M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2018

"Bada nahikoa arrazoi, martxoaren 8ko grebara batzeko"

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko mar. 3a, 13:57

Joan den larunbatean egin bezala, gaur ere informazio gunea ezarri dute eskualdeko emakumeek, M8-ko grebaren nondik norakoak herritarrei azaltzeko; gizonei begirako esku-orriak ere banatu dituzte gaur.

Astebete baino gutxiago falta da, mundu erdiari planto egiteko eskatu dion deialdia iristeko. Tolosaldean, asteak daramatzate greba feminista gorpuzten, eta gaur informazio puntua jarri dute Tolosan, joan den astean egin bezala.

Silvana Ostizak azaldu du, "oso harrera ona" jasotzen ari direla, bai joan den astean, bai gaur: "Egia esan, espero baino hobea izaten ari da jendearen harrera, eta ikusten ari gara informazioa zabaltzen ari dela; emakumeek badutela greba deialdiaren berri. Eta, guztia hor geratuko balitz ere, aurrerapausoa litzateke, hori baita mugimendu feministaren egitekoa: informazioa zabaldu eta kontzientziak piztea".

Emakumeok planto! deialdia, dena den, ez da kontzientzia piztaile hutsean geratuko: "Bada nahikoa arrazoi, martxoaren 8an emakumeok grebara batzeko, eta uste dut emakume garen ia guztiok pentsatzen dugula hori".

Horrela, joan den larunbatean emakumeek deialdira batzeko moduak azaldu zizkieten bezala, gaur gizonei begirako esku-orriak ere banatu dituzte Tolosan, M8-an zein jarrera har lezaketen argitzeko.

Behin informazioa banatuta, datorren asteartean eskulan tailerra (18:30) eta azken batzarra (19:30) egingo dituzte Tolosako kultur etxean, greba egunaren aurretik. Martxoaren 8an, berriz, hiru deialdik josiko dute eguna, Tolosan eta Tolosaldean. 10:30ean kotxe karabana irtengo da Tolosako Usabal kiroldegitik, eta eskualdea zeharkatuko dute. 12:00etan, berriz, Tolosaldeko emakumeentzat deialdi nagusia izango da,Tolosako Trianguloa plazan elkarretaratzeko. Azkenik, 19:00etan, greba eguna aisialdiarekin uztartuko dute, Zerkausian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!