«Paisaiarik ederrenak giza-paisaiak dira»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko mar. 16a, 11:28

Pasioak lana eta lanak pasioa, biak elikatzeko zortea izan du Monica Hernandez kazetariak. Madrildarra da, eta Espainiako telebista publikoan aritzen da erreportari lanetan.

Monica Hernandezek «besteen bizitzen bitartez» berea bizitzen du. Hori du, hain justu, bidaien altxortzat: herrialdeak ezagutu beharrean, herrialdeetako jendea ezagutzea. Gaur bertan ariko da Amalur jardunaldietan, Topic zentroan, Oman hizpide duela.

Nola iritsi zinen, lehen aldiz, Omanera?

Uda batez, egun batetik bestera, opor egunak eman zizkidaten lantokian eta, hain bat-batekoa izan zenez, ez nekien zer egin. Nik, normalean, urrian egiten ditut bidaiak, baina, jai egun horiek eman zizkidatenez, hegaldi merkeen bila hasi nintzen, eta Dubaira zihoan bat aurkitu. Banuen Arabiar Emirerri Batuetara bidaiatzeko gogoa, ez bainuen aurrez ezagutzen; joatea erabaki nuen. Egia esan, ez dut oporraldi hura sekula ahaztuko.

Jordi Estevaren Los árabes del mar (Itsasoko arabiarrak) irakurria nuen ordurako, eta baita Omani buruzko zenbait kontu ere. Egia esan, oso gutxi idatzi izan da Omani buruz, eta ez da erraza datuak eskuratzea. Horrela, Emirerrietan nengoela baliatuz, Oman bisitatzea erabaki nuen. Dubaitik Maskatera Omango hiriburura autobus bat hartu, eta halaxe iritsi nintzen. Oso bidaia polita izan zen: basamortua zeharkatzen du autobusak eta, bidaiaren erdian, ibilgailua gelditu, autobusetik jaitsiarazi eta maletak miatzen dizkiete bidaiari guztiei. Bitxia da, egia esan.

Iritsitakoan, 53 gradu zeuden, eta neure buruari galdetu nion: «Zer egiten dut nik Omanen?». Beraz, pentsatu nuen Mila eta bat gau liburuko Simbad marinelaren urratsak jarraitzea, Omanek magikotik eta mistikotik zenbat ote duen ezagutzeko. Ordea, bidaia osoa pasatu nuen Simbad-en eta magiaren arrastorik aurkitu gabe.

Simbad aurkitu ez zenuen arren, Omanen oso errotuta al daude sinesteak?

Bai, bai. Turismo gutxiko herrialdea da, eta ez dute ia azpiegiturarik. Herrialde oso musulmana da, gizonak tradiziozko arropak janzten dituzte, eta emakumeak ia erabat estalita ateratzen dira kalera. Herrialde tradizionala da, eta, niri, adibidez, oso deigarria iruditu zitzaidan, hondartzetakoa. Sekulako hondartzak dituzte, eta bero izugarria, beraz, nik uretan sartu nahi nuen, noski. Bidaian bakarrik zebilen mutil frantziar bat ezagutu nuen, eta biok uretara sartzea erabaki genuen, bainujantziarekin; haientzako E.T. ikustearen parekoa izan zen, emakume bat bikinia jantzita ikustea. Zentzu horretan, kontu pixka batekin ibili behar da, han ez baitute hondartzara joateko ohiturarik: uretan sartzeko hondartza pribatuetara joaten dira, eta emakumeek jantzita sartu behar izaten dute uretara, noski.

Aldi berean, ordea, badituzte ezaugarri aurrerakoiak ere. Adibidez, emakumeek aukera dute unibertsitatean ikasketak egiteko, eta, hirigintzari dagokionez ere, oso mendebaldeko azpiegiturak dituzte. Dena den, hori kontu orokorra da petrolioaren industrian aritzen diren herrialdeetan.

Nola hartzen dituzte mendebaldeko turista emakumeak?

