Herrikide Ikastetxeak bat egin du itunpeko eskolen grebarekin

Ataria 2018ko martxoaren 20a

Argazkia: LAB

Gizarte Ekimeneko Itunpeko ikastetxeetako 10.000 langile deitu dituzte LAB, ELA, Steilas, CCOO eta UGTk grebara, lan hitzarmena berritzeko eskatzeko. Mobilizazioak %70eko jarraipena izan duela nabarmendu dute sindikatuek; patronalak, berriz, %39koa izan dela azaldu du.

Tolosako Herrikide Ikastetxeko langileen gehiengoak bat egin du Gizarte Ekimeneko itunpeko ikastetxeetan deitutako grebarekin. Gutxieneko zerbitzuak eskaini dituzte, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, DBHn eta batxillergoan; haur eskolak, ordea, normaltasunez egin du lan.

Kristau Eskolako eta IZEA, Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoko 180 ikastetxetako 10.000 langile inguru zeuden deituta gaurko grebarako. Ia 118.000 ikasleri ematen diete zerbitzua. Ikastolen Elkarteak, aldiz, ez du bat egin deialdiarekin.

Sindikatu deitzaileen arabera, %70eko jarraipena izan du grebak. Goizean, manifestazioak egin dituzte EAEko hiru hiriburu nagusienetan, Donostian, Gasteizen eta Bilbon, lan hitzarmen berria aldarrikatzeko.

Hain zuzen, 2009koa da sektoreko azken lan hitzarmena. "Geroztik, inposatutako murrizketei aurre egin behar izateaz gain –%5eko soldata murrizketak eta estatuko hitzarmenaren inposizioa– ia 10 urte luzez akordio baten alde negoziatzen izan gara. Patronalak negoziazioa etengabe luzatzeko jarrera du, eta ez du akordiorako borondaterik", azaldu dute sindikatuek.

Hori horrela ikusita, gutxieneko aldarrikapenak modu bateratuan jorratuko zituen plataforma bat jarri zuten martxan sindikatu guztiek, irailean. Erantzuna, ordea, "eskasa" izan zela diote, horregatik negoziazio mahaitik altxa eta mobilizazioak hasi zituzten.

"Beharrezkoak diren hobekuntzak jasoko dituen akordio bat" eskatzen dute sindikatuek: "Sektoreko arazo larrienetako bat lan kargen hazkundea da, ordu osagarriak berez direnerako ezin erabili izatea edota etxean egiten den lanaren aitortza eza".

Jaiotza tasaren jaitsierak ere ondorio negatiboak eragin dituela azaldu dute sindikatuek: "Hezkuntzako lehen etapetan gelak galdu dira eta kaleratzeak izan dira". Horren aurrean, enpleguaren mantenurako plan bat proposatu diote patronalari, ordezkapen poltsa gardena eta objektiboa osatuz.

Urte hauetan sektoreko langileen eroste ahalmena %13,6 murriztu dela salatu dute. "Baldintza prekarioetan lan egiten duten Haur Hezkuntzako lehen zikloko eta Hezkuntza Laguntzako Espezialisten lan baldintzak duintzea ere lehentasunezko gaia da", azaldu du ELAk.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!