«Txinak jada aldatu du mundua, eta are gehiago aldatuko du»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko mar. 18a, 09:54

48 orduko egonaldia eskainiko die Zigor Aldamak, Shangain, martxoaren 22an Topic zentrora bertaratzen direnei (19:30); maiteminak eraman zuen hara, eta hura kontatzeko geratu zen.

Nola iritsi zinen Txinara?

Txinara 19 urterekin iritsi nintzen lehenengoz eta, egia esan, ez nuen interes berezirik herrialdearekiko. Hara iristeko arrazoia oso bestelakoa izan zen: Belfasten ari nintzen kazetari moduan nire lehen pausoak ematen, eta emakume txinatar batekin maitemindu nintzen. Eta horrela ezagutu nuen bere herrialdea.  Iritsitakoan ezagututako errealitateak ez zuen zerikusirik nire aurreiritziekin eta, deskubritu nuen, mendebaldeak oso gutxi ezagutzen zuela Txina. Hori guztia kontatu nahi nuen, eta bertan geratzea erabaki nuen, horretarako.

Urteak daramatzazu han. Nolakoa zen orduko Txina, eta nolakoa da gaur egungoa?

Jada 19 urte daramatzat han; pentsa, 2018an, Bilbotik kanpo daramatzadan bezainbeste urte egingo ditut, Txinan bizitzen. Epe horretan, aldaketak izugarriak izan dira, eta askotarikoak. Ekonomia txinatarrak izan duen hazkuntza historiako azkarrena izan da, eta Txina superpotentzia bilakatu da. Aldaketa ekonomiko hori, gainera, gizarteko beste hainbat aldaketarentzat indar bilakatu da, eta arrakala handia sortu da belaunaldien artean. Ni iritsi nintzenean, Txina, artean, herrialde atzeratua zen; orain, ordea, hainbat sektoretan, Txina herrialde liderra da nazioartean.

Mendebaldean, estereotipo gehiegi eraikitzen ditugu Txinaren inguruan?

Zalantzarik gabe, bai. Dena den, uste dut hori herrialde ezezagun guztiekin gertatzen dela. Txinako gizartea oso desberdina eta konplexua da eta, batzuetan, badirudi estereotipoak direla berau ulertzeko modu bakarra. Nire egitekoa hori da, korrespontsal gisa: topiko horiek puskatzen saiatzea, eta herrialdearen irudi errealago bat ezagutaraztea.

Shangai izango da zure hitzaldiaren erdigunea. Zer da Shangai Txinarentzat?

Shangai askoz ere gehiago da, Txinako hiriburu ekonomikoa eta Txinako hiri jendetsuena baino. Txinak XXI. mendean izatera iritsi nahi duen guztia islatzen du. Gehien garatutako megalopolia da, eta jarraibide ekonomiko eta sozialak markatzen dituena; Shangai leiho bat da, munduko bigarren potentziaren etorkizunera. Horregatik guztiagatik, nahiz eta ikuspuntu turistikotik hiri erakargarriegia ez izan, hiri zirraragarria da herrialdearen aldaketetan interesa duten guztientzat.

Herrialde osora zabaldu aurretik, lege, berrikuntza eta erreformak proban jartzen omen ditu, gobernuak, Shangain. Hori gauza jakina al da han? Normaltasunez bizi dute?

Bai, hala da, eta erabat lotuta dago, gainera, aipatu dudanarekin. Shangai proba-banku bat da, eta proba horiek sistema txinatarraren eraginkortasuna ordezkatzen dute: lehenengo, edozein esparrutako proiektu pilotu bat martxan jartzen dute Shangain; gero, probak funtzionatzen ote duen edo ez ikusten dute eta, azkenik, proba hori herrialde osora zabaltzen dute pixkana. Guri arraroa suerta dakiguke, baina Txinan eskertu egiten dute. Izan ere, tamaina horretako herrialde batean, edozein akatsek oso ondorio txarrak sor ditzake.

Txinaren gorakada ekonomikoaren oihartzuna iritsi izan da Europara azken urteotan. Kontatzen digutenaren neurrikoa, ala handiagoa da Txinaren benetako potentzia?

Oso zaila da txinatarren garapena neurtzea. Argi dago Txinak munduaren antolakuntza berri bati bide eman diola, eta AEBek jada ez dutela hegemoniarik bertan. Txinak jada aldatu du mundua, eta are gehiago aldatuko du oraindik. Horrek esan nahi du, Txinan gertatzen denak bete-betean eragingo digula, eta jada eragiten ari zaigula. Txina globalizazioaren gidari da, eta mendebaldetarrok gure mundu ikuskera aldatu egin beharko dugu. Zenbat eta azkarrago egin, orduan eta aukera handiagoa izango dugu, nolabaiteko arrakasta eskuratzeko.

Datozen urteetako geopolitikan zein garrantzia izan lezake Txinak?

Txina mundu berri bati forma ematen ari da, jada, Zetaren Bide Berriarekin edo Azpiegituretarako Inbertsio Banku Asiarrarekin. Erakunde berriak dira, eta garapen bidean dauden herrialdeak dituzte bizkar-hezur, Mendebaldea erdigunean izan beharrean; orain arte gertatu denaren aurkakoa, alegia. Horrela, Txinaren eragina nabarmena da potentzia asiar, afrikar eta latinoamerikar berrietan. Lurralde horientzat guztientzat, Txina aukera bat da, mehatxu bat baino gehiago, eta alderantzizkoa gertatzen zaie botere tradizionalei.

Bilbotar bat nola egokitzen da megalopoli bateko egunerokora?

Egiari zor, zailtasunekin; ez dut inor engainatuko. Hiria izugarri handia da, badirudi ez dela sekula bukatuko, eta bizi-erritmoa erotzekoa da; zaila da hara egokitzea. Gainera, gizarte txinatarrak aisiaren inguruko oso bestelako ikuspegia du: naturaltasuna falta da, eta kazetari lana ez da batere sinplea, Txina bezalako herrialde autoritario batean. Hala ere, denborarekin, ikusi dut gizakia edozertara egokitzeko gai dela; hori bai, bueltatzeko gogoz naiz.

Euskal Herriarekin antzekotasunik badu Shangaik?

Herritarrek janariari dioten maitasuna izan ezik, oso antzekotasun gutxi dituzte.

Zein bidaiari motari gomendatuko zenioke Shangai bisitatzea?

Shangai ez da, esaterako, Pekin bezain hiri turistikoa. Ez dago ia tenplurik, eta guztia nolabait modernoa da. Horregatik, nire ustez, Shangai sentitzeko hiria da, ez ikustekoa. Turista moduan baino, bidaiari moduan iritsi behar da Shangaira; jendearekiko izan behar da interesa, monumentuekiko izan beharrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!