Bigarren urtez jarraian, auzolanean garbituko dute Oria ibaia

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko mar. 15a, 15:23

Uraren Nazioarteko Eguna baliatuz, Oria ibaia garbitzeko hitzordua izango da larunbatean; Usabalen erakusketa informatiboa jarri dute

Uraren Nazioarteko Eguna izango da datorren martxoaren 22an, eta Tolosako Udalak Oria ibaia garbitzeko deialdia prestatu du, bigarren urtez jarraian, larunbaterako. Iaz, hiru egunean, 10 metro kubiko hondakin atera zituzten ibaitik eta, aurten ere, tolosarrak deitu dituzte Oria garbitzeko auzolanera; 11:00etan egin dute hitzordua, Zerkausi azpian, eta 13:00era bitarte ariko dira.
Patxi Amantegi ingurumen zinegotziak azaldu du, lanaz gain, gozatzeko aukera ere izango dela Oria ibaian: «Ibaiaz gertu-gertutik gozatzeko aukera ere izango dugu, alan nahiz piraguan». Horrela, azpimarratu du «iazkoa oso esperientzia polita» izan zela, eta «talde indartsua» osatu zutela, herriko zenbait eragilerekin. Aurten ere ibaia garbitzen ariko dira, beraz, Tolosaldeko Arraun Kluba, Zumardia elkartea eta arrantzaleak.
Herritarren borondateaz eta eragileenaz gain, Tolosako hiru ikastetxeetako neska-mutilak ere ariko dira ibaiko hondakinak ateratzen, datorren astelehenetik asteazkenera bitarte: «Garbiketak badu ikuspuntu pedagogikoa, oso-oso gertutik ikusten direlako ibaiko zikinkeria eta hondakinak. Iaz 300 gaztetxok parte hartu zuten, eta aurten ere zenbaki horren inguruan ibiliko gara. Ikastetxeen inplikazioa oso ona da, eta ibaiaren garbitzea ikuspuntu hezitzailetik lantzeko aukera ematen digute».
Lau egunez eskuz esku osatuko dituzte ibaiaren garbiketa lanak, baina, aipatzekoa da, Tolosako Udalak 2016an hitzarmena sinatu zuela Ur Agentziarekin: ibaiko hondakin solidoak ateratzearen ardura Tolosako Udalarena da, baina, ibaiaren inguruko landarean moztea nahiz espezie inbaditzaileak kentzea Ur Agentziaren egitekoa da.

Lehorteak saihesteko gakoak

Tolosako Udalarekin eta Ur Agentziarekin batera, Kantauriko Ur Konfederazioko ordezkariek ere parte hartu dute Uraren Nazioarteko Eguneko jardueren aurkezpenean.
Informazio panelen bitartez, erakusketa bat ezarri du Kantauriko Ur Konfederazioak, eta bi hariri heldu diete.
Batetik, Lehorteetarako Plan Bereziei buruzko gakoak eskainiko dizkiete, panelek, herritarrei. Gaur egun, Espainiako Gobernua plan horiei buruzko informazioa zabaltzen ari da, eta baliabideak behar bezala kudeatzea dute helburu, lehorteek ingurumenean, ekonomian eta gizartean izan ditzaketen eraginak saihesteko.
Bigarrenik, erakusketak ibaien emari ekologikoa ere izango du hizpide. Emari ekologikoa parametro bat da, neurtzeko, zenbat ur beharko litzatekeen, gutxienez, ibai batean izaki bizidunak era naturalean bizitzeko.
Patxi Amantegik ohartarazi nahi izan du, «prest eta arduratsu» egon behar duela gizarteak, klima aldaketak ekarriko dituen ondorioen aurrean. Horrela, Usabalgo panelak ikusteko deia ere zabaldu nahi izan du; apirilera bitarte bertan izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!