Loraldi-urte baten petaloak jasotzen ari da, oraindik, Udaberri dantza taldea. Sei hamarkadako urtemuga dirdiratsua ospatu zuten iaz, hamabi hilabetetan barrena, baina, Udaberri ari da, jada, 61. urteurrena idazten: martxoaren 24an, urteroko dantzari txiki eta erromeria eguna antolatuko dute.
Gaztelako Atea baliatu dute, aurten, euskal dantzari eskainitako egunaren xehetasunak plazaratzeko. Horrela, beste behin, herritarrak deitu nahi izan dituzte, «lotsarik gabe», gorputza askatu, eta dantza egitera. Hain justu, Sueltoan gabiltza leloa aukeratu du, Udaberrik, iluntzeko erromeria iragartzeko, eta atzo sareratu zuten ekitaldiari begira egindako spota.
Azken urteotako eskemari heldu, eta bi zati nagusitan banatu dute eguna, Udaberri dantza taldeko antolatzaileek. Horrela, belaunaldi berriek hartuko dute goiz-arratsaldea, Euskal Herriko dantza talde ordezkarien eskutik; guztira, ia 500 pertsona elkartuko ditu dantzari txikiak, gaztetxo, begirale eta musikariak tarteko.
Arabatik Amurrioko Aiara, Bizkaitik Algortako Itxartu, Lapurditik Hendaiako Akelarre, Nafarroatik Iruñeko Muthiko Alaiak eta, Gipuzkoatik, Errenteriako Ereintza, Oiarttzungo Haurtzaro eta Oñatiko Oñatz dantza taldeak gonbidatu dituzte. Horiekin guztiekin, noski, Udaberri dantza taldeko neska-mutilak ere ariko dira.
11:30ean ekingo diote kalejirari, eta Alde Zaharra nahiz erdigunea hartuko dituzte, eguerdira bitarte. 13:00ean, berriz, herriko elkarteek prestatuko diete bazkaria.
Horren harira, Udaberri dantza taldeak eskerrak eman nahi izan dizkie, batetik, dantzari txiki eguna antolatzeko laguntza eskaini dieten gurasoei. Era berean, Tolosako hainbat elkarte gastronomiko ere ekarri nahi izan dituzte gogora: Aiz Orratz, Casino, Ero Etxe, Kabi Alai, Oargi, San Esteban, Txinparta, Urdina Txiki, Lizardi, Iurre eta Aurrera elkarteak. «Horien guztien laguntzarik gabe, ezinezkoa litzateke dantzari txikia eta erromeria antolatzea», azpimarratu dute.
XIII. dantzari txiki eguna, azkenik, Plaza Berriko emanaldiak biribilduko du, 16:30ean hasita.
Sueltoan aritzeko plaza
Egunaren bigarren erdia ere dantzari eskainiko diote udaberritarrek, baina helduei begirako hitzorduak prestatu dituzte, ohi bezala.
Zerkausian izango da urteroko erromeria, eta poteo musikatuarekin girotuko dute Alde Zaharrak, lehenengo; 19:00etan egin dute hitzordua, Plaza Zaharrean. Afalondoren, noski, gorputza astintzeko tartea baino ez da izango Zerkausian, Laket taldearen eskutik, eta eraikina dantza egin nahi duten herritarrei zabalik izango da. Inor behartzeko asmorik gabe, baina, Udaberriko kideek euskal jantziz atonduta bertaratzea eskatu diete herritarrei.
Afari txartelak eskuragarri daude, 15 euroan, Ikatza, Xirimiri eta Orbela tabernetan.