Arabatik Amurrioko Aiara, Bizkaitik Algortako Itxartu, Lapurditik Hendaiako Akelarre, Nafarroatik Iruñeko Muthiko Alaiak eta, Gipuzkoatik, Errenteriako Ereintza, Oiarttzungo Haurtzaro eta Oñatiko Oñatz dantza taldeak gonbidatu dituzte gaur Tolosara. Dantzari txikiak Plaza Zaharrean bildu dira 11:30ean eta handik aurrera Tolosako hainbat kale zeharkatu dituzte kalejiran. Herriko hainbat puntutan emanaldiak eskaini dituzte.
Eguerdian Aiz Orratz, Casino, Ero Etxe, Kabi Alai, Oargi, San Esteban, Txinparta, Urdina Txiki, Lizardi, Iurre eta Aurrera elkarteetan bildu dira gaztetxoak bazkaltzeko eta elkarte horietako bazkideak eskertu nahi izan ditu Udaberri dantza taldeak arratsaldeko emanaldian, baita ekimena lagundu duten merkatariak ere. 16:30ean eta eguraldi txarrari aurre eginez, Zerkausian bildu dira dantzari txikiak euren saioak eskaintzeko.
Erromeri eguna
19:00etan egin dute hitzordua Plaza Zaharrean. Poteo musikatua izango da hasteko eta ondoren afaria Zerkausian. Afalostean Laket taldeak alaituko ditu bazterrak.