Euskaraldiaren aurkezpen hitzordua, Tolosan

Tolosaldeko Ataria 2018ko martxoaren 22a

Hizkuntza ohiturak aldatzeko 11 eguneko ariketa soziala izango da Euskaraldia, eta Euskal Herri osoko herritar, gizarte eragile eta erakundeek parte hartuko dute; bilera 19:00etan izango da, asteartean.

Euskararen erabilera handitzeko egitasmo nazionala izango da Euskaraldia. Datorren udazkenean, 11 egunez martxan jarriko dute eta, erakunde, gizarte eragile eta herritarren artean osatuko dute, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa kolektiboa. Herri bakoitzak erabaki beharko du parte hartuko duen edo ez, eta, horretarako, Tolosan datorren martxoaren 27an aurkeztuko dute Euskaraldia, 19:00etan, kultur etxean.

Hitzordua Tolosako Udalaren Uemaren eta Galtzaundi Euskara Taldearen artean antolatu dute, eta bilkuraren jomuga izango da Euskaraldian tolosarrek nola parte hartuko duten zehaztea. Besteak beste, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte, herritarrek Ahobizi eta Belarriprest figuretan sartu beharko dute beren burua, hizkuntza ohituren aldaketan beren alea jarriz.

Euskararen alde erakunde, eragile eta herritarren artean antolatutako lehen egitasmoa da Euskaraldia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!