«Hemen ez da armagintzaren kontrako mobilizaziorik egon»

Iñigo Terradillos 2018ko mar. 21a, 07:58

Zenbat eta zein eratako armak egiten dira Euskal Herrian? Nora eramaten ditugu eta zertarako? Gaur, horrelako galderak erantzungo ditu Joseba Sanzek Antxon Bandres bidaiarien txokoan, 20:00etan.

Gerra hemen hasten da dokumentala abiapuntu hartuta hitzaldia eskainiko du, gaur, Joseba Sanzek. ATARIA IRRATIA-n hainbat galderei aurrez erantzun die.

Zein unetan dago 'Gerra hemen hasten da' dokumentala?

Mobilizazio eta kontzentrazioak grabatzen ari gara une honetan. Baina bestalde dokumentala bera, elkarrizketa guztiak, maiatza hasieran grabatuko ditugu.

Euskal Herriko armagintza salatzea duzue helburu dokumentalarekin.

Euskal Herriko armagintzaren historia kontatuko dugu, gaur egun egiten dena salatu. Gaur egun, goi teknologiadun konponenteak egiten dira, hemen. Adibidez, Eurofighter Typhoon hegazkinerako, helikopteroentzat eta dronentzat lan egiten da. Horien konponenteak egiten dira Euskal Herrian.

Ezin da esan Euskal Herrian armagintza industriarik ez dagoenik?

Industria handia dugu. Ehun enpresa baino gehiago daude konponente horiek egiten. Ez da industria oso ezaguna. Euskal Herrian intsumisio mugimendua egon zen, Irakeko Gerraren kontrako mobilizazioak izan ziren, baina armagintzaren inguruan ez da ez mobilizaziorik, ez ikerketarik egon.

Gasteizen badago kolektibo bat, duela 20 bat urte lanean hasi zirela, Gasteizkoak izenarekin ari dira. Bi liburu kaleratu dituzte, eta bertan datu guztiak jasota daude: enpresen izenak, zer produzitzen duten, zer herrialdeetara bideratzen duten... Benetan larria da.  

Garai batean Deba ibaiaren arroan izan zena, Eibar edo Soraluzen, desagertu da. Bertan pistolak egiten ziren, baina orain goi teknologiako armamentuen konponenteak egiten dira Euskal Herrian. Propulsoreak eta motorrak...

Gainera, salatu beharra dago, gure portuetatik ateratzen diren lehergai eta bonbak. Hau da larriena. Munizio hori guztia Saudi Arabiara, eta Yemengo gerran erabiltzen ari dira. 12.000 tona lehergai atera dira 2017an, Euskal Herritik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!