Tolosako Braderie eguna: maukak baino askoz ere gehiago

Mikel Iraola 2018ko mar. 12a, 16:47

Larunbatean, Tolosako ia 80 komertzio aterako dira kalera, euren eskaintza berezienak herritarren eskura jartzeko. Herriko saltokien egunaren aitzakian, egun osoko egitaraua antolatu du Tolosa&Co elkarteak.

Maukak ekarriko ditu Tolosara udaberriak. Larunbatean Tolosako komertzioen eguna ospatuko da, Braderie Eguna, alegia, eta dendariek saltokien atarietara aterako dituzte beren produktuak, eskaintza berezienekin. 10:00etatik 20:00etara, etenik gabe, izango da festaz gozatzeko aukera.

Horretarako, eta kaleak girotu nahian, Tolosa&Co merkatari eta ostalari elkarteak hainbat ekintza antolatu ditu. Alondegia puzgarrien parke erraldoi bihurtuko da, eguraldiak laguntzen badu, 10:30etik aurrera. 3 eta 14 urte bitarteko haurrek jolasteko aukera izango dute, 20:00ak arte.

Shopping train delako bat ere izango da, Braderie egunean parte hartu duten saltoki guztiak bisitatzeko aukera eskaintzeko. Herriko hainbat puntutan geldialdiak egingo ditu: San Frantzisko elizaren parean, Herrikide Ikastetxearen parean, Zezen Plazan, Nafarroa Etorbidean, Santa Klaran, Trinkete Plazan eta Musika Eskolan.

Musika ere ez da faltako. Bozgorailuetatik musika jarriko dute egun osoan zehar, eta arratsaldean, 17:30etik 20:00etara Iraunkorrak txaranga ibiliko da kalez kale.

Txikia, maitagarri

Herrian bertan kontsumitzearen garrantzia azaleratu nahian, telazko poltsak sortu ditu Tolosa&Co-k, 'Txikia Izanik, asko maite zaitut' lelopean. "Garrantzia eman nahi diogu herrian bertan erosteari, izan ere, herriari berari laguntzen diogu, eta gainera ezaugarri positiboena balioan jartzen dugu: txikia izanik, gertukoa da, kalitatezko arreta pertsonalizatua bermatzen du", azaldu du Jaione Ormazabal, zuzendaritzako kideak.

Poltsak Tolosa&Co elkarteak larunbateko Braderie festan San Frantzisko pasealekuan izango duen postuan izango dira salgai, 1,50 euroren truke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!