Tolosak indartsu eta bizirik jarraitzen du

Ataria 2018ko mar. 20a, 08:09

Cachenaut lehen goleko jokaldian errematea egiten

Tolosak 2-0 irabazi dio asteburuan Bergarari, lehen 16 minutuetan sartutako golei esker. Indarrez gainezka dira urdinak.

16 minutu nahikoa izan zitzaizkion Tolosari larunbateko neurketa erabakita uzteko. Intentsitate biziz irten zen berdegunera Ander Avellanedaren taldea, eta tentsioa nabaria zen: entzun besterik ez ziren jokaldi bakoitzean bi taldeek egiten zituzten oihuak. Asko zegoen jokoan.

Ekaitz bikoitza izan zen minutu horietan: alde batetik, euri-jasa; bestetik urdinen aukera sorta. Tolosarrek ezerezean utzi zuten Bergararen jokoa hasieratik, eta lehen minutuetan gol aukera asko izan zituzten. Horietako bi gauzatu zituzten. A ze bi gol!

Cachenaut-ek jarri zuen 1-0ekoa markagailuan, 6. minutuan. Eskuin hegaletik kornerra atera, eta atzelaria indartsu sartu zen buruz, baloia sareetara bidaliz. Bigarrena Bereziartuak egin zuen, hamar minutu beranduago, 40 metroko distantziatik. Baloia etorri ahala, bitan pentsatu gabe, atezainaren gainetik bota zuen. Ikusteko modukoa.

Gerora, atzeko espazioak ixten eta kontraerasoko jokoan zentratu zen Tolosa. Bergarak markagailua estutzeko aukera bakarra izan zuen, penaltiz, baina huts egin zuen eta ez zen gol gehiago ikusi Berazubin.

Zortzi jardunaldi falta dira liga amaitzeko, eta urdinak sailkapenaren bigarren postuan dira, indartsu. Azken neurketa hauetan, gainera, Ordiziari gehiago kostatzen ari zaio 3 puntuak eskuratzea. Asteburukoa, berriz, inflexio puntua izan daiteke Tolosarentzat. Aste Santuko geldialdiaren aurretik Mondraren aurka jokatuko du, Arrasaten. Oporren ostean, Tolosak Ordiziaren aurka jokatu beharko du Berazubin, apirilaren 15ean. Hori bai izango dela hil ala biziko neurketa.

Indarrak irauten badio, bizi, oso bizi jarraituko du Tolosak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!