Geratu ezinak dakarrena

Iñigo Terradillos 2018ko mar. 11a, 10:57

Bakardadea, sufrimendua, ateak ixtea, zuloan egotea eta gizartearen bizkar sentitzea dira pairatzen dutenen artean gehien errepikatzen diren hitzak. Kasurik okerrenean heriotza eragitera ere iristen da, eta ez maila apalean, heriotzen %10 gaixotasun horren ondorio dela erakusten baitute datuek. Eta 20 urtetik 39ra bitartekoetan %25era igotzen da kopurua. Ez gaude, beraz, bigarren mailako edo lehentasunik ezarri behar ez zaion arazo baten aurrean.

Onartua dutenek argi dute gaixotasun bat dela, alkoholaren esklabo eta lehendabiziko tragoaren gatibu direla, eta kronikoa dela. Alegia, alkoholari aurre eginez bizitzen ikasi behar dutela.

Alkoholiko Anonimoentzat alkoholarekiko borroka egunerokoa da. Euren oinarrietako bat da 24 orduko plana deiturikoa. Ez dute esaten inoiz edango ez dutenik, euren buruari jarritako erronka epe luzerakoa ez, baizik eta 24 ordukoa izaten da. Borroka irmoa eta eraginkorra, 25 urte bete dituen Alkoholiko Anonimoen Tolosako Uzturre taldeko kideek baieztatzen dutenez.

Elkartearen beste oinarrietako bat da anonimotasuna. Konfiantzazko giroa sortzeko funtsezkotzat dute, klandestinitate moduan baino, diskrezioarekin lotzen dute eta gizartearen aurrean alkoholiko bezala identifikatua ez izateko babesa ematen diela diote, bereziki iritsi berriei. Anonimotasunaren pean kontatu dute euren lekukotza Uzturre elkarteko Luziak eta Peiok.

Taldearen hasiera ederki gogoratzen du Luziak, bera sorreraren parte izan baitzen: «Talde bakarra zegoen, eta herri handia denez talde berri batekin hastea pentsatu genuen. Beste taldeetako kideek asko lagundu ziguten hasiera hartan. 3-4 kide hasi ginen bileretara etortzen, eta pixkana indarra hartuz joan da, 25 urtera iritsi arte».

Astean bitan elkartzen dira Uzturre elkarteko kideak Corpus Christiren lokalean, eta hilean behin bilera irekia egiten dute herritar orori irekia. Egun 22 herritar inguru batzen dira bileretan. Peio da horietako bat. Alkoholiko Anonimoen beste talde batetik etorri zen: «Zauden taldean gustura egotea oso garrantzitsua da, eta Uzturre taldean hori lortu dut». Tolosaldekoak dira denak, eta adin askotarikoak. Garai batean baino gazte gehiago joaten dira orain, Luziak zehazten duenez, «baina, gehiago kostatzen zaie bertan geratzea, lehendabiziko trago hori ekiditea oso gogor egiten baitzaie».

Etxean bezala edo hobe sentitzen dela taldean dio Peiok. Alkoholak ate guztiak itxi zizkiola gogoratzen du, eta horrekin batera, bakarrik geratu zen: «Aurrerantzean ez zarela bakarrik egongo esaten dizute taldera etortzen hasten zarenean. Horrek indarra ematen dizu, eta leku egokian zaudela konturatzen zara». Luziarentzat bigarren familia da Uzturre taldea: «Odoleko familiak baino gehiago ulertzen gaituzte taldekideek. Maitasun giroa dago, eta taldekide batek arazoren bat duenean guztiok saiatzen gara babesa ematen». Beraiena bezalako gaixotasun baten aurrean beharrezkoa dela diote aldamenean jende asko laguntzeko prest duzula sentitzea. «Baina, ahaztu gabe norberari dagokiola borroka handiena egitea».

Bizitzako arlo guztietan bezala, hemen ere, oso garrantzitsua da bestearen paperean egotea edo jartzea arazoa ondo ulertzeko. Peiok dioenez, bide antzekoetatik eman dituzte pausoak elkarteko kideek: «Gehienok zapata berdinekin ibili gara, gorabeherak izan ditugu, edateari utzi eta berriro erori gara, eta horregatik elkar ulertzea errazagoa da». Kalean, berriz, ez dira ulertuak sentitzen: «Jende askok pentsatzen du 'bizioa' dugula, baina, ez ez da horrela», dio. Luziak, berriz, argi du, gaixotasun hau bizitu ez duenarentzat ulertzen oso zaila dela. Ez hori bakarrik, gizartearentzat «zerbait itsusia» bezala etiketatua dago. Eta emakume izanik, are gehiago: «Oso gutxik ulertzen dute gure gaixotasuna, eta emakumeak pairatzen duenean, gutxiagok. Edandako emakume bat okerrago ikusia dago, eta edanda dagoen gizon bat, berriz, barregarri egiten da, onartuago dago».

Lehendabiziko tragoa jotzen dute euren arazoaren iturburu, eta hori ekidinez gero ez dutela arazorik diote. «Pixka bat edaten hasten gara, eta kontua da ez dakigula geratzen. Hori da gure arazo handiena», dio Peiok. Baina, zergatik gertatzen da hori? «Gaixotasuna delako», erantzuten du Luziak. Eta, zergatik hasten da bat edaten? Izan ere, bizitzaren gorabeheren eraginez, une txar baten ondorioz hasten dela edaten pentsatzen du jende askok. «Horrela izanda ere, behin alkoholean erorita, alkoholiko gara bizi osorako, nahiz eta bizitzan une hobeak etorri», dio Luziak. «Ezin dugu gure burua engainatu une txarren aitzakian. Hasiz gero ezin dugu gelditu, eta horregatik, gure irtenbide bakarra alkohola ez probatzea da».

Peiorentzat ez zen une txarrik egon edaten hasteko: «Gustatu egiten zitzaidan edatea». Luziaren kasuan, «autoestimua altxatzea» lortzen zuen alkoholarekin: «Konplexu pila bat nituen eta falta zitzaidan pertsonalitatea ematea bilatzen nuen. Trago pare bat edan, horrelako zera bat ematen zidan, eta gehiago nintzenaren ustea nuen. Ezin duzula dominatu konturatzen zaren arte».

Bada, hortxe dago, hain juxtu, gaixotasun hori gainditzen hasteko lehendabiziko pausoa, ohartzea eta onartzea. Eta, noiz konturatzen dira alkoholak gainditu dituela? Luziak azaltzen duenez, ingurukoak, familiakoak konturatzen dira lehenbizi: «Gauzak okertzen hasten dira, arazoak dituzu familiakoekin, lantokian... eta orduan, erdi konturatzen hasten zarenean, edari leunagoetara pasatzen zara. Garagardoarekin egiten duzu proba, baina, guztiak huts egiten du, eta alkoholari ezin diozula ihes egin konturatzen zara».

Peiok gehitzen duenez, berriro erorita norbera zuloan sentitzeak ere balio izaten du arazoa duzula konturatu eta alkoholaren aurkako borrokari ekiteko: «Bakoitzak bere unea izaten du alkohola uzteko, eta hori berriro erortzearen ondotik etor daiteke, orduan ikusten baitizkiozu adarrak deabruari». Bera ere hainbatetan erori zen alkoholean, baita urteak edan gabe igaro eta gero ere, baina, azken horretatik ez du probatu gehiago.

Onartzea ezinbestekoa da, beraz, zulotik irteteko, baina, hortik aurrerakoa, aldapaz beteriko bidea da: «Behin edateari utzi diozunean zailena eustea da. Denbora bat edan gabe igaro ostean hobeto zaudela pentsatuz, gainditua duzula pentsatuz, pixka bat edanagatik ez zaizula ezer gertatuko uste duzu, baina berriro probatu dugun guztietan berriro ere zuloan erori gara», dio Peiok. Horregatik dute hain garrantzitsutzat, taldean hasi eta jarraitzea. «Taldean egon eta gero, beste animo batekin irteten gara, eta gainera, edan gabe jarraitzeko indarrak hartuta».

Gizartearen pisua

Gizarteak eta ohituta gauden bizimoduak ere ez dute gehiegi laguntzen alkoholarengandik urruntzen, edozein otordu, ospakizun edo festa baita edateko motibo. «Txikitatik mahai gainean ikusi duzun zerbait da, oso normaltzat dugun zerbait, eta horrek ez du batere laguntzen, baina, gure arazoa da ez dakigula edaten», dio Peiok. Agerian, eta esku-eskura dagoen zerbait da. Baina, aldatuko al luke zerbait alkoholaren gainean neurri bereziak jartzeak? Ez dute argi zein neurri hartu beharko liratekeen. «Agian, diru asko dago tartean», dio Luziak. Argi dutena da pertsona bakoitza kasu desberdina dela. «Batzuk etxetik alkohol guztia erretiratzen dute, nire kasuan ez. Izan ere, etxean ez edukita ere, kalera irtetean edozein lekutan duzu, tabernetan, dendetan...». Peiok, berriz, Luziaren bidetik, ezkutuago egotean ez du irtenbidea ikusten: «Nire kasuan okerrago litzateke. Alkoholik ez probatzeko intentzioarekin irteten nintzen etxetik, baina, gero ezin izaten nion eutsi, eta alkohola beti topatzen duzu, usaimen ikaragarria dugu alkohola aurkitzeko. Beraz, nahiz eta dendetan-eta hain erraz ez topatu, era batera edo bestera aurkituko dugu».

Gaixotasun honekiko gizartearen ezjakintasuna ere traba izan daiteke alkohola euren bizitzatik kendu nahi dutenentzat. «Uzten ari zarenean, eta denbora bat edan gabe igarota, jendeak ez du ulertzen ezin dugula probatu, eta kalterik egingo ez digunaren ustetan tragoa eskaintzen dizu».

Lehen unea, gogorrena

Bestalde, zailena edan gabe mantentzea da, baina, gogorrena lehen uneak direla diote. «Gero eta urte gehiago edan gabe orduan eta gutxiago erakartzen zaitu. Alkohola probatu gabe denbora gutxi daramazunean, hura ikusiz gero erakarri egiten zaitu, baina, gaur egun guri ez. Antsietate hori galtzen zoaz. Lehen alkoholaren esklabo ginen, orain, berriz, zaintzearen esklabo gara», dio Peiok.

Luziak egunero-egunero landu beharreko arazoa dela gogoratzen du: «Denborarekin alkoholarekiko obsesioa eta beharra galtzen dituzu, eta errazago eramaten duzu, baina, hau betirako da». Denborarekin, gainera, alkoholak eragin dien kaltea argiago ikusten dute: «Alkoholak ez duela ezertarako balio konturatzen zara. Niri behintzat kalte besterik ez dit egin. Eta, zerbait eman badit, disgustu handiak izan dira», dio Luziak.

Sufrimendu eta kalte hori norberari ez ezik, ingurukoei ere hedatzen zaie. Uzturre taldeko kideek diotenez, alkoholiko bakoitzeko inguruko bost gaixotzen dira. «Nahiz eta gaixotasuna izan, eta nahiz eta nahita ez erori alkoholean, eragiten ari garen minaren errudun sentitzen gara. Bai behintzat lehendabiziko uneetan. Denborarekin jabetzen gara ez dela gure errua», azaltzen du Luziak. Alkoholiko Anonimoen taldeak dauden moduan, alkoholiko diren senide eta lagunei laguntzeko elkarteak ere badira egun, terapien bitartez jasan dutena edo jasaten ari direna gainditzen laguntzeko. Laguntzeko beste modu bat alkohola uzteko borrokan ari zarela erakustea dela uste du Peiok: «Barkamena eskatzea baino hobea da erakustea alkoholaren eraginez egin dituzula okerrak, eta uzten ari zarela ikustaraztea. Hori erakusten zoazen heinean joango dira ateak ere ostera zabaltzen».

Taldearen lana

Luziarentzat eta Peiorentzat bizitzan egin duten gauzarik onena izan da alkohola uztea. Eta, horretan Alkoholiko Anonimoen taldeak lagundu diela ez dute zalantzarik. «Ez da alkohola uztea bakarrik, bizitzen ikasi behar dugu, ahal dugun ondoen gainera, infernu bat bizitu baitugu alkoholaren erruz». Baina, bileretara joatea ez da norberaren onerako soilik. Taldeak lagundu dien moduan, taldeko kideei laguntzeko beharra sentitzen dute.

Taldearen egitekoa ez da mugatzen euren lokalean izaten dituzten bileretara. Tarteka ikastetxeetan-eta hitzaldiak ematen dituzte, gazteei alkoholarekin izan duten harremana kontatzeko: «Alkoholak gugan izan dituen ondorioak azaltzen dizkiegu; gazteek esaten digute asteburuetan soilik edaten dutela, baina, kontua da, horrela hasten dela astean zehar edaten. Pixkana-pixkana joaten zara egun gehiagotan edatera. Konturatu gabe egiten duzu, alkoholismoaren arazoa ez baituzu ezagutzen», dio Peiok. Ikastetxez ikastetxe egiten duten lana interesgarria iruditzen zaie, baina, ez dela nahikoa uste dute. «Sakontasunez» landu beharko litzatekeela iruditzen zaie: «Medikuen papera ere garrantzitsua da, alkoholaren eragina izaten ari dela pertsona bat sumatzen dutenean, gibelean, adibidez, eta horretaz ohartaraziz».

Gaztetxoen jarrerak kezkatzen ditu, baina, gehien, eta zer edo zer egin beharko litzatekeela diote. «14-15 urteko gaztetxoak botiltzarra eginez, mozkortuz-eta ikusten dituzu, eta oso tristea da. Ez dakit zer, baina zerbait egin beharko litzateke», dio Luziak. «Guraso eta seme-alaben arteko hartu-emanak lantzea eta elkarri gauzak kontatzea garrantzitsua izan daiteke».

Izan ere, beraiek sufritu dutena ez dute nahi beste inork sufritzerik. Horregatik, arazo baten aurrean sentitzen denari Uzturre taldeko ateak irekita daudela gogorarazi nahi diote: «Proba egitera animatuko nuke jendea, hemen ez baitugu inor behartzen. Guk gustu handiz eta laguntzeko prest hartuko ditugu», dio Luziak. Peiok, berriz, taldearen eragina ere nabarmentzen du: «Gure bileraren batera etortzen denetik, pertsona horrek ez du berdin edango. Kantitatez agian bai, baina, beldur handiagoarekin edango du, entzun dituelako alkoholikoen lekukotzak eta alkoholaren eraginak. Eragin handia du».

Taldera joateko pausoa ematea ez dela erraza badakite Uzturreko kideek, horregatik, lasaitasun mezua ere zabaltzen dute: «Hona etortzen hasten garenean beldur handia izaten dugu jendeak jakin egingo duelako gure arazoa. Anonimotasuna ondo zaintzen dugu, barruan esaten dena barruan geratzen da. Zalantzaz dagoen jendeari esango nioke lasai etortzeko; guk nola lagundu zitzaigun azalduko diogu, eta prest gaude lagundu zitzaigun bezala, beharra duenari laguntzeko. Hori da irtenbide bakarra gure ustez».

Barruko min horiek taldeko kideekin partekatzeak duen garrantzia ere azpimarratzen du Luziak: «Etxean kontatzen ez ditugun kontuak esaten ditugu askotan taldean. Min handia ematen duten gogoetak izaten direlako. Min ematen diguten pentsamendu, gertaera horiek taldean esaten ditugu, partekatu eta lasaiago eta pozik itzultzen gara etxera».

Lagun ugari eta irakaspen asko eman dizkiela Alkoholiko Anonimoek diote. «Indartsu» daude, eta ez dute edateko beharrik ezta gogorik sentitzen. «Gaixotasun zaila da, ateratzen zaila, eta eusten zaila. Baina, posible da. Gu atera bagara, edonor atera daiteke».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!