Prozesua bera ere arte

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mar. 12a, 20:38

Lau emakumeren lanaren emaitza da apirilaren 7ra arte, Aranburu jauregian ikusi daitekeena. Again Aurrez Aurre Agian erakusketak Jone Loizaga, Sahatsa Jauregi eta Marion Cruz sortzaileak batu ditu, eta Leire San Martinek egin ditu komisario lanak.

Azken honek egin zien erakusketan parte hartzeko gonbita eta aurretik egindako lan batzuetatik abiatu badira ere, espazioarekin berarekiko eta beste sortzaileen lanekiko elkarrekintzak, lanak Tolosarako moldatzera eraman ditu.

Aranburu jauregian Marion Cruzen bideoak, Sahatsa Jauregiren eskultura txikiak eta Jone Loizagaren grabatuak bildu dituzte erakustokiaren azken bi aretoetan. Eta lanei eurei baino, prozesuari eman nahi izan diote garrantzia. «Egia esan gaia ez zaigu horrenbeste interesatzen, ez dugu gaia zuzenki landu. Horrek ez du esan nahi ideia, jarrera eta lan egiteko moduetan ideia feministak azaltzen ez direnik. Prozesua jarraitzeko moduan ere antzematen da: gure helburua ez da bat, bakarra, eta ondorioz, lan egiteko modua eta egoteko modua aldarrikatu ditugu, horri lotuta daude gure lanak», esan du Sahatsa Jauregik. Eta Marion Cruzek gehitu du «hori ere bada emakumeon ezaugarri bat». Hau da, «prozesu guztian egon den zaintza, gure lan egiteko modua, izaten ari garen elkarlana...  prozesu guztian elkarrekin egoten saiatu gara. Eta espazioguztia ere ez dugu okupatu nahi izan, modu orekatuan eta horizontalean egin dugu lan, ez gara helburuari itsuan begira jarri», nabarmendu du.

Hori ere nabaria baita Again Aurrez Aurre Agian erakusketan; Aranburu jauregiko azken bi aretoak hartu dituzte bakarrik. «Espazioaren potentziala baliatzen saiatu gara, erakusketa bat bada ere eszenaratze bat, eta hori zaindu dugu», esan du Cruzek.

Dokumentatze lana

Lan egiteko moduak nabarmendu dituzte etengabe, ez bakarrik une oro elkarrekin aritu direlako, erakusketaren hiru adarrak lotuz, baita dokumentatze lanean sinesten dutelako ere. «Lanean hasi ginenean konturatu ginen lan egiteko oso modu antzekoa dugula, batetik, artxiboaren kontuarengatik, dokumentatze lan handia egiten dugu hirurok, gure lan egiteko modua da. Katalogoa ere horregatik atera da, gure lanean dokumentatze lana beti dago presente. Jonek beti egiten du artxibo lan handia; erakusleihoei, monumentuei, eskulturei, objektuei... argazkiak ateratzen dizkie. Nik ere eskulturen kasuan artxibo edo dokumentatze lan hori egiten dut eta baita Marionek ere, bideoekin edo aurkitzen dituen argazkiekin egiten du lan asko. Material hori guztia lan prozesuan oso garrantzitsua da, lanaren zati bat da eta bada pieza bat ere», esan du Jauregik.

Erakusketak beraz, hiru diziplina batzen ditu. Batetik, Jone Loizagaren grabatuak daude eta esan bezala, horiek proiektu berria ez bada ere, Aranburu jauregirako berrikusi egin du. «Nire proiektuak arlo teorikoago bat du eta duela bi urte sortu zen. Monumentu frankisten inguruan hasi nintzen lanean eta jasan dituzten erasoen inguruko lana abiarazi nuen. Artxibo handi bat osatzen hasi nintzen, Urte Askotako izeneko artxiboa, eta Eusko Jaurlaritzak ere diru laguntza bat eman zigun hori garatzeko, argazkiak ateratzeko eta abar. 400 bat objektu atera genituen urte batean, Estatu osoan mugitzen, eta hortik ateratako materialarekin hasi nintzen lanean, Bilbo Arteko espazioaren barruan, kolaborazio beka bat jaso ondoren», azaldu du.

Monumentu frankistek jasandako eraso horiek grabatuekin lotu zituen bilbotarrak. Izan ere, grabatu bat egiteak ere badu erasotik: «Eraso horiek sortzen dituzten aztarnak eta izaten dituzten eraginak interesatzen zaizkit besteak beste, grabatuak ere badituelako antzekotasunak. Grabatu edo kobrezko xafla batean eragiteko azidotan sartu behar duzu, eta hori ere eraso bat bezala hartzen da. Interesatzen zitzaidana hori zen, materialaren eta aspektu formalaren arteko harreman hori».

Grabatu eta serigrafia horien neurria ere ez du kasualitatez aukeratu. Loizagak azaldu duenez lanak muntatzerako garaian aukera du monumentu horietara gerturatzeko. «Harri blokeak balira bezala muntatzen ditut eta horrek muntatze desberdinak egiteko aukera ematen dit. Modu formalean egin dut lan, baina denbora guztian erabili ditut argazkietan dauden erreferentzia horiek guztiak. Independenteak dira eta ideia berriak sortzen joaten naiz, espazio bakoitzean modu batera edo bestera elkartuz. Aranburun BilboArten erakutsitako pieza batzuk daude, baina berriak sortzen ere aritu naiz. Ideia da Sahatsaren eta Marionen lanak ikusi ondoren erlazioa sortzea, bai espazioarekin eta baita euren lanekin ere. Muntaketa guztia bertan egin nuen eta beraiek ere horrela aritu ziren. Guztia elkartzen aritu gara, modu formal batean, baina atzetik beste irakurketa batekin», nabarmendu du.

Sahatsa Jauregi da erakusketaren beste sortzaileetako bat. Berak ere aurretik egindako erakusketa batetik abiatu zen. «Eskultura txiki batzuk ekarri ditut, garaikur txiki batzuk dira. 2014 eta 2016 urteen artean egin nituen, eta jatorrian enkargu bat zen: Giza Eskubideen Zinemaldirako eta txirrindulari proba baterako enkargatu zizkidaten. Aurkitutako edo erositako objektuekin egiten nuen lan, baina formatu txiki horretan lanean hasi nintzen horregatik, enkargutik abiatuta. Teknika bat eraiki nezakeela eta lan egiteko trebetasun berezirik behar ez zela ikusi nuen, baina aukera ematen zidala eraikitzeko. Kontzeptuekin egiten dut lan, eta lan oso plastiko eta intuitiboa da. Garrantzia asko ematen diet objektuei, esanahiei, esanahi horiek konbinatzerakoan zer gertatzen den ikusi nahi dut... bai modu plastiko batean bisualki eragin dezakeen inpaktu bati begira eta baita esanahiari begira ere, noski, hau da, objektu bakoitzaren atzean zer dagoen horri. Objektu batzuk, nahiz eta ikusleak ez duen zertan jakin behar, zama afektiboa dute».

Bilboko galeria batean erakutsi zituen lanak eta Tolosako aukera zenbait gauza «txukuntzeko» baliatu nahi izan du. «Aranburu jauregirako moldaketak egin ditut. Alde batetik, eskulturak daude eta, bestetik, idulki garaikide moduko bat. Erakusketa honek idulkia birpentsatzeko aukera eman dit». Eskulturak erakusteko tabernetan edariak gordetzeko erabiltzen diren kutxak erabili ditu eta hori ere ez da kasualitatea. «Kutxekin lan egitea erabaki dut eskulturak bezalaxe kalean topatutako zerbait direlako, merkea delako... eta aukera asko ematen dizkidalako. Oraingo honetan, Bilbon ez bezala, eskulturak eta idulkia sentsibilitate berarekin osatu ditut. Harreman bat sortu nahi izan dut bien artean».

Marion Cruzen bideo lanak dira erakusketaren beste adarra. Tolosara beste asmo batekin iritsi bazen ere, azkenean Aranburu jauregian bertan eta inguruetan irudiak hartu eta horiekin lan egitea erabaki zuen.

«Jauregia bisitatu genuenean erakusketa antolatzeko eta, erakusketa guneak bi zati zituela ikusi genuen: zabalkundea izango litzatekeena (erakusketa dagoen tokia) eta zati zaharra. Zati zaharrak jakin-mina piztu zidan, beharbada erakusgela bat baino, etxebizitza baten antza zuelako edo. Horregatik erabaki nuen gune zaharrari arreta jarri eta bideoa ere egiten dudanez, horretan aritzea erabaki nuen. Leihoak, paretak... hortik abiatu nintzen, baina azkenean ni neu espazioan grabatzen bukatu nuen. Irudiak ni neu bertan nengoela nabarmentzea nahi nuen, eta espazioan gora eta behera agertzen naiz behin eta berriz, abiapuntua atzean utziz, ia ahaztuz».

Abiapuntua garbi zuela esan du, baina hortik aurrera inprobisatzen joan zela gehitu du. «Ingurua ere hartu nuen; ibaia, atzean dagoen parkea... Banuen materiala eta lanak hona ekartzeko, baina Tolosan bertan aritu nahi nuen. Ideia hiruron lanak elkar elikatzea izan da».

Erakusketara gerturatzean eskuratu daitekeen katalogo mamitsua ere elkarlan horri lotuta dagoela nabarmendu dute hiru sortzaileek. «Katalogoan lan egiteko moduak adierazi nahi genituen, gure lan egiteko modua nolakoa den, alegia. Dena batu dugu, modu naturalean, eta lanak josi ditugu nolabait».

Again Aurrez Aurre Agian erakusketa apirilaren 7ra arte ikusi daiteke Tolosako Aranburu jauregian 17:30etik 20:30era, igande, astelehen eta jai egunetan izan ezik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!