Zumeta tabernak ateak itxiko ditu, larunbatean, 71 urteren ondoren

Mikel Iraola 2018ko mar. 8a, 09:18

71 urtez lapikoak bor-borka izan dira Zumeta tabernan. Larunbatean azken aldiz zabalduko ditu ateak Agintari kaleko jatetxe ezagunak, eta herritar eta lagunen omenaldia jasoko dute.

1948. urtean hartu zuten jatetxearen ardura Gregorio Olasagasti eta Maria Irigoien nafarrek, eta harrez geroztik, sukaldaritza tradizionalaren gotorleku izan da Xumeta. Aurrez, animalien geraleku edota ardo biltegi ere izan zen. Eta jatetxea zabalik zela, bertan artatzen zuen jendea garaiko petrikilloak.

Hargatik edo besteagatik, ezaguna izan da Zumeta; taberna kuttuna beste askorentzat. Azken 71 urteotan, etxeko sukaldaritzaren ikur bilakatu da Tolosan. Ohikoak izan dira, besteak beste, tripakiak, txerri hankak, mingaina edo pikatxa. Baita angulak ere.

Gregorio eta Mariaren alaba Anak hartu zuen, gerora, jatetxearen ardura, Arraitzen laguntzarekin. Bertan hazi eta hezi izan da, eta amarengandik ikasitakoari eutsi izan dio, lanaren lanaz. "Sakrifizio askoko lana" izan dela dio: "Ordu asko dira. Eltzekariak jartzeko, adibidez, goizean goiz hasi behar da lanean. Ni 09:00etarako hasi izan naiz sukaldatzen. Lapikoak borborka ikustea gustatu izan zait, hori baita etxean ezagutu dudan sukaldaritza eredua. Tripakiak ere neronik garbitu eta egosi izan ditut. Jendeak hori asko estimatu izan du, baina noski, hori guztia lan handia da".

Sukaldaritza eredu hori galtzen ari dela dio Anak: "Sukaldaritza tradizionala, guretzat 'etxekoa' izan den hori, galduz doa pixkanaka. Gaur egun, ez da ohikoa gazte jendea tripakiak edo pikatxa jaten ikustea. Orain aukera gehiago dago eta ohiturak aldatu dira: ogitartekoak, plater konbinatuak, pintxoak...".

Zumetaz hitz eginda, ezin Joxe aipatu gabe utzi, Anaren anaia. Joxe oso ezaguna zen herrian, realzale eta tolosazale amorratua zen. Txirrindularitza ere oso gustuko zuen. Bere ametsetako bat bete zuen 1967an, Bartali txirrindulari ezaguna jatetxean bazkaltzera ekarri zuenean, Tolosako Bartali Taldeak gonbidatuta.

Olasagasti-Irigoiendarren azkena da Ana, eta erretiroa hartuko du larunbatean. Hori dela eta, betiko itxiko ditu ateak Zumeta tabernak. Lagunek omenaldia prestatu dute larunbaterako. 13:00etan izango da, Zumeta Jatetxearen aurrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!