Tolosako ikasleek zuhaitzak landatu dituzte Elosegi parkean

Ataria 2018ko martxoaren 7a

Samaniego Ikastetxeko 5. mailako 66 ikaslek landatu dituzte zuhaitzak eta zuhaixkak.

Urtero, txandatuz joaten dira ikastetxeak. Orain dela hiru urte Santa Lutzian egindako landaketa Samaniegoko ikasleek egin zuten; duela bikoa, Usabal industria gunean, Laskoraineko ikasleei egokitu zitzaien; iaz, Elosegi parkean bertan, Herrikideko ikasleak izan dira protagonistak. Aurtengoan, berriz, Samaniego Ikastetxeko 5. mailako ikasleek izan dute ardura hori.

Guztira, 66 ikaslek hartu dute parte, Tolosako Ingurumen Zentroko eta Goroldi taldeko adituen laguntzarekin. Gingko, Cotoneaster Eicholz eta Rosa tequila zuhaitzak eta zuhaixkak landatu dituzte Elosegi parkean. Aurrez, lanketa bat egin dute, zuhaitz hauek ingurumenean sortzen dituzten onurak aztertuz.

Elosegi parkea, zabaltzear

San Esteban auzoan kokatzen da Elosegi parkea. Finkak 26.720 m2 ditu, inguru aldapatsua da, eta harresi batez inguratua dago. Goitik, atzetik, Montezkue auzora doan bidea pasatzen da. Garai batean trenbidearen gainean zegoen pasabide batetik sartzen zen parkera. Zedro, altzifre, haritz, pago eta ezki baso bat da, muxar, saguzar eta hainbat anfibio eta intsekturen babeslekua.

Parkean zehar hildako zuhaitzen enborrak ere topatu daitezke. Nahita utzita daude, parkeari hiri basoaren itxura emateaz gain, oso ekosistema garrantzitsua baitira (onddoak, deskonposatzaileak, animalien gordelekua...). Tolosako hirian bertan dagoen biodibertsitate gune garrantzitsua da oso, udalaren esanetan.

Hain zuzen, berreskuratzeko bidean, Elosegiko behatokia eraberrituko du aurten Tolosako Udalak. Behin lanak gauzatuta, parkeko ateak zabalduko dira.

Argazkiak: Tolosako Udala

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!