«Hizkuntza bizi batek, hiztun komunitateaz gain, teknologia ere behar du»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko mar. 26a, 09:35
Klara Zeberio. ITZEA URKIZU

Etengabe aldatzen denak etengabe egokitu behar izaten du dagokion garaira, eta hori da, besteak beste, hizkuntzen egitekoa; Elhuyar-ek horretarako baliabideak eskaintzen dizkio hiztunari, eta haien arduraduna da Klara Zeberio.

Duela harmar urte hasi zen, Elhuyar-en, hizkuntzaren eta teknologiaren arteko zubiek erakarrita eta, orduz geroztik, uztartze horretara lotu du bere egunerokoa, Klara Zeberiok (Tolosa, 1977).

Elhuyar-eko hizkuntza baliabideen arduraduna zara. Zein baliabide behar ditu hizkuntza bizi batek?

Hizkuntza bizi batek, hiztun komunitateaz gain, eta idatzizko prentsaz eta irratiaz gain, teknologia ere behar du. Gaur egun ezinbestekoa da teknologian presentzia izatea.

Gaur egun, euskal hiztunak, zein baliabide teknologiko ditu?

Beste zenbait hizkuntzekin ukipen egoeran bizi garela-eta, esan ohi da euskararen egoera ez dela hain txarra, teknologiari dagokionez. Baditu hainbat on line hiztegi, zuzentzaileak, Twitter eta Facebook euskaraz nahiz itzulpen automatikoa. Esan daiteke, hizkuntza gutxituen artean, nahiko posizio ona duela euskarak.

Hori seinale ona da, ezta? 

Oso ona, bai. Aipatzekoa da, orain, Europako proiektu batean ari garela, oso egoera desberdinean dauden beste hiru hizkuntzarekin: bretoiera, kareliera eta sardiniera. Harritzekoa da guretzat, baina gu eredutzat gaituzte; zenbait kontutan nahiko aurreratuta dago euskara. Dena den, bidea oraindik luzea da eta, baliabideetan ere, lanean jarraitu beharra dago.

Zuk zeuk, nola egin duzu bat Elhuyar-en bidearekin?

Nik Aleman Filologia ikasketak egin nituen eta, hasiera batean, irakaskuntzara bideratzeko asmoa baldin banuen ere, azkenean, hizkuntza teknologien master bat bazela ikusi nuen, Alemanian nengoela. Izugarri gustatu zitzaidan lan-esparrua eta, Euskal Herrira itzuli nintzenean, Ixa taldeak eskainitako Hizkuntza Teknologia masterrean izena eman nuen. Hor hasi zen nire bidea, Euskal Herriko Unibertsitatean, Ixa taldearekin eta, ondoren, Elhuyar-en. Gaur ere, oraindik, lankidetzan aritzen dira Ixa taldea eta Elhuyar.

Elhuyar-ek garatzen dituen tresnen artean, zein dira euskaldunek gehien erabiltzen dituztenak?

Nik uste dut ezagunena Elhuyar Hiztegia dela. Gaur egun, jada, sarean kontsulta daiteke hiztegiak.elhuyar.eus helbidean, eta, euskara-gaztelera hiztegiaz gain, euskara-ingelesa eta euskara-frantsesa ere kontsulta daitezke. Horrez gain, smartphonetarako aplikazio bat ere badu, eta baita liburu elektronikoetarako ere. Halaber, Xuxen zuzentzaile ortografikoak ere erabiltzaile asko ditu; EHUko taldearekin batera garatutakoa da.

Beste hainbat arlotan ere aritzen gara eta, adibidez, ataria.eus webguneko bilatzaile berria Elhuyar-en garatutakoa da. Azkenik, itzulpen automatikoan pauso garrantzitsuak ematen ari gara. Horiek dira, beharbada, gure adar ezagunenak.

Tresna horiek guztiak eraberritu beharko dira urteak pasatu ahala. Nolakoa izaten da nolabaiteko mantentze lan hori?

