«Bi aldiz begiratu behar izan nuen denbora, ez bainuen sinisten»

Asier Imaz 2018ko mar. 21a, 09:51

Igarondo Urpekoak taldeko kideak hiru urrezko domina lortu ditu Espainiako Txapelketan; asteburuan Munduko Kopa lehiatzen ariko da, Italian.

Albaitaritza ikasten ari da Irati Lakunza (Tolosa, 1996) Zaragozan. Laugarren urtea du, beraz, bosgarrena falta zaio karrera ateratzeko. Ikasi eta entrenatu. Ondo antolatuz gero, gauzak aurrera ateratzeko gai dela erakutsi du. Aurreko asteburuan erakutsi duena, ordea, zerbait gehiago izan da. Valladoliden, Espainiako Hegats Igeriketako Txapelketan, euskal selekzioarekin hiru urrezko domina eta hiru marka lortu ditu. Zeresana eman duten errekorrak dira, gainera.

Hiru probetan parte hartu eta hirurak irabazi.

Helburua irabaztea eta marka jaistea zen. Dena lortu dugu, eta oso ondo atera da. Egia esan oso pozik nago.

Hiru marka horietatik bi «estratosferikoak» omen dira Igarondo Urpekoak zure taldeko kideen esanetan.

200 metro ur azalean eta 400 metro murgilaldian dezente jaitsi ditut. 100 metro murgilaldian pixka bat bakarrik.

Aurreko markak zureak ziren. Orain, 3 segundotik gora hobetu dituzu. Nola azaltzen da hori?

Aurten entrenamenduak pixka bat aldatu ditugu. Kalitate gehiago sartu diegu. Luzeagoak ere badira, eta hor aldea nabaritu dela ematen du.

Zer da entrenamenduei kalitate gehiago sartzea?

Metro asko egin ordez, pixka bat gutxiago egiten ditugu, baina zehatzagoak. Hau da, nire probak 200 eta 400 metroak baldin badira, serie laburragoak egiten ditugu baina intentsitate gehiagorekin.

Eta hor kokatu behar dira 3 segundoko hobekuntza horiek.

Pixka bat jaistea espero nuen, horretarako entrenatzen baitugu. Baina horrelako emaitzak lortzea, horrenbeste jaistea, inondik inora ez nuen pentsatzen.

Beti esaten da entrenamenduek bere saria ematen dutela. Kasu honetan hori nabarmena da. Horrek sakrifizio guztiak balioan jarriko ditu, ezta?

Bai, izugarria da. Egia esan oraindik emaitza horiek ez ditut sinesten. Burbuila batean bezala nago.

Proba amaieran, denbora ikusi edo esan egiten dizute?

Ikusi egiten dugu, markagailua egoten baita.

Eta denbora ikusi zenuenean, erlojua gelditu zela edo zer pentsatu zenuen?

Broma bat zela. Iristen zarenean, gainera, erdi zorabiaturik egoten zara, arnasa hartzeko ere komeriekin. Bi aldiz begiratu behar izan nuen denbora, ez bainuen sinisten.

Denbora horiekin, iaz, Europako Txapelketan finalean egongo zinatekeen.

Alderaketak egiten egon gara, eta marka hauekin, lehengo urteko Europako Txapelketan, zortzi onenen artean egongo nintzateke. Baina nik jaitsi ditudan bezala, besteek ere denborak hobetuko lituzketela uste dut, beti gertatzen den bezala. Baina hori da kontua, iazko finaleko denborak direla; bai 200 ur azalekoak eta baita 400 murgilaldikoak ere.

Espainiako Txapelketa jokatu ondoren, Munduko Kopa tokatzen da orain. Bigarren jardunaldia Italian izango da, eta han egongo zara.

Larunbat eta igande honetan izango da. Gu ostegunean aterako gara, autobusez bi egun behar ditugulako. Mundu mailako liga bat bezala da Munduko Kopa. Italia, Frantzia, Kolonbia... hainbat lekutan lehiatzen da. Bigarren jardunaldia Italian izango da, eta gu, euskal selekzioarekin goaz.

Lehenengo jardunaldian zer gertatu zen?

Ez ginen joan. Hungarian izan zen, eta data txarrak eta aurrekontu eza tarteko, hegazkinez joan behar baita bertara, ez ginen joan.

Europako Txapelketan finalean egoten diren horien eta zure arteko desberdintasuna hori izan daiteke, ezta?

Beraiek azkenean horrelako probetan esperientzia gehiago lortzen dute. Txapelketa gehienetara joaten dira, diru gehiago daukatelako. Teknifikazio asteak eta abar egiten dituzte. Gu, berriz, hortxe gabiltza, justu-justuan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!