Irati Lakunzak urrezko hiru domina irabazi ditu Espainiako Txapelketan

Ataria 2018ko martxoaren 19a

Hegats Igeriketako Espainiako Txapelketa jokatu da asteburuan Valladoliden, eta Igarondo Urpekoak taldeko bi ordezkari izan dira bertan, Euskal Selekzioarekin: Irati Lakunza eta Olatz Eizmendi tolosarrak.

Irati Lakunzak balentria ederra egin du, beste behin ere. Hegats Igeriketako Espainiako Txapelketako hiru probetan lehiatu du, eta hirurak irabazi ditu. Eta hori gutxi balitz, bi marka puskatu ditu. Hobeto esanda, txikitu.

Ur gaineko 200 metroko lasterketan irabazi du lehen urrezko domina. 1:34.37ko denbora egin du, aurreko marka baino 3 segundo azkarrago. 400 eskafandran ere, garaipenaz gain, marka puskatzea lortu du: 3:14.73. Aipatutako aurreko bi markak ere berak jarritakoak ziren. Hirugarren domina 100 eskafandran lortu du, eta errekorra egitetik 20 ehunenekora baino ez da geratu.

Olatz Eizmendiri, berriz, talde lana egitea egokitu zaio, eta bere marka pertsonalen inguruan ibili da.

Igarondo Urpekoak taldetik bien lana txalotu dute: "Iratik Europako Txapelketan emaitza hauek errepikatzen baditu, finala oso gertu izango du. Olatz gaztetxoen entrenatzaile lanetan ere ibiltzen da, eta ez da erraza izaten norbera ere prestatzea lan hori duzunean".

Hain zuzen, ostegunean Italiara bidaiatuko dute biek Munduko Kopako 4. jardunaldia jokatzera. Maddi Goenaga eta Jon Espina entrenatzailea ere bertan izango dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!