M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2018

M8-ko hauspoa baliatuko dute, Tolosaldeko Emakumeen Etxea gorpuzteko

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko martxoaren 15a

Greba antolatzen aritu den taldeak zorionak eman dizkie eskualdeko emakume guztiei, gogora ekarriz, aspaldiko urteotan Tolosan izan den mobilizazio handienetakoa izan zela, joan den ostegunekoa.

Soka luzea ekarriko du, oraindik, joan den martxoaren 8ko greba feministaren arrakastak eta, eskualdean, deialdiaren indarra baliatu nahi dute, egitasmo garrantzitsu bat hauspotzeko: Tolosaldeko Emakumeen Etxea. Horrela, bilerara deitu dituzte eskualdeko emakume guztiak, datorren apirilaren 17an, 19:00etan, Tolosako kultur etxean. 

Tolosaldeko asanblada feministak grebaren balorazio bikaina egin du eta fokua jarri diote, Emakumeok* planto! deialdiaren harrerari: "Erantzun horrek argi erakusten du emakumeok kokoteraino gaudela, eta beharrezkoa dela sistema bera eta funtzionatzeko moduak aldatzea".

Bide horretan, zorionak eman dizkiete Tolosaldeko emakume guztiei: "Zorionak, modu batera edo bestera, M8-arekin bat egin zenuten emakume guztioi". Gainera, gogoan izan dituzte greba egiteko baimenik izan ez zuten emakumeak, eta baita deialdirekin bat egiterik izan ez zutenak ere.

Hilaren 8rako herriz herri antolaturiko jarduerak txalotu dituzte, baina bereziki goraipatu dute eskualdeko deialdi nagusiak –eguerdikoak– izandako arrakasta: "Tolosaldean ere milaka emakumek bat egin zuten mobilizazio deialdiarekin, eta azken urteotan Tolosak hartu duten mobilizazio handienetako bat izan zen: jendetsua, alaia, plurala eta emozioz betea".

Herritarrek nahiz erakundeek greba feministak sortutako uholdeari erantzun bat eman behar diotela iritzita, antolakuntzan aritu zen taldeak iragarri du elkartzen jarraituko dutela, besteak beste, eskualde osoko emakumeentzat erreferentziazko gune bat gorpuzteko. Horrela, "M8-koa bezala beste egun asko errepikatzeko", proiektu horretara bideratuko dituzte indarrak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!