Bakarrik bidaiatzearen harira, askotan galdetu izan didate beldurrik ez ote dudan, zer nolako harrera egiten ote didaten, zein segurtasun neurri hartzen ote ditudan,... Ni, gizonezkoa banintz ere, bakarrik bidaiatuko nuke. Alegia, ez dudala emakume ausartaren eta erronkazalearen azaletik bidaiatzen; mundua ezagutu nahi duen pertsona baten ikuspuntutik bidaiatzen dut. Gozatzeko, aske sentitzeko eta gauza berriak ezagutzeko interesa dut eta, emakume izateak, segurtasunean baino ez du eragiten; eta, gainera, ez leku guztietan. Beharbada, tradizioz matxistagoak diren herrialdeetan, kontu handiagoz bidaiatu behar da.

Zeri begira, adibidez?

Herrialde arabiarretan, esaterako, eraztun bat janztea ondo etortzen da, segituan galdetzen baitizute ezkonduta ote zauden; baiezkoa erantzunez gero, errespetu handiagoz hitz egiten dizute. Era berean, komenigarria izaten da gizonei begietara ez begiratzea, edo begiradari ez eustea, izan ere, bakarrik ikusten zaituzte eta, leku askotan, iruditzen zaie zerbaiten bila joan zarela. Mendebaldean, hori guztia surrealista suerta daiteke, baina, han, oso kontuan hartu beharreko gauzak dira, arazoak sor daitezkeelako. Ezin da hara bidaiatu, parametro mendebaldarrekin; zoazen lekura zoazela, egin ikusten duzuna.

Eta, hango gizartean zein leku dute emakume omandarrek?

Oso emakume tradizionalak dira, eta galarazita dute espazio publikoa. Gogoan dut Maskat hiriburuan paseoan nenbilela, eta beltzez jantzitako bi emakume gazte etengabe niri begira zeudela. Ez nekien zer nahi ote zuten, eta berengana hurbildu nintzen, hitz egitera. Bada, amari baimena eskatu, eta beren etxera gonbidatu nahi ninduten bazkaltzera, bakarrik ikusi nindutelako. Tarte luze samar batean zain egon nintzen eta, bat-batean, baiezkoarekin itzuli ziren. Beren etxera sartu nintzen, eta ikusi nuen aita ez zela etxean, emakumeak bakarrik zeudela. Han, ia inork ez du ingelesez hitz egiten, eta oso zaila da elkar ulertzea, nik neuk ere ez dudalako haien hizkuntza menperatzen. Egoera, beraz, berezia izan zen, ez zidatelako gehiegi hitz egiten. Espazio publikoa hartzeko aukerarik ez dutenez, emakume horiek ez dute turistekin ia hitzik egiten, eta ez dakite zer galdetu edo zer esan.

Hori horrela izanda ere, ni ez naiz ausartzen Omanen emakumeak duten lekua epaitzera, eta ez naiz ausartzen, esatera, emakume gaixo horiek esklabo bilakatu dituztela. Azken finean, mendebaldeko ikuspuntu kapitalista eta garatutik begiratzen diogu hango errealitateari, baina, nor gara gu hori epaitzeko? Nik neuk, bidaiatzen hasi nintzenean, zera pentsatzen nuen: «Gaixoak, begira zein atzeratuta bizi diren oraindik». Baina, lekuak ezagutzen joan naizen heinean, konturatu naiz, norbera, daukan horrekin, zoriontsu izatea dela garrantzitsuena. Eta, beraiek, daukaten horrekin zoriontsu baldin badira, akaso gu baino hobeto bizi dira. Izan ere, gu ez gara erabat zoriontsu telefono mugikorrekin, tabletekin, auto oso azkarrekin, garapen teknologikoarekin nahiz ongizatearen gizartearekin.

Aurreiritzi gehiegiz elikatzen dugu geure burua?

Bai. Eta ez, bakarrik, herrialde jakin batzuen inguruan; baita geure buruaz ere. Bidaietan espainiarrekin topo egiten dudanean, gehienetan taldeak izaten dira, eta turismo independente gutxi aurkitu izan dut; leku hori benetan ezagutzera joaten den jende gutxi. Zenbat aldiz esango ote zidaten niri: «Malasyara zoazela? Ai ama, kontuz ibili han!». Zer da hori? Inork ez daki Malasya non dagoen, Sri Lankan zer gertatzen den edo Libian nola bizi diren. Beldurra da aurreiritzi horien oinarria: beste norbaitengandik babesteko epai bat egiten dugu, izaki ahulak garelako, horrek ezerengandik babesten ez gaituen arren. Baina, noski, askoz ere errazagoa da, pentsatzea, munduaren beste puntan daudenak oso-oso atzeratuta eta gaizki bizi direla, haien bizimodua ezagutu eta ulertzen saiatzea baino. Uste dut, guk, hainbeste aurreratu eta garatu nahi horrekin, atzera egiten dugula, eta akaso gu garela aldatu beharko genukeenak. Laguntasuna, elkartasuna, gozatzen jakitea, lasaitasuna,... Hori guztia galdu dugu guk, baina, beste leku batzuetan, lau gauzarekin topiko bat dirudi, baina egia da, poz-pozik bizi dira.

Kazetaria zara eta, besteak beste, bidaien inguruko telebista saio ezagun batean aritu izan zara, Espainian. Zer eman dizu horrelako saio batean aritzeak?

Asko eman dit, egia esan. Nik kazetaritzaren ikuspegitik begiratzen diot bizitzari eta, beraz, istorioak ezagutzea eta kontatzea dut gustuko. Sekula izango ez ditugun bizitza horiek bizitzeko aukera ematen dute kazetaritza eta bidaiek. Askotan, gehiegizkoa da lanbidearen ajea eta, oporretara joan, eta herrialde horretan albisteren bat sortzeko itxaropenez egoten naiz. Dena den, bidaia batean beti ezagutzen da jendea edo beti sortzen dira gertaera bereziak, eta horiek bilakatzen dira nire albiste.

Zein gomendio emango zenioke herrialde ezezagun batera bidaiatzeko gogoz, baina beldurrez dagoen horri?

Emakume askok esaten didate, ez direla ausartzen bakarrik bidaiatzera, edo beren mutil-lagunei ez zaiela ondo iruditzen beraiek bakarrik bidaiatzea. Sinestezina da, baina, azken errealitate hori uste duguna baino gehiagotan gertatzen da. Nik beti gomendatzen dut bidaiatzea, bidaiatzea eta bidaiatzea, hartu beharreko neurriak hartuz, baina herrialde berriak ezagutuz. Ezagutze hutsarekin, gure pentsaera irekiko zaigu eta, ikusiko dugu, ez gaudela bakarrik eta ez garela mundu honen jabeak. Mundua opari bat da, eta munduaz gozatu egin behar da, mundua eta munduko jendea errespetatuz. Izan ere, paisaiarik ederrenak giza-paisaiak dira, eta jendea izaten da bidaietako garrantzitsuena, mendiez, lakuez edo ur jauziez harago.

Zeure burua besteengan ezagutzea garrantzitsua da eta, ikustea, gauza gehiagok batzen gaituztela, banatu baino. Zirrarak, elkarrekin egoteko beharrak nahiz sufrimenduak batzen gaitu eta, kontrara, hizkuntzek edo azalaren koloreek banatzen. Baina azken horiek unean uneko kontuak dira, ez besterik. Ondorio horretara iristen zaren unean, buruak klik egiten dizu, eta aldatu egiten zara pertsona bezala; nolabait, enpatikoago bilakatzen zara.

Horrenbestez, bidaiatzea gomendatzen dut beti eta, batez ere, bidaiak zu egiten uztea, zuk bidaia egin beharrean; bidaiariak aldatuta itzuli behar du, beti, bidaiatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!