2018ko sanjoanak iragartzeko kartel lehiaketa, martxan

Ataria 2018ko martxoaren 26a

Irune Elizegi tolosarrak eta Xabier Isasi getariarrak egindako 15AK1 lana izan zen 2017ko irabazlea.

Bosgarren urtez antolatu da lehiaketa. Kartelak aurkezteko azken eguna maiatzaren 5a izango da, eta irabazleak 500 euro eskuratuko ditu.

Tolosako udaleko Kultura, Jaiak eta Gazteria sailak 2018ko San Joan jaiak iragartzeko V. Kartel Lehiaketa antolatu du. Lanak maiatzaren 4a baino lehen aurkeztu beharko dira Antonio Maria Labaien kultur etxean. Honakoa da ordutegia: astelehenetik ostiralera, 10:00-13:00 eta 17:00-20:00.

Kartelaren atzean, egileak adina eta leloa zehaztu beharko ditu, eta kartazal batean izen-deiturak, helbidea eta telefonoa adieraziko ditu. Kartazalaren kanpoan, berriz, izenburua eta egilearen adina.

Aurkezten diren lanek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Sanjoanak 2018 / TOLOSA izango da kartel guztietan agertuko den testua.
  • Obra horiek, ideia nahiz edukiari dagokionez, originalak izan beharko dute.
  • Neurri bertikala izan beharko dute: 50x70 zentimetro, eta gutxienez 300 ppp-ko erresoluzioa.
  • Kolorea eta teknika aukerakoa.
  • Generoen irudikapenean erabilitako irudiek oreka bilatuko dute, rol eta estereotipo tradizionalak azpimarratu gabe, eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeraren arloan diferentzien tratamendu gutxiesgarria ekidinez.

Kultura, Jaiak eta Gazteria departamentuak izendatutako epaimahai batek lan onenak aukeratuko ditu, eta horiek jendaurrean erakutsiko dira, kultur etxeko aretoan. Azken epaia, ordea, herritarren esku izango da. Erakusketa horretan dauden kartelen artean aukeratu beharko dute, eta boto gehien eskuratzen dituen lana izango da lehiaketako irabazlea. Botoak kultur etxean bertan edo udalaren webgunean eman ahalko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!