Obra seinaleetan hizkuntza eskubideak urratu izana egotzi dio, herritar batek, Tolosako Udalari

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko martxoaren 15a

2013-2017ko Euskara Plana nahiz udal jarduera guztietarako irizpideak betearaztea da udalaren egitekoa eta, Euskara saileko arduradunek azpimarratu dutenez, Tolosako Udala ari da, jada, hutsunea konpontzeko lanetan.

Tolosako zenbait gunetan egiten ari diren obretako seinaleztapena salatu du, herritar batek, hainbat argazki plazaratuz: horietan, Tolosako Udalak herritarren hizkuntza eskubideak urratzen dituela argudiatu du.

Besteak beste, Arramelen nahiz Korreo kalean ezarritako obra-seinaleen argazkiak argitaratu ditu, gaitzetsiz, segurtasun eta jakinarazpen oharrak gaztelera hutsean daudela. Bide horretan, Tolosako Udalak euskara ordenantza betearaztea galdegin du. Halaber, zenbait tolosarrek Hizkuntza Eskubideen Behatokiari ere helarazi diote kexa.

Euskara saileko teknikariek jakinarazi dutenez, Tolosako Udalak, ordenantza horrez gain, baditu beste bi tresna ere, euskara udalaren lan eta jardun guztietan erabil dadin: "Plegu, obra baimen eta dokumentu guztietan zeharkako gaia da euskara eta, horrez gain, 2013-2017 Euskara Plana ere badu udalak". Bide horretan, Euskara saileko kideek azaldu dute, irizpide horiei jarraipena egitea dela udalaren egitekoa, egiaztatuz, obra horietako paisaia nahiz piktogramak egokiak direla: "Egia da, kasu honetan, udalak ez dituela irizpideak erabat betearazi".

Hala ere, Tolosako Euskara sailak azaldu du "Tolosako Udala urratsak ematen" ari dela, eta "emango dituela", berriro horrelakorik gerta ez dadin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!