Garaipenaren bidera itzuli, eta berriro ere lidertza TAKErentzat

Ataria 2018ko martxoaren 14a

Hernaniren aurkako porrota alde batera utzi eta Redline Mekanika TAKEk sailkapen nagusiko lehen postua berreskuratu du azken sailkatua mendean hartu ondoren.

Batzuetan porrot batek kolokan jar ditzake barneratutako taktika eta jokaldiak; dudak sortu, alegia. Hirugarren sailkatuaren kantxan merezimendu osoz galdu zuen TAKEk duela bi aste. "Hobeak izan ziren, eta hori onartu besterik ez dugu", aitortu zuen Yon Gonzalez entrenatzaileak.

Baina porrota ahaztu, eta orain arteko bide beretik jarraituz, erraz irabazi du TAKEk asteburuan, Valle de Egues, azken sailkatuaren aurka. Hasieratik puskatu zuten lehia, eta markagailuan tarte zabala izan zuten. Alderik handiena 70-23koan izan zen. Gerora, kanpoko taldeak emaitza zertxobait txukuntzea lortu zuen, eta 86-41 izan zen azken emaitza.

"Garaipenak konfiantza eta indarra eman dizkigu. Garrantzitsua zen guretzat partida ona jokatzea eta zer egiteko gai garen erakustea. Nolabait, Hernaniren aurkako porrotak aktibatu egin du taldea", azaldu du Gonzalezek. Hori bakarrik ez, sailkapen nagusiko lehen postua ere berreskuratu du talde tolosarrak, Hernaniren ezusteko porrotaren ostean.

Zortzi neurketa falta dira denboraldia amaitzeko, eta asteburu garrantzitsuenetako baten aurrean da orain TAKE. Bi neurketa jokatuko ditu. Bata, larunbatean, Iruñean Ardoiren aurka. Bestea, astelehenean, Iraurgiren aurka, Usabalen 20:00etan.

Garaipenak pilatzen jarraitzearen garrantziaz mintzo da Gonzalez: "Bi neurketak irabaziz gero goian dauden taldeek irabazteko presioa egingo dute, eta azken 6 neurketetan gure esku izango dugu igoera lortzea". Urruti ikusten zena, gertuago dago orain.

Pos.   Taldea Puntuak JP IP BP GP EA AT KT 
1    REDLINE MEKANIKA TAKE 31   18   13   0   5   0   1312  1142 
2    SAN CERNIN BNC 31   18   13   0   5   0   1330  1291 
3    HERNANI TECNUN SD 30   18   12   0   6   0   1300  1184 
4    ATLETICO SAN SEBASTIAN 30   18   12   0   6   0   1396  1234 
5    TABIRAKO BAQUE 30   18   12   0   6   0   1342  1146 
6    GOIERRI, K.E. 29   18   11   0   7   0   1374  1307 
7    GETXO S.B. 28   18   10   0   8   0   1432  1320 
8    UNIVERSIDAD DEUSTO LOIOLA IND. 28   18   10   0   8   0   1274  1251 
9    AVIA ZIZUR ARDOI 26   18   8   0   10   0   1195  1250 
10    ARRI BKL 26   18   8   0   10   0   1297  1337 
11    DISDIRA BITXITEGIA ISB 26   18   8   0   10   0   1205  1238 
12    CAFES AITONA ASKATUAK 23   18   5   0   13   0   1097  1287 
13    UNAMUNO 21   18   3   0   15   0   1183  1337 
14    CB VALLE DE EGÜES 19   18   1   0   17   0   973   1386

Neskek ere garaipen erraza lortu zuten Astigarragako Mundarroren aurka. 40-75 gailendu ziren, eta sailkapen nagusiko seigarren postuan dira. Larunbatean, Oiarsoren aurka jokatuko dute, Usabalen 14:00etan.

Pos.   Taldea Puntuak JP IP BP GP EA AT KT 
1    BERA BERA GROS 33   17   16   0   1   0   881   548  
2    ANTIGUA-LUBERRI K.E. 29   16   13   0   3   0   919   646  
3    OSTADAR S.K.T. 29   16   13   0   3   0   931   721  
4    GRUPO EME OIARSO SKT 27   17   10   0   7   0   740   671  
5    ATLETICO SAN SEBASTIAN 26   16   10   0   6   0   850   714  
6    TAKE - ARALAR KIROLAK 25   16   9   0   7   0   828   684  
7    CAFES AITONA ASKATUAK -A- 22   16   6   0   10   0   697   794  
8    AYMA GOIERRI 22   16   6   0   10   0   657   774  
9    ESKORIATZA KE 20   16   4   0   12   0   558   863  
10    ASTIGARRAGAKO MUNDARRO 19   17   2   0   15   0   627   996  
11    STL BILINTX 18   17   1   0   16   0   578   855

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!