Tolosako Kuadrilla Egunaren data aukeratzeko bozketa abiatu dute

Ataria 2018ko martxoaren 21a

Kuadrilla Eguneko antolatzaileek bi egun proposatu dituzte, eta herriko gazte guztiei zabaldu diete bozketan parte hartzeko aukera.

Kuadrilla Eguna larunbatez ospatzen da, urtero, Tolosan. Aurten, ordea, ekainaren 23a, San Joan bezpera egokitu da larunbata. Hori dela eta, eztabaida piztu da kuadrillen artean eguna aukeratzerako orduan.

Noiz egin, beraz, Tolosako Kuadrilla Eguna? Antolatzaileek bi aukera dituzte eskuartean: bata, tokatu den moduan, ekainaren 23an; eta bestea, astebetez aurreratzea, eta ekainaren 16ean ospatzea.

Interneteko plataforma bat erabiliz, bozketa sistema bat abiatu dute. Izen-abizenak idatzi eta bi data horien artean aukeratu beharko dute gazteek. Izen-abizenak ondo idatzita dituzten botoak soilik zenbatuko dituzte.

Botoa emateko azken eguna martxoaren 27a izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!