Imanol Rojo eta Berenize Lavin, garaile Espainiako txapelketan

Ataria 2018ko martxoaren 26a

Marta Cester eta Imanol Rojo, urrezko dominarekin

Asteburuan, iraupen eskiko Espainiako Txapelketa jokatu da Candanchu eski estazioan, eta eskiatzaile tolosarrek urrezko domina irabazi dute, skating eran. Alpino Uzturreko gaztetxoek ere domina gehiago eskuratu dituzte.

Rojok bosgarren urtez jarraian lortu du Espainiako Txapelketa irabaztea. Lasterketaren aurreko egunetan gaixo egon da tolosarra, ohean, eta ez parte hartzeko zorian izan bada ere, azkenean txapelketa jokatzeko hautua egin zuen. Eta nola, gainera.

15 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten, eta Rojok 34:19.44 behar izan zituen helmugara iristeko. Minutu pasatxoko aldea atera zion bigarren sailkatuari, Marcos Puigdefábregasi, eta hirugarren Xabier Macias nafarra izan zen, minutu eta erdira. Marta Cester izan zen txapeldun emakumezkoen senior mailan.

18 urtez azpikoen lasterketan, berriz, Mikel Plazas tolosarrak brontzezko domina lortu zuen. Emakumeek ere emaitza onak lortu zituzten: 10 kilometroko lasterketan, zortzigarren izan zen Ainara Lakuntza, eta Irene Amantegik 11. postuan amaitu zuen. 16 urtez azpikoan, berriz, Olaia Plazas seigarren izan zen.

Beste urrezko domina 14 urtez azpiko lasterketan iritsi zen. Berenize Lavin lehen postuan sailkatu zen, 2,5 kilometroren ostean. Eskualdeko eskiatzaile gehiago ere izan ziren lasterketa honetan: Irati Azpilgain laugarren sailkatu zen, Alaia Juaristi bosgarren, Laia Arakama 11. eta Naroa Amantegi 13. izan zen. Hodei Juaristi, berriz, 7. izan zen 12 urtez azpikoan.

Erreleboka ere dominak

Igandean, berriz, taldekako lasterketak jokatu ziren. Euskal selekzioarekin lehiatu dute Alpino Uzturreko gaztetxoek, eta bi taldek domina eskuratu dute. 14 urtez azpikoen mailan, Alaia Juaristi, Irati Azpilgain eta Berenize Lavinek osatutako hirukoteak zilarrezko domina lortu zuen. Gizonezkoen artean, berriz, brontzea lortu zuen euskaldunez osatutako talde batek, eta tartean zen Hodei Juaristi.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!