Tolosaldea Bus Greba

Indarrak batu dituzte, langile eta herritarrek, Tolosaldea Bus enpresako auzian

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko martxoaren 16a

Enpresako langileek eta Amarozko auzotarrek elkarretaratzera deitu dituzte herritarrak, Tolosako udaletxe atarian; enpresaburuek ez dute negoziatzeko eseri nahi, eta gogor salatu dute jarrera hori.

12:00etarako egina zen hitzordua eta, erabiltzaile eta langileek, indarrak batu dituzte Tolosaldea Bus enpresako auzian. Zehazki, Tolosakko Hiribusari begirako mobilizazioa izan da gaurkoa eta, hain justu horregatik, Plaza Zaharrean elkartu dira, kaleratutako langileari elkartasuna azaltzeko, eta Hiribusean zerbitzu duina eskatzeko.

Mobilizazioa bat-bateko batzar txiki bat egiteko baliatu dute langile eta herritarrek. Bertan, azaldu dute Olatz Peon alkateari bitartekari lanak egitea eskatu ziotela, eta Tolosaldea Bus-eko arduradunekin elkartu dela alkatea: enpresaburuak ez du negoziatzen hasteko inolako asmorik, Peonek amaroztarrei azaldu dienez.

Horren aurrean, "haserre" azaldu dira herritarrak, eta "presio handiagoa egiteko beharra" plazaratu dute bilkuran, "zerbitzu publikoa izaki". Autobus publikoaren auzian beren alea jarriz jarraituko dutela nabarmenduz, datorren martxoaren 22ko manifestaziorako deialdia zabalduko du Amarotz Auzo Elkarteak, bai amaroztarrentzat, bai tolosar guztientzat ere.

Ia bi hilabeteko soka

Enpresa hitzarmena lortzeko borrokan, Tolosaldea Bus enpresako langileek hilabete baino gehiago daramate greban. Batetik, foru aldundiaren esku daude, eskualdeko garraio publiko zerbitzu osatzeko; bestetik, berriz, Tolosako Udalaren Hiribus zerbitzua eskaintzen du Tolosaldea Busek. Bada, martxoa hasieran, Hiribuseko langileetako bat kaleratu izanaren salaketa gehitu zioten, langileek, negoziatzeko ezintasunari.

Horrela, Amarotz Auzo Elkartea ere martxan jarri da, aferan esku hartzeko: joan den astean batzarra egin zuten auzoan, Hiribuseko erabiltzaileen ehuneko handi bat osatzen baitute amaroztarrek. Bertan, Tolosaldea Bus enpresako langileen borrokari elkartasuna azaltzeaz gain, auzia jarraitu eta horretarako batzorde bat osatzea proposatu zuten, gaurko elkarretaratzerako deialdia zabalduz.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!