Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen 'Borobilean' Tolosan

Ataria 2018ko mar. 6a, 16:53

Bonbereneak antolatuta BOROBILEAN ikuskizunaren bi saio eskainiko dituzte Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, larunbatean, Leidor Aretoan.

Pailazoek bi saio eskainiko dituzte Leidor Aretoan: 16:00etan eta 18:30ean. Sarrerak salgai daude dagoeneko –Atarikideen artean ere sarrera pare bat zozketatuko da–. Bi saioak bideoz grabatuko dituzte, eta ondoren DVD formatuan argitaratuko dituzte. Etekinak, berriz, Arabako Trebiñuko konterrian dagoen Argantzon Ikastolarentzat izango dira.

Hain zuzen, 2018ko Araba Euskaraz bertan ospatuko da, oraindik Gaztela-Leongo administraziopean kokatua dagoen Argantzunen. 2001 eta 2007ko edizioen ondoren, hirugarren aldiz ospatuko da festa Argantzunen, ekainaren 17an, Irrikitan lelopean.

2003an sortu zuten ikastola, eta ez du ibilbide erreza izan. 14 urte hauetan Ikastola erreferente bilakatu da inguruko herrietako familia euskaltzaleentzat, eta ikasle kopuruarekin arazorik izan ez badute ere, ofizialki Burgosen kokaturik dagoen lurraldean egoteak zailtasun handiak eragiten dizkie.

Urtetan familia askoren eskaerari jarraituz, ikastola handitzeari heldu diote, Haur Hezkuntza eskaintzeaz harago, Lehen Hezkuntza ere eskaintzeko. Hala ere, LH-ko haurrak hartuko dituen eraikina Trebiñuko lurraldetik kanpo kokatzera behartuta daude. Hain zuzen ere, 2018ko edizioan lortuko duten dirua, Lehen Hezkuntzako eraikina ordaintzen laguntzeko bideratuko da.

Ospakizuna izateaz gain, aldarrikapen eguna izatea ere nahi dute: "Alde batetik, Euskara eta euskaltzaleen eskubideak errespeta daitezen nahi dute, eta bestetik, haien egunerokotasunean modu lazgarrian eragiten dien Trebiñuko konterriaren aferaren konponbidearen aldeko aldarria plazaratu nahi dute. Lurraldearen egoerak zuzen-zuzenean kaltetzen ditu, Euskara kaltetzen du, eta Trebiñu-Argantzun Euskararen Herria ere badela ozen azaldu nahi dute", azaldu du Katxiporretak.

Hain zuzen, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, Bonbereneako gazteekin batera bideoklipa grabatu zuten gaztetxean bertan, Argantzon Ikastolaren alde.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!