Teknologia berriak bizitzarako eskola bilakatu nahi ditu, Kultura Digitalaren Asteak

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko mar. 2a, 13:36

Asteazkenera bitarte, teknologia berriak eta hezkuntza uztartzeko guneak hartuko du Tolosako Trianguloa plaza; Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, Tolosako Udalak eta Tolosako ikastetxeek ere parte hartu dute proiektuan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak baliabide digitalak neurriz erabili eta hezkuntzarako baliatzeko jarduera sorta antolatu du, herriz herri. Tolosan egin dute lehen geldialdia, datorren asteazkenera bitarte, eta beste lau herritara ere iritsiko da, aste digitalaren autobusa.

Kultura digital@: erabilera ona eta sorkuntza izenburua hartu du proiektuak, eta aldundiak aurrez gazte leku nahiz haur-txokoetan martxan jarritako ideiak garatu ditu, herrialdean barrena formakuntza hori eskaintzeko. Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendariak azaldu du, kultura digitalak interesa pizten duela gazteen artean. Eta, jakinmin horri tiraz, aisia hezkuntzarako baliabide bilakatu nahi izan dute: "Haur eta gazteen gaitasun digitalak garatuz, haien gizarteratzean aurrera egitea eta garapen soziokulturala ahalbidetzea da gure nahia". Horrela, aldundiko gazteria zuzendariak fokua jarri du, besteak beste, gazteen burujabetzan, askatasunean, enpatian, izpiritu kritikoan, estereotipoak puskatzean eta ahalduntzean.

Kultura Digitalaren Asteak kode hizkuntzaren garrantzia ere txertatu nahi izan du belaunaldi berrien artean, "epe laburrean halabeharrez menperatu beharko baitute". Ordea, Goizane Alvarezek azaldu du hiru zailtasun nagusi izan dituztela, hezkuntza digital hori gizarte osoak jaso, eta aukera berdintasuna bermatzeko.

Batetik, lurraldearen hedadura izan da traba, eta Irizarrek utzitako autobusak konpondu die arazoa: Tolosaz gain, aste digitala Ordizian, Eibarren, Errenterian eta Arrasaten ere izango da. Bigarrenik, Gipuzkoako familien egoera sozioekonomikoari ere begiratu nahi izan diote: "Formakuntza digitalak kostu bat izaten du, eta familia eta herritar guztiek ez dute aukera bera, belaunaldi berriak esparru horretan hezteko. Horregatik, ez dugu inor baztertu nahi izan eta, aste digitaleko eskaintzaz harago, zenbait beka ere eskaini ditugu".

Azkenik, genero arrakala gainditzeko lanean dihardute. Horretarako tresna bat izango da, aste digitaleko egitarauan txertatu duten estereotipoen tailerra, baina, horrez gain, aldundiak aurre egin nahi dio, teknologia berrien esparruko jardueretan, neska-mutilen parte hartze ratioen arteko desberdintasunari: "Askoz ere mutil gehiago bertaratzen ziren ikastaro eta tailerretara, eta joan den udan ahalegin berezia egin genuen, hori aldatu zedin. Parekatzea lortu genuen", azaldu du Alvarezek. 

Tresna digitalak eta belaunaldien talka

Gaur egun gaztetxo eta nerabe diren herritarra teknologia berriekin hazi dira; berez ikasi dute tresna horiekin bizitzen. Horrek areagotu egiten du, sarri, belaunaldien arteko talka naturala, eta aldundiaren proposamenak eragin nahi du horretan ere.

Modu horretan, tresna digitalen arriskuei begira jarri dira, gaia familiekin eta gaztetxoekin lantzeko. Egoera kudeatzen irakatsiko diete gurasoei, gazteak ez daitezen mundutik isolatu, eta ezagutu ditzaten zein diren sarean nabigatzeko mugak.

Horren harira, Tolosako Udalak belaunaldi arteko trukeari jarri dio azpimarra, Patxi Amantegi alkateordearen eskutik: "Teknologia abiadura bizian doa, eta gu erabat konektatuta gaude. Horregatik, hor dago gure apustua: formakuntza eskaini nahi dugu, gizartearen ongizatean pausoak emateko, eta belaunaldien arteko trukearekin jarraitzeko".

Aipatzekoa da, Tolosako ikastetxeek ere parte hartu dutela Kultura Digitalaren Asteko egitaraua gorpuzteko prozesuan eta, besteak beste, ziberbullyng-ari buruzko hitzaldia eskainiko dute, asteartean, Maite Garaigordobil eta Eli Moreno psikologoek.

Proiektuari buruzko informazio xehatua eskainiko du, foru aldundiak, kulturadigitala.eus atarian.

 

Martxoaren 2a, ostirala

AUTOBUSA
17:00-20:00. Autobusa ikusteko aukera eta erabilera librerako izen-emateak.

STANDA
18:00-20:00. DJ DZ & Gatxet Scratch egiteko aukera egongo da. 

ARETOA
19:00-20:30. 18-30 urte bitartekoentzat. Storytelling: ikasi bideo erakargarriak egiten. Filmatu: Alvaro Andoin. Zientzia Sozialetan eta Informazioan lizentziatua

Martxoaren 3a, larunbata

ARETOA
Tailerra. Familientzat: gurasoak eta 7-12 urte bitarteko haurrak (haur bakoitzeko heldu bat gehienez).
10:00. STEAM generoa eta teknologia.
11:30.  Bilboko Deustuko Unibertsitatea. Ingenieritza Fakultatea.

Tailerra / 12-17 urte.
12:00. Sare sozialak: hackeatzerik bai?
13:30. Bilboko Deustuko Unibertsitatea. Ingeniaritza Fakultatea.

AUTOBUSA
17:00. Smartphoneak eta tabletak erabiltzeko ikastaroa (seniorrak).
20:00. Scratch ezagutu (10 - 12 urte). Bideo-jokoak sortu (12-14 urte) eta webgunean sortu (14-15urte).

Martxoaren 4a, igandea

AUTOBUSA
10:00. Scratch ezagutu (10-12 urte).
13:00. Bideo-jokoak sortu (12-14 urte). Webguneak sortu (14-16 urte).

Martxoaren 5a, astelehena

AUTOBUSA
10:00. Code.org (6-8 urte).
11:00. Scratch ezagutu 2 (9-10 urte).
12:00. Bideo-jokoak sortu (11-12 urte).
17:00. Scratch ezagutu (10-12 urte).
20:00. Bideo-jokoak sortu (12-14 urte) eta webguneak sortu (14-16 urte).

ARETOA (profesionalentzat eta gurasoentzat)
19:00. Erotika 2.0.
20:30. Emaize Sexologia Zentroa.

Martxoaren 6a, asteartea

AUTOBUSA
10:00. Code.org (6-8 urte).
11:00. Scratch ezagutu 2 (9-10 urte).
12:00. Bideo-jokoak sortu (11-12 urte).
17:00. Scratch ezagutu (10-12 urte).
20:00. Bideo-jokoak sortu (12-14 urte) eta webguneak sortu (14-16 urte).

ARETOAN
19:00. Ziberbullyng-a prebenitzeko eta murrizteko esku-hartze programa. Maite Garaigordobil (EHUko psikologia fakultateko irakaslea).

Martxoaren 7a, asteazkena

AUTOBUSA

10:00. Code.org (6-8 urte).
11:00. Scratch ezagutu 2 (9-10 urte).
12:00. Bideo-jokoak sortu (11-12 urte).
17:00. Scratch ezagutu (10-12 urte).
20:00. Bideo-jokoak sortu (12-14 urte) eta webguneak sortu (14-16 urte).

ARETOA
Tailerra (18-30 urte)
19:00. Lan pilaketa digitala. Zer ote?
20:30. TaPuntu komunikazio taldea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!