Oso isilpekoa eta ikusezina, erabiltzaileentzat. Baina hiztegia etengabe eguneratzen aritzen gara, besteak beste, Euskaltzaindiaren arau berrietara eta hiztegiko eguneraketetara egokitu beharra daukagulako. Aipatzekoa da, egunero jasotzen ditugula gure baliabideetako erabiltzaileen eskaera eta gomendioak, eta oso erabilgarriak zaizkigu; erantzuten saiatzen gara eta, etxeko adituen iritziarekin uztartuz, eguneraketarekin jarraitzen dugu. Eta, noski, etengabe edaten dugu gainerako iturrietatik ere, bai hizkuntzari begira, bai teknologiari begira.

Nazioartean, bada hizkuntza eta teknologia uztartze horretan eredu den hizkuntzarik?

Ingelesa, ezinbestean. Garatzen diren punta-puntako tresnak ingelesarentzat izaten dira, batez ere, eta gaztelania nahiz hiztun gehien dituzten hizkuntzak ere hortxe daude. Askotan, euskararen ezaugarriak direla eta, teknologia horiek ezin izaten dira baliatu eta, orduan, euskarara egokitu behar izaten ditugu.

Ezaugarri gramatikalengatik-eta?

Bai, ezaugarri gramatikalengatik, euskarak funtzionatzeko beste modu bat duelako. Edo, esaterako, Google bilatzaileak euskara ezagutzen ez duelako; zail suertatzen zaio euskararen deklinabidea edo kasu markak ezagutzea eta, besterik gabe, hizkuntza handienetan jartzen du arreta.

Duela zenbait aste artikulu bat idatzi zenuen, TOLOSALDEKO ATARIAn, hizkuntzaren erabilera edo adiera baztertzaileei buruz. Zure ustez, hiztegigileek gaur egun esku artean duten erronka nagusienetakoa al da?

Zalantzarik gabe, bai. Hiztegigileek, eta hizkuntzarekin egunero lan egiten duten profesional guztiek. Egia esan, guretzat erronka handia izaten ari da, gaur egun ezagutzen dugun Elhuyar hiztegiak 20 urtetik gora dituelako. Hiztegiak ez dira ezerezetik edo entzuten diren gauzetatik bakarrik sortzen, corpusetan oinarritzen dira eta, corpus horiek, testu bilduma handiak dira. Testu bilduma horiek tradiziotik datozenez, badakigu zein motatako testuak aurki ditzakegun, bai euskaraz, bai gainerako hizkuntzetan, noski. Oinarri horretatik abiatuta, lanketa berezia egiten ari gara, batetik, mespretxuzko adierak ez erabiltzeko gomendioetan eta, bestetik, adibideetan; badugu lana. Erabiltzaileek bidaltzen dizkiguten iradokizunetan, asko eta asko izaten dira adiera baztertzaileen ingurukoak: «Baina, nola egon liteke hori hor?». Eta, egia esan, bete-betean harrapatzen gaituzte askotan; Elhuyar hiztegiak 90.000 sarreratik gora ditu, eta hori guztia ezin da egun batetik bestera eguneratu. Hala ere, berariazko lanketa bat egiten ari gara bide horretan, genero ikuspegia landuz eta, oro har, lexiko baztertzailea markatuz.

Zenbat pertsonako lan taldea eskatzen du 90.000 sarrerako corpus bat eraberritzeak?

Uf! [barreak]. Gorabehera handiak izan ditugu gurean ere, beste hainbat lekutan bezala eta, 1996ko hiztegi hartan zuzenean parte hartu ez nuen arren, badakit hamabost lagunetik gora aritu zirela, egunero-egunero, lanean. Urtez urte egoera aldatzen joaten da, baina, gaur egun, hiztegia mantendu eta eraberritzeko lanetan lauzpabost pertsona aritzen gara.

Elhuyar-etik harago, euskararen unibertsoan, uste duzu nahikoa pauso ematen direla hizkuntzaren erabilera baztertzailea izan ez dadin?

