«Etxean gertu-gertutik bizi izan genuen 1978ko gertakizuna»

Iñigo Terradillos 2018ko mar. 15a, 18:32

Karlos Linazasorok (Tolosa, 1962) 6012 eleberri laburra plazaratu du, 1978an gertutik bizi izan zuen tren istripu bat abiapuntutzat hartu eta fikziora eramanda.

Duela ia 40 urte gertatu zen. Linazasoro nerabea zela, 15 urte zituen, tren istripu batek hankaz gora jarri zituen Tolosa eta inguru guztia. 1978ko martxoaren 28a zen. Goizaldeko ordu bata eta erdiak inguruan, 6012 zenbakia zeraman merkantzia tren bat errailetatik atera zen Tolosan.

Zer gertatu zen, eta zergatik izan zen hain arriskutsua?

Martxoaren 28an beteko dira 40 urte istripua gertatu zela. Ez dut propio idatzi 40. urteurren hori dela eta, baizik eta gertatu zenetik buruan izan dudalako.

Istorioa kaleratu beharraz hitz egin duzu. Azkenean eleberri forma hartu du.

Orduan 15 urte nituen. Etxean gertu-gertutik bizi izan genuen. Aita orduan udal gestorako burua zen, zoritxarrez. Etxean benetan oso momentu latzak eta gogorrak bizi izan genituen. Nerabea nintzen orduan eta gauzak grabatuak geratzen dira, betiko. Banekien noizbait edo nolabait kontatuko nuela. Asko kostata baina azkenean atera dut.

Aita orduko udal gestorako burua zela esan duzu. Zer esan nahi zuen horrek?

Franco hil ondoren lehen hauteskundeak izan baino lehen udal gestora bat izan zen, bi urtez. Aita zen gestora horretako buru, alkatea izango balitz bezala, baina hauteskunderik gabe. Ez dakit zehazki nola kudeatu zen, nork antolatu zuen batzorde hori.

6012 zenbakia zeraman merkantzia trena errailetatik atera zen Tolosan, 1978an. Tren geltokia eta apeadero artean geratu zen.

Hori da Tolosa erdi-erdian, anbulatorio pare horretan. Munstro hori hortxe geratu zen hankaz gora. Trenak azido zianhidrikoa zeraman, tankeak 50 tona zeramatzan. Esan zuten bonba atomiko txiki bat zela. Nahikoa zela Tolosa eta Tolosaldea guztia hankaz gora bidaltzeko, dena txikitzeko.

Kamioia gelditu zen moduan, lehertzeko arriskua zuen edo baita isuri bat gertatzeko arriskua ere. Hori zen komeria.

Egoera kaotikoa ekarri zuen. 

Izugarrizko larritasuna sortu zuen. Oso ordu latzak bizi izan ziren. Benetan ez zekiten zer gerta zitekeen. Jende asko laguntzera etorri zen, jende askok ihes egin zuen. Giroa ere gaiztotu egin zen, esames asko, gezur asko. Adibidez, gure familiak ere ihes egin zuela zabaldu zen, udaleko jende askok ere ihes egin zutela. Gezur eta irain asko izan ziren tartean.

Geltoki inguruan bizi den jendea, San Esteban auzokoak, ebakuatu egin zituzten. Ez naiz oso ondo gogoratzen baina uste dut batzuk Orendaingo Eskolapioetako etxera eraman zituztela, gaua pasatzera. Autobusak etorri ziren, militarrak kamioiekin... Orain urrutitik begiratuta, amerikar pelikula baten gidoia ematen du. Kontu apokaliptiko horietako bat. Eta benetan horrela zen baina ez du ematen zure herrian horrelako gauza bat gerta litekeenik. Pelikula bat egiteko gidoi aproposa izan liteke.

Hain zuzen ere, gertaerak berak kutsu zinematografikoa duela azpimarratu duzu, eta eleberriak ere badu kutsu hori.

Bai. Eleberri honek forma honen aurretik izan ditu, beste bizpahiru forma; gidoi moduan, antzerki moduan... Ez nuen asmatzen zer-nola egin nezakeen liburua. Azkenean nobela hau izan liteke gidoi bat. Izan ere, azkenean bi pertsonaien arteko elkarrizketan oinarritzen da, alkatearen eta tren geltokiko ikuskatzailearen artean. Suspenseko nobela bat da, azken batean. Nire kezka izan da irakurlea lotuta izatea, intriga horren bitartez. Badakigu konpondu zela, zorionez dena ondo atera zela. Baina nire liburua ordea ez da kronika periodistikoa, hura oinarri hartuta fikzioa egin dut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!