12:30)
- Apirilaren 23a (16:00-17:30)