Ez da erraza erantzuten. Joeran dagoen kontua da eta, uste dut, gero eta kontzienteago garela, gure hizkuntza erabiltzearen atzean dagoen guztiaz. Orain hasi gara pausoak ematen; hori nahikoa ote den? Ez dakit. Hizkuntzaren erabilera beste hainbat gauzarekin lotuta dago: gizartearekin eta jokabideekin.

Euskal hiztunek badute nahikoa erreferentzia, prentsan eta literaturan, aldaketa hori egiteko?

Orain ari gara, ildo horretan, zerbait gehiago argitaratzen. Orain arte, ez genituen pentsatu ere egiten hainbat gauza, eta ez bakarrik hizkuntzaren erabilera parekideari dagokionez; baita arrazakeriari edo bestelako bazterkeriei dagokienez ere. Batzuetan, ez gara konturatzen hori guztia noraino sartzen den hizkuntzan.

Hautu bat egin behar da hitz egiterakoan. 

Bai, hori da. Eta kontzientzia hartu ere bai, esaten ari garenaz. Beharbada, gauza asko erraz esaten ditugu, eta benetan horrek atzean duena ikusi egin behar dugu.

Itzulpengintza automatikoa Elhuyar-en baliabide erabilienetako bat dela aipatu duzu. Antza, neurona-sareetan oinarritutako itzulpen sistemak hobetzen ari zarete, punta-puntako teknologia garatzen. 

Badira, jada, zenbait urte, itzulpengintza automatikoarekin lanean ari garela. Gaztelera-euskara itzulpenetan emandako lehen pausoetan, erregela bidezko sistema erabili genuen: hizkuntzen gramatikari kasu eginez eta ezaugarriak aztertuz, baten eta bestearen arteko nolabaiteko transferentzia egiten zen. Gero, neurri estatistikoak erabiliz garatu zen tresna eta, zenbat eta datu gehiago izan, orduan eta emaitza hobeak lortzen ziren. Ondorioz, hizkuntza handienek abantaila handiak dituzte, askoz ere datu gehiago dituztelako esku artean. Orain, Neural Machine Translation izeneko teknika berritzailea dago joeran, eta probak egiten ari gara Elhuyarren. Lehen emaitzak oso onak izan dira, eta azkenaldian ikerkuntza arloan ematen ari garen pauso guztiak teknika horri begirakoak izaten ari dira. Ea emaitza guztiak laster ezagutzeko moduan garen.

Zu zeu filologoa zara ikasketaz, baina, eremu horietara guztietara iristeko, zenbat espezialitatetako jendea aritzen da Elhuyar-en?

Egia esan, Hizkuntza eta Teknologia unitatean, itzultzaileak, informatikariak eta hizkuntzalariak aritzen gara. Baina, hizkuntzalari horien artean, nolabait esatearren, infiltratu asko daude [barreak]: kimikariak, ingeniariak zein zuzenbide ikasketak dituztenak. Itzulpen espezializatuetan ere aritzen garenez, oso beharrezkoa da, itzultzaileak izateaz gain, adituak ere bertan izatea. Eta, noski, hizkuntza-teknologietan aritzeko, informatikarien formakuntza ezinbestekoa da. Horrez gain, hizkuntzalaritzaren inguruan espezializatuak garenok ere, formakuntza teknikoa jaso behar izaten dugu.

Azken hilabeteotan, euskararen erabilera datuak plazaratu dira, Soziolinguistika Klusterraren eta Galtzaundi Euskara Taldearen eskutik, besteak beste. Labur esanda, herri txikienetan erabilerak behera, eta handienetan gora, baina ez nahikoa. Nola ikusten dituzu emaitza horiek?

Kezkatzekoa da. Egia da, hainbat urtetan, euskararen erabilerak gora egin duela etenik gabe, eta ez dakit ez ote garen erlaxatzen ari. Garai bateko euskararen inguruko indarra edo grina handia zen; nik, behintzat, hori dut gogoan ikastola garaitik. Orain, berriz, ez dut uste gazteenek euskara horrela bizi dutenik. Hori nire irudipena besterik ez da, baina, datuei begira, badirudi adin tarte jakin batzuetan euskarak prestigio falta duela. Ez da kontu berria, gure garaian ere hala gertatzen zen, baina, uste dut ez dugula etenik egin behar, eta aurrera jarraitu behar dugula, ahaztu gabe, euskarak presentzia behar duela leku guztietan.

Belaunaldi gaztea aipatu duzu; «dena emanda» jaso duen belaunaldi hori. Zure ustez, euskararen erabileraren beherakadak izan lezake loturarik gizartearen joera orokorrarekin ere?

Posible da loturaren bat izatea, bai. Gazteleraren eraginari ere fokua jarri izan zaio euskararen beherakadan, baina, orain, ingelesaren eragina gero eta handiagoa da gazteengan. Telesaila, bideo-jokoak, sare sozialak,... Teknologia eta berrikuntza guztia ingelesez datorkigu, eta guk espazio horietan ere euskara egotea bermatu behar behar dugu.

Eremu akademikoan presentzia irabazi du euskarak, azken lau hamarkadetan; besteak beste, Elhuyar da horren adibide. Akademikoki irabazi duena galdu al du kalean?

Ez nuke horrela esango. D ereduan edo euskaraz ikasten dutenek halabeharrez egin behar izaten dute euskaraz klasean, baina, akaso, kalera irteterakoan, beste erlaxamendu batekin eta lagunartean, beste modu batera ikus dezakete hizkuntzaren erabilera. Beharbada ez dute eskolako nolabaiteko presio hori sentitzen, eta horregatik aldatzen dute hizkuntza. Ez dakit, kontu zaila da.

Futbolari batek bere agurreko adierazpena euskalkian eta, aldi berean, Espainol estandarrean zabaldu zuela-eta, batuaren eta euskalkien inguruko eztabaida piztu zen, duela zenbait aste, Twitterren. Zein da zure ikuspuntua?

Nik ez nuen bizi izan, baina irakurri izan ditut Euskara Batuaren sorreran izan ziren istiluen inguruko berriak; horiek etorri zitzaizkidan gogora, eztabaida hori piztu zenean. Lankideok asko hitz egin dugu gaiaz, gainera. Nire ustez, euskalkiak behar-beharrezkoak dira euskara bizi bat izateko, baina eredu bakoitzak bere tokia eta unea ditu. Esparru pertsonalenean euskalkia erabiltzea, ez zait besterik bururatzen niri. Ordea, esparru profesional edo akademikoan, ez dut uste egokiena denik. Egia da norbere hautua dela, sare sozialetan eredu bat edo beste erabiltzea. Baina, ez dugu ahaztu behar, euskarak hainbat lekutan aurrera egin baldin badu, hori Euskara Batuari esker izan dela.

Adibidez, bretoierak, karelierak eta sardinierak ezin dute aurrera egin, argi eta garbi, eredu estandarrik ez dutelako. Ikusten ari gara horrek zailtasunak besterik ez dituela ekartzen eta, esaterako, teknologiaren esparruan, ezinbestekoa da hizkuntza eredu bateratu bat izatea; hiztunentzat erreferentziazkoa izango den eredu bat. Gai zaila da hau ere, baina, uste dut estandarrak eta euskalkiak, biek dituztela beren leku eta testuinguru propioak, eta arazorik gabe bizi daitezkeela elkarrekin.

Estandarra, besteak beste, beharrezkoa da Elhuyarrek lanean jarrai dezan. Etorkizuna ikusten diozue zuen jardunari, ezta?

Bai, bai, zalantzarik gabe. Hizkuntza baliabideak sortzeko eta gizarteari eskaintzen jarraitzeko, edozein arlotan ahalik eta euskara gehien erabili dadin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!