Hasi da Gipuzkoa Encounter

Ataria 2018ko martxoaren 9a

400 ordenagailu, 600 parte hartzaile, 10 gigako abiadura eta jokoak, hitzaldiak eta tailerrak. Eguerdian egin duten atzeranzko kontaketarekin ekin dio Gipuzkoa Encounterrek. Teknologiaren topaketa hamabigarren urtez hartu du Usabal kiroldegiak.

Aurreko urteetako arrakastarekin dator, aurten ere ziztu bizian agortu baitziren topaketaren 600 lekuak, izen ematea zabaldu eta 15 segundora, hain justu. Horiek beteko dituzten parte hartzailei dagokionez, leku askotarikoak dira, gipuzkoarrak gehienak, eta tartean eskualdeko batzuk ere bai. Generoari begiratuta, berriz, gizonezkoak gailendu dira, beste behin, emakumezkoen aurrean. Eta, adinari begiratuta, gazteak nagusi diren arren, nagusiago batzuk ere ikus daitezke.

Zibersegurtasuna da aurtengoan ardatz izango duten gaia, eta honi buruzko hainbat hitzaldi eta tailer izango dira aukeran. Jokoen munduan bolada boladan dagoena ikusi eta probatzeko aukera ere bai, eta baita, errealitate birtuala zer den gertutik ikusteko modua ere. Hori guztia eta gehiago, igandera bitarte iraungo duen teknologiaren eta informatika munduaren zale direnen Gipuzkoako topaketa handienean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!