Bizikidetza eredua, eredu

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 16a, 16:16

Euskal Herriko eta Espainiako hezkuntza sare ezberdinetako 38 profesional bildu dira, gaur, Tolosan, Herrikide Ikastetxeko Bizikidetza Programaren nondik norakoak gertutik ezagutu eta gaiaz hausnartzeko.

Bizikidetzaren gaia pil-pilean da: komunikabideetan, politikan, iritzi publikoan... Baita ikasgeletan ere. Gero eta gehiago dira, ikasleekin, elkar ulertu beharraz lan egiten duten ikastetxeak. Tolosako Herrikide da horietako bat.

Adimen emozionalean oinarritutako Bizikidetza Programa bat abiatu zuen Herrikidek, eta sektoreko profesional gehiagorekin partekatu du esperientzia, bigarren urtez. Donostia, Zarautz, Mutriku, Bilbo, Iruñea, Zaragoza, Sevilla edota Badalonako 38 irakasle Tolosan bildu dira, gaur. «Arrakastatsua» izan da jardunaldia, Pello Agirrezabal, ikastetxeko zuzendariaren hitzetan.

«Interesgarria izaten da beti iritziak partekatzea. Gainera, hezkuntza sare ezberdinetako kideak izan dira: Kristau Eskolakoez gain, Ikastoletakoak edo ikastetxe publikoetako ordezkariak ere etorri dira. Sareen muga horiek gainditu behar ditugu, guztion artean ideiak partekatu, bizikidetza garatzeko. Gizartea eraldatzeko helburua du Bizikidetza Programak, eta horretarako guztion artean aliantzak eraiki behar ditugu», azaldu du.

Gaurko jardunaldian haurrek izan dute ikastetxeko Bizikidetza Programaren nondik norakoak azaltzeko ardura. 7 urtekoek adostokiak zein modutan erabiltzen dituzten azaldu dute; 5. eta 6. mailako ikasle bitartekariek, eta DBHko laguntzaileek ere hartu dute parte.

Batxillergoko lehen mailako ziberkideek, berriz, sare sozialetan gaia nola jorratzen duten azaldu dute. «Formakuntza saioak jaso eta gero, sare sozialetako erabilera okerrak eta arriskuak hautematen dituzte, eta maila baxuagoko umeei ikasitakoa azaltzen diete. Gerora, haurrek euren posta elektronikoa dute, eta horrelako kasuen aurrean, zuzenean beraiekin harremanetan jar daitezke. Konfiantza handiagoaz hitz egin dezakete, zuzenean, ikasleekin», dio Agirrezabalek.

Horrelako programa bat garatzeko irakasleak formatu egin behar direla nabarmentzen du zuzendariak: «Gauzak argi izan behar dira klaustroan. Guk 2 urteko formazioa izan dugu, eta horretan jarraitzen dugu».

Ikusmina piztu du gaurko jardunaldiak, baita emaitzak jaso ere. «Pasa den urtean parte hartu zuen Madrilgo ikastetxe bat, esaterako, hasia da neurriak aktibatzen, hemen entzundakoan oinarrituta. Hori da pozgarriena. Horrek erakusten du eskola normal batean, posible dela bizikidetza programa sendo bat osatzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!