Labaka eta Aranguren nagusi, Miguel Soroako finalean

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko mar. 3a, 20:50

22-14 irabazi diete Zubizarreta eta Garmendiari; lehia bizian jardun dute partida osoan. 

Gustura utzi dute ikusleek, Beotibar pilotalekua. Miguel Soroa txapelketako finalaren aitzakian, ehunka pilotazale bertaratu dira frontoira, eta hiru norgehiagokaz gozatzeko aukera izan dute. Txapeletan txapelena, elite mailakoa, Labaka eta Arangurenek osatutako bikote urdinak irabazi du, markagailuan zortzi tantoko koska aterata. 

Partida azkarra eta tanto ederrez josia osatu dute lau pilotariek, eta urdinek norgehiagoka ia osoan irabazteko aukera gehiago izan dituzten arren, gorriek estutu dute bikote irabazlea. Hainbat tantotan lurrean amaitu dute pilotariek eta, publikoak, kontrara, zutik, ikuskizuna txalotzeko. 

"Pilotazaleentzako luxua" dela, hala zioten zenbait zalek, azken finalari begira zeuden bitartean. "Sei euroko sarrera ordaindu, eta horrelako lehiaz gozatzea sekulakoa" dela; "lehen mailako partidetan bezainbeste gozatzen" ari zirela; "gazte horiek artista hutsak" direla. Bikain biribildu da, beraz, Miguel Soroa txapelketa. Ikusleak gustura, eta pilotariak ere bai; bai, behintzat, garaipena eskuratu dutenak. 

Jaialdia emakumeek hasi dute, erakustaldi partidarekin. Lau t' erdian aritu dira Etxaniz eta Mendizabal, eta lehenak irabazi du norgehiagoka, 22-9ko emaitza lortuz. 

Bigarren saioan promesa gizonezkoak aritu dira, binaka. Mata-Cuairan bikoteak 6 tanto egin ditu, eta Agirreamalloak eta Elizegik eskuratu dute txapela.  

Sari banaketa ekitaldian Izagirre, Imaz eta Isasti omendu ditu antolakuntzak, urtetan pilotaren alde egindako lanagatik. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!