Enpresa hitzarmen duin bat eskatuz hasi zen borrokari gero eta kate-begi gehiago sortzen ari zaizkio, eta Tolosaldea Bus-eko langileek tinko eutsi nahi diete mobilizazioei. Horrela, iragarritako manifestazioarekin bat egin dute hainbat herritarrek. Besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera salatu dute errepikapen-oihuz, eta Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde-antolakuntza diputatuaren dimisioa ere eskatu dute.
Trianguloa plazatik irten da martxa eta, langileen pankartarekin batera, Amarotz auzoko aldarrikapen mezua ere izan da manifestazioan, konponbidea eta hiribus zerbitzua eskatuz, eta langileei atxikimendua adieraziz.
Tolosaldea Bus enpresako langileek duela bi hilabete ekin zioten grebari eta, epealdi horretan, elkarretaratze, bilera eta manifestazioek bete dute beren agenda. Tolosako Udaleko bilkuretan behin baino gehiagotan salatu dutenez, "enpresaburuek ez dute hitzarmena negoziatzeko inolako asmorik" eta, horrez gain, errelebo-kontratua zuen langile bat kaleratu dute; grebalarien iritziz, "greba egiteagatik kaleratu dute".
Kontuak horrela, foru aldundiari eta udalari kontuak eskatu dizkiote, "prekarietatea finantzatzen" ari direla gaitzetsiz. Azken agerraldian azpimarratu zutenez, Tolosaldea Bus-eko langileek protestan jarraitzeko asmoa dute.