Realaren Nazioarteko Txapelketa jokatzeko sailkatu da Tolosa

Ataria 2018ko martxoaren 26a

1-2 irabazi dio Bergarari, eta 13 urtez azpikoentzat Realak antolatzen duen Nazioarteko Txapelketa jokatuko du.

Tolosak eta Logroñok eskuratu dituzte Realaren XXXIV. Nazioarteko Txapelketa jokatzeko jokoan zeuden bi txartelak. Urtarriletik hona klub txuri-urdinaren itunpeko 59 talderen artean jokatu duten sailkapen faseko txapelketako bi finaletako bat irabazi dute urdinek.

Vasconiaren aurka garaipena lortu zuten urdinek, eta Martuteneren aurka bana berdindu, ondoren. Hiru klub horiek osatutako taldeko lehen postua Tolosarentzat izan zen, eta finala jokatu zuten Bergararen aurka.

Finala oso estua izan zen, eta azken minutura arte lehiatu behar izan zuten. Azkenean, 1-2 irabazi zuten tolosarrek, eta hortaz, Nazioarteko Txapelketa jokatuko dute. Reala, Celta, Osasuna, Sporting Portutal, Real Madril edota Leeds United izango dira, besteak beste, aurkari txapelketa horretan. Sari potoloa, beraz, Tolosako harrobiko jokalari gaztetxoentzat